Zelatan egoten da, isilik; orduak eta orduak. Eta gustukoa du hori Inhar David Lopez Garciak (Bera, 1992): “Hainbeste estimuluko garai hauetan, niretzat sakratua da itxaroten egotea”. Aitortzen du kondizio klimatikoak atseginak ez direnean gogorra izaten dela, baina, gainerakoan, “faunaren argazkilaritzatik ia gehien gustatzen zaidana horixe da: horrek ematen dizun kontzientzia-puntu hori”.
Informatikaria da, ofizioz. Hizkuntza-teknologien arloan lan egiten du astean zehar. Asteburuetan, berriz, furgoneta eta kamera hartu, eta animalien bila ateratzen da.
Duela urte pare bat piztu zitzaion argazkilaritzarako grina. Zinemazalea da; eta konturatu zen zinema-zuzendari asko (europarrak, batez ere) une batera iristen direla, non haurtzarora itzultzen baitira, kontzienteki. “Eta nire haurtzaroko oroitzapen politenetakoak dira telebistako dokumentaletan animaliak ikusten”, dio Lopezek. “Pentsatu nuen agian zerbait egin nezakeela horrekin”. Eta kamera bat erosi zuen.
Handik hilabete batzuetara, Irlandako uharte batean zegoen, itsas hegaztien kolonia baten erdian. “Ehunka zangaz inguratuta nengoen. Eta hor emozionatu egin nintzen, pentsatuz nola hilabete gutxi batzuetan nengoen puntu horretan, telebistaz ikusten eta miresten nuen eta ukiezina zirudien horretan”.
Argazkilaritzaz ez zekien ezer. “Oso pasiozko zerbait izan zen. Liburu asko irakurri nituen, milaka bideo ikusi, eta ezagutu nituen lagun pare bat asko lagundu didatenak: Lluc Semis katalana eta Egoitz Ikaza bilbotarra. Bi horiekin asko ikasi dut, ez bakarrik teknika aldetik, baita niretzat oso garrantzitsua den beste alderdi batean ere: faunaren argazkilaritza modu etiko batean egitea”.
“Adibidez, habia bat baldin badago, agian hori ez da lekurik onena argazkiak ateratzeko”. Oso kontuan du animaliak sentiberak direla. “Niretzat garrantzitsua da argazkilaria hor ez egotea”.