Mundu honetako txoko ikusgarri askok uharte-forma dute. Ikusgarriak dira hainbat uhartetan barneratuta ikus daitezkeen paisaia, flora eta fauna. Baina, kasu honetan, goitik begiratu diegu, espaziotik. Eta ikuspuntu horretatik ere ikusgarriak izan daitezke uharteak.
Indiako Ozeanoan, 26 atoloitan banatutako 1.192 uharte dira Maldivak. Asiako herrialderik txikiena da, bai azaleraz, eta baita populazioz ere (300 km2 eta 396.000 biztanle). Eta munduko altuera txikieneko herrialdea ere bada: batez beste 1,4 metro ditu, eta punturik altuenean 2,3 m.
Errusian, Japoniaren eta Kamtxatka penintsularen arteko Kuril uharteetan dago Onekotan. Duela 9.000 urte uhartearen hegoaldeko sumendiak eztanda egin zuenean sortutako galdara urez bete zen, eta galdara haren erdian bigarren kono bolkaniko bat sortu zen gero. Hortaz, uhartearen barruan beste uharte bat dago, eta han dago uharte osoko punturik altuena: 1.325 m.
Bahametako 29 uharteetako bat da Eleuthera; luzea eta mehea. 128 km luze da (argazkian hegoaldeko muturra bakarrik ikusten da), eta puntu batzuetan kilometro eta erdi inguruko zabalera baino ez du. Uhartearen mendebaldera, urpeko dunek paisaia ikusgarria osatzen dute. Koral-arrezifeetatik higatutako kaltzio karbonatoa itsaslasterren eraginez pilatuta sortu dira.
Ekialdeko Siberiako Itsasoan, De Long artxipelagoko uharte iparrekoena da Henrietta. Sei kilometro inguruko diametroa du, eta azaleraren % 40 glaziarrez estalita dago.
Txileko Juan Fernandez artxipelagoan dago uharte txiki hau. 48 m2 baino ez dituen arren, 1.650 m-ko altuera du; laino-geruzan eragiteko nahikoa. Uhartea oztopo bat da haizeak mugitzen dituen lainoentzat, eta, uhartearen inguruan mugimendu hori mantsotzearen ondorioz, zurrunbiloak eratzen dira uhartearen bi aldeetan.