Tenerife uhartean, itsasotik 3.718 m altxatzen da Teide sumendia. Itsaso azpira berriz, 7.000 metrotik gora ditu. Hala, munduko hirugarren sumendi handiena da, Hawaiiko Mauna Loa eta Mauna Kearen atzetik. Guantxeek, aborigen kanariarrek, Etxeide deitzen zioten, eta haientzat gaizkiaren indarren etxea zen.
1954tik parke nazionala da Teide; gaur egun, Europako bisitatuenetako bat. Hamaika paisaia biltzen ditu bere baitan: errauts beltz edo gorri artean hazten diren pinudiak, zuhaixka loredunez estalitako mendi-hegalak, ilargikoak diruditen gune arrokatsu lehorrak, basalto beltz distiratsuzko zelaiak, lainozko itsasoak, laba-mihiak, herdoildutako harri-pilak, eta, denaren erdian, Teideren gailurra zorrotz, bere silueta nahastezinarekin.
Sistema bolkaniko heldu baten prozesu geologikoen erakustoki bikaina da parkea. Eta landaredia aberatsa eta berezia du; 168 espezieetatik 58 endemikoak dira. Horien artean daude tajinaste gorria (Echium wildpretii) eta 2.400m-tik gora hazten den Teideko bioleta (Viola cheiranthyfolia). Bestalde, faunari dagokionez, aipatzekoa da parkeko pinudietan bizi den txonta urdina (Fringilla teydea).
Fringilla teidea