Zientzia irudikatzearen erronka

Zientzia begietatik sartzea lortzen duten lanak saritzen ditu urtero Science aldizkariak eta NSFk antolatzen duten International Science & Engineering Visualization Challenge lehiaketak. Aurten hainbat euskarritan egindako 18 lan saritu dituzte. Argazkien eta ilustrazioen kategoriako saridunak dituzue hemen.

Argazkietan 1. saria
Egilea: Vicente I. Fernandez, Orr H. Shapiro, Melissa S. Garren, Assaf Vardi eta Roman Stocker/MIT

Argazkietan 1. saria

Koralek sortzen dituzten ur-zurrunbilo ikusezinak ikus daitezke argazki honetan. Pocillopora damicormis koralaren bi polipok (arrosaz) beren zilioekin eragindako ur-mugimendua ikusi ahal izateko, uretako partikulen mugimendua bideoz grabatu zuten, eta kolorea emanez irudi bakarrean jaso mugimendu guztia. Mugimendu horri esker lortzen dute polipoek elikagaiak erakartzea eta hondakinak kanporatzea.

Argazkietan aipamen berezia
Egilea: Stephen Francis Lowry/Steve Lowry Photography

Argazkietan aipamen berezia

Izar hauek ileak dira, Deutzia scabra landarearen hostoetako ileak. Hosto latzak ditu D. scabrak; hain zuzen ere, zurgin japoniar batzuek lixa fin bezala erabiltzen dituzte. Argi polarizatuko mikroskopioaren laguntzaz, eta kaltzio sulfatozko kristal batetik argia iragaziz (XIX. mendeko teknika), landarearen ezkutuko edertasuna erakustea lortu du argazkilariak

Ilustrazioetan 1. saria
Egilea: Greg Dunn, Brian Edwards (Greg Dunn Design)/Marty Saggese (SfN)/Tracy Bale (UPenn)/ Rick Huganir (Johns Hopkins University)

Ilustrazioetan 1. saria

Neurozientzietan doktorea eta arte asiarraren zale amorratua da da Greg Dunn, eta bere bi pasioak elkartu ditu lan honetan. Garuneko kortexeko neuronak irudikatu ditu, urrea, aluminioa eta beste hainbat material erabiliz. Neuronak margotzeko haize zorrotaden bidez zabaldu zituen pigmentuak mihisean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila