Txinako Sichuan probintziako iparraldean, 72.000 hektarea ditu Jiuzhaigou bailarak. Ur gardeneko aintzira berdez, urdinez eta turkesaz beteta dago bailara: Panden Aintzira, Ispilu Aintzira, Maitagarrien Igerilekua, Bost Koloreko Lakua... Eta aintzirez gain, protagonista dira ur-jauzi ikusgarriak, elurrez estalitako 4.000 metrotik gorako tontorrak eta udazkenak margo gorriz, laranjaz eta horiz janzten diren baso oparoak ere.
Erreserba Naturala da Jiuzhaigou, fauna eta flora oso aberatsa baititu. Besteak beste, 10 ugaztun-espezie eta 140 bat hegaztiren bizilekua da, eta hango banbu-basoetan bizi da panda handia ere; 20 bat baino ez dira gelditzen bailaran.
"Bederatzi herriko bailara" esan nahi du bailararen izenak. Gaur egun, jatorrizko bederatzi herri horietatik, zazpi daude bizirik; guztira 1.000 pertsona inguru bizi dira bailara bera baino are koloretsuagoak diren zazpi herri horietan.