Kapadozia: harrizko herria

Munduko paisaia ikusgarrienetako bat Turkian dago, Kapadoziako lurralde historikoan. Sakanek, arroilek eta formazio bitxiek kutsu magikoa eta paregabea eman diote Anatoliako erdiguneko eremu honi.

Orain dela 10 milioi urte, sumendien labek eta hautsek tufa izeneko mineralaz estali zuten lautada. Mineral horrek ez ditu ondo jasaten euriaren, tenperatura-aldaketen eta airearen erasoak; horregatik, denborak aurrera egin ahala, naturak eremua moldatu du, eta ibar harrigarriak, kono-formako zutabe arraroak eta deskribatu ezin den paisaia osatu ditu.

Kapadoziako egitura endemiko harrigarrienetarikoak “sorgin-tximiniak” dira. Monolito bolkaniko horiek tobaz osatuta daude beheko partean, eta basaltoz eta andesitaz goialdean. Altuenek eta ikusgarrienek 40 metroko altuera hartzen dute. Baina, babesten dituen txapela galtzen dutenean, desegiten hasten dira. 

Gizakiak ere aprobetxatu ditu lurralde honetako haitzulo eta koba naturalak. Kristauek, hititek eta bizantziarrek monasterio, kapera eta eliza ugari antolatu zituzten arroketan. Ezagunetako bat “Eliza Iluna” da. Argi-gabeziari esker, X. eta XI. mendeetako freskoak beren horretan mantentzen dira.

Baina Kapadozian bizi izan ziren zibilizazioek haitzulo naturalak aprobetxatzea baino askoz gehiago egin zuten; izan ere, beren eskuekin zulatu zuten arroka espazio berriak sortzeko. Tufaz osatutako arrokaren biguntasunari eta moldagarritasunari esker egin ahal izan zuten hori. Horrela, inbaditzaile arabiarretatik ihesi Kapadoziara iritsi ziren lehenengo kristauek 37 bat hiri eraiki zituzten VII. eta VIII. mendeetan. Horietako batzuek 10.000 pertsona hartzeko ahalmena zuten, eta oso labirinto handi bidez komunikatuta zeuden.

kapadozia-6_159.383756767
Egilea: Kobbv/123RF
kapadozia-5_882.487768589
Egilea: www.viajar24h.com
kapadozia-4_764.406580337
Egilea: Alaskan Dude
kapadozia-3_381.02996877
Egilea: © iStockphoto.com/Syagci
kapadozia-2_604.077958426
Egilea: www.viajar24h.com
kapadozia-1_477.66020534
Egilea: www.viajar24h.com

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group