Inoiz ikusiko zenituen landare-hostoetan puntutxo arre edo gorrixka batzuk. Haizeak ekarritako espora batekin hasten da guztia. Landarearen azalean itsasten da espora, eta onddo berri baten istorioa hasten da. Landarearen azala zulatu, eta ehun bigunagoetan barneratzea izango du lehenengo lana. Gero, han biziko da, landare ostalariaren barruan, haren zeluletatik elikagaiak lapurtuz. Eta hamar bat egunen buruan aterako da kanpora, sumendi baten gisan, istorio bera errepikatzeko prest dauden esporak haizatzeko. Laster egongo dira landare ostalaria eta haren ondokoak sumendiz beteta.
Edozein herdoilen istorioa izan zitekeen; baina, kasu honetan, sojaren herdoilarena da, Phakopsora pachyrhizi onddoarena. Soja-sailetan kalte handiak eragiten ditu, klima heze eta leunetan batez ere. Txinatarra da jatorriz, baina handik Afrikara pasatu, eta Hego Amerika osoan zabaldu zen gero. Estatu Batuetara ere iritsi zen, 2004an; Ivan urakana izan omen zuen garraiobide.
Baina badirudi kontrako haizeak datozkiola onddoari: onddoarentzat ezinezko izango diren soja-landareak, genetikoki eraldatuak, aurki izango omen dira merkatuan...