Zirkulu mortuak desertuan

Angolako hegoaldetik hasi eta, Namibia osoa zeharkatuz, Hego Afrikaraino hedatzen dira; 2.400 km luze eta 160 km zabal den eremuan, desertuaren erdian. 2-12 metroko diametroa duten belarrez inguratutako zirkulu mortuak dira. Sortu, hazi eta desagertu egiten dira, 30-60 urteko ziklotan.

Lur erradioaktiboak, lur-azpitik datozen gasak, landare pozoitsuek utzitako proteina toxikoak... hainbat hipotesi aztertu dituzte zientzialariek azken urteetan zirkulu horien jatorriaren bila. Baina oraindik ez dago argi. 2013ko martxoan Hamburgoko Unibertsitateko Norbert Juergens ikertzaileak eman zuen azalpen sendoena, Science aldizkarian argitaratutako lan batean. Haren arabera, litekeena da termitak izatea errudunak. Juergensek aztertutako zirkulu ia denetan aurkitu zituen Psammotermes allocerus espezieko termitak. Landareen sustraiez elikatzen dira termita horiek, eta, Juergensen ustez, horrek eragiten ditu zirkuluak. Gainera, landareak desagertzean soilguneetan euri-ura ez da transpirazioz galtzen landareen bidez, eta hondar-azpian gelditzen da. Ur horri esker bizi dira termitak eta hazten dira zirkuluaren inguruko belarrak. Hala, zirkuluak termiten ingeniaritza-lan bikainak dira Juergensen ustez.

Denak ez daude ados, ordea, Juergensekin; korrelazioa eta kausalitatea nahastu omen ditu. Eta kausa beste bat delakoan daude beste batzuk: PLOS ONE aldizkarian berriki argitaratu duten beste ikerketa batean ordenagailu bidezko simulazio batekin erakutsi dute landareen arteko lehia izan litekeela zirkulu bitxi horiek agertzearen eta desagertzearen arrazoia.

Zirkulu mortuak 194
Egilea: N. Juergens
Zirkulu mortuak 267
Egilea: N. Juergens
Zirkulu mortuak 344
Egilea: N. Juergens
Zirkulu mortuak 467
Egilea: N. Juergens
Zirkulu mortuak 534
Egilea: jthetzel/CC
Zirkulu mortuak 654
Egilea: N. Juergens
Zirkulu mortuak 773
Egilea: jthetzel/CC
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila