Irudi koloretsu honek irabazi zuen Nikon Small World mikroskopio-irudien lehiaketaren 2023ko edizioa. Karraskari baten nerbio optikoaren burua da; astrozitoak (horiz), proteina uzkurkorrak (gorriz) eta odol-hodiak (berdez) ageri dira. Sariduna izateaz gain, irudia baliagarria da erretinopatia diabetikoa ikertzeko. Hain zuzen ere, horixe ikertzen dute egileek, Hasannain Qambari-k eta Jayden Dickson-ek, Lions Eye Institutuan (Perth, Australia).
Diabetesa duten bost pertsonatik batek izaten du asaldu hori. Odoleko azukre-maila altuak kalte egiten die begiaren atzeko aldeko odol-hodiei, erretinari alegia. Horrek ikusmen lausoa edo ikusmena erabat galtzea eragin dezake. “Ikusmen-sistema organo konplexua eta oso espezializatua da, eta erretinako zirkulazioko asaldurik txikienak ere eragin suntsitzailea izan dezake ikusmenean”, azaldu zuen Qambarik. “Erretinako mikrozirkulazioaren konplexutasuna erakusteko asmoz parte hartu nuen lehiaketa honetan”.
Irabazleaz gain, beste 85 irudi ere nabarmendu ditu lehiaketako epaimahaiak. Haietako batzuk ekarri ditugu hona.