Ozeanotetako biztanle ezezagunak

2000. urtean hasi zen, eta 2010ean bukatu. Hamar urtez lanean aritu dira mundu osoko ia 3.000 zientzialari, erronka bat betetzeko: Itsasoko Biziaren Errolda egitea. Ozeanoko bizidunen dibertsitatearen, banaketaren eta ugaritasunaren aurrekaririk gabeko argazkia. Polotik polora, tropiko beroetan barrena, kostaldeko harkaitzetatik hondorik sakonenetara, mikrobioetatik baleetara.

Proiektu erraldoia izan da, eta halakoak dira datuak ere. Jaso dituzten milioika laginetatik 1.200 espezie berri deskribatu dituzte, eta deskribatzeke beste 5.000tik gora dituztela jotzen dute. Espezieen banaketa geografikoa jasotzen duen OBIS datu-basean 6,5 milioi behaketa berri sartu dituzte. Eta, hamar urte hauetan, 2.600 artikulu zientifiko argitaratu dituzte.

Ikusi dute itsasoko biomasaren % 90 mikroorganismoek osatzen dutela. Hondar gramo bakarrean 5.000-19.000 bakterio-mota daudela kalkulatu dute, eta, ur litro batean, 38.000. Bestalde, ezagutzen ditugun espezieen % 20 krustazeoak dira; % 17, moluskuak, eta % 12, arrainak.

Orain lehen baino gehixeago ezagutzen dugu urpeko mundu ezezagun hori. Baina ezagutzeko falta zaigunaz ere eman dute daturik: esaterako, ozeanoen bolumenaren % 20ri buruz ez dago datu bakar bat ere.

Suzko sifonoforoa
Egilea: Kevin Raskoff

Suzko sifonoforoa

2005ean aurkitu zuten Marrus orthocanna ikusgarria. Gainerako sifonoforoak bezala (besteak beste, Physalia physalis karabela portugaldarra), hainbat alez osatutako kolonia bat da.

Txibia-zizarea
Egilea: Laurence Madin, Woods Hole Oceanographic Institution

Txibia-zizarea

Ikertzaile filipinarrek eta estatubatuarrek Borneoren ekialdean 10 zentimetroko zizare (poliketo) hau aurkitu zutenean, berehala konturatu ziren zerbait ezberdina aurkitu zutela. Txibia-zizare deitu zioten, burualdean dituen garroei erreparatuta. Berriki eman diote Teuthidodrilus samae izen ofiziala.

Begirada bat
Egilea: Gary Cranitch-Queensland Museum

Begirada bat

Queensland Museoko ikertzaile bat argiztatutako akuario bat aztertzen, Lizard Island arrezifean.

Hondoetako marmoka
Egilea: Kevin Raskoff

Hondoetako marmoka

Crossota norvegica marmoka Artikoko ur sakonetan bildu zuten, urpeko robot (ROV) batekin.

Fantasia arrosa
Egilea: Laurence Madin, Woods Hole Oceanographic Institution

Fantasia arrosa

Holoturia igerilari hau (Enypniastes sp) fina eta dotorea da, kostaldetako pepino-itxurako ahaideen ondoan. Zelebes itsasoan (Pazifikoaren mendebaldean) aurkitu zuten 2.500 metrora.

Dunbo olagarroa
Egilea: David Shale

Dunbo olagarroa

2009an aurkitu zuten Dunbo olagarroa (Grimpoteuthis sp.), Atlantikoko dortsalean, 1.600 m-ko sakoneran. 2 m-ko eta 6 kg-ko olagarro hegastun bat da. Hain zuzen, Dunboren belarriak diruditen hegats horiekin egiten du igerian.

Yeti karramarroa
Egilea: Ifremer/A.Fifis.

Yeti karramarroa

Aurkitu zutenek izen hori jarri bazioten ere, Himalaiatik oso urrun bizi da karramarro iletsu hau: Pazko uhartearen hegoaldera aurkitu zuten, 2.200 m-ra, tximinia hidrotermalen inguruan. Kiwa hirsuta du izen ofiziala. 15 cm inguru ditu, eta, ustez, itsua da. Antzekorik ezagutzen ez zenez, Kiwidae familia sortu behar izan dute karramarro bitxi hau sailkatzeko.

Txibia banpiroa
Egilea: Kim Reisenbichler, MBARI

Txibia banpiroa

Vampyroteuthis infernalis edo txibia banpiroa, erlikia filogenetiko bat da. Vampyromorphida ordenan bizirik gelditzen den bakarra. Olagarroen eta txibien arteko ezaugarriak ditu, eta 600-900 metroko sakoneran bizi da. Animalia gehienentzat txikiegiak diren oxigeno-mailekin bizitzeko gai da.

Anemona harraparia
Egilea: Ian MacDonald, Florida State University

Anemona harraparia

Mexikoko golkoko anemona honek (Actinoscyphia sp.), landare haragijaleen gisara, tentakuluak itxiz harrapatzen ditu bere harrapakinak.

Kopepodo saiheskorra
Egilea: Jan Michels

Kopepodo saiheskorra

Kopepodo bitxi hau (Ceratonotus steiningeri) Angola inguruan aurkitu zuten lehenengoz, 2006an, 5.400 m-ko sakoneran. Urtebeteren buruan, Atlantikoaren hego-ekialdean eta Pazifikoaren erdialdean ere aurkitu zuten. Milimetro-erdiko animalia honek hain hedadura zabala izateak eta lehenago aurkitu ez izanak harrituta ditu zientzialariak.

Itsas aingerua
Egilea: Kevin Raskoff

Itsas aingerua

Bi hego horiek eman diote aingeru-izena, baina, izatez, Clione limacina maskorrik gabeko barraskiloa da, dilista baten tamainakoa. Espeziea ezaguna zen lehendik ere, baina orain jakin dute bi poloetan bizi direla (beste hainbat espezie bezala).

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila