Boliviako goi-lautadan, Andeetan, 3.650 m-ko altitudean dago Uyuni, 12.000 km 2 -ko gatzezko desertua, munduko handiena. Duela 40.000 urte laku handi bat zegoen leku honetan, eta laku haren ura lurrundutakoan sortu zen gatz-lautada ikusgarri hau.
Gatz-geruzak 120 m-ko sakonera du; guztira 10 mila milioi tona gatz duela kalkulatzen da. Gatz hori ustiatu egiten da: urtero 25.000 bat tona gatz ateratzen dira, eta, gatzaz gain, baita boro, potasio, magnesio eta litio ugari ere. Hain zuzen ere munduko litio-erreserba handienetako bat da Uyuni.
Turistentzat ere jomuga desiragarria da desertu zuri hau. Boliviako puntu bisitatuenetako bat da; urtean 60.000 bisita jasotzen ditu. Azaroa inguruan joaten da turista gehien, izan ere, garai horretako euriek ur-geruza fin batez estalita uzten dute gatz-lautadaren zati handi bat. Itxura magikoa hartzen du orduan. Gainera, sasoi horretan hiru flamenko-espezieren ugalketa-leku ere bihurtzen da lautada. Bestalde, ikusgarriak dira gatz-lautadaren erdian dagoen Isla del Pescado uharteko kaktus erraldoiak, 10 metrorainokoak.