“Fotomikrografiaren bidez, mundu erabat berri eta eder bat aurki dezakegu, lehenago ikusi gabeko mundu bat —dio Yousef Al Habshi argazkilariak—; ozeanoen gainazalaren azpian zer dagoen aurkitzea bezala da”. Intsektuena da horietako mundu bat, eta, Al Habshirentzat, haien begiak mundu txundigarri horri behatzeko leihoak dira. Metapocyrtus subquadrulifer gurgurioak 11 mm izaten ditu, gehienez. Haren begi konposatuari eta inguruko ezkata distiratsuei ateratako 128 mikrografia elkartuta osatu zuen ondoko argazkia Al Habshik, eta Nikon Small World lehiaketaren 2018ko edizioa irabazi zuen argazki horrekin.
Gurgurioaren begiarenaz gain, beste hainbat argazki ikusgarri ere utzi zituen lehiaketak, eta haietako batzuen aukeraketa duzue hurrengo orrietan.