Opistognathidae familiako arrain arrek ahoan inkubatzen dituzte arrautzak. Noizean behin kanpora botatzen dituzte, oxigena daitezen, eta berriz barrura. Itsasoko animalien bitxikerietako bat da. Halako hamaika istorio bildu ditu Ellen Prager itsas biologoak Sex, Drugs and Sea Slime liburuan; ernalketa-estrategiak, defentsa-mekanismoak, forma-aldaketak, kamuflajerako gaitasunak…, dena argazki ederrez lagunduta.
Itsas zaldi pigmeoa da liburuko beste protagonista bat. Arrain bitxi honek zentimetro pare bat baino ez du neurtzen, eta kamuflajean izugarri trebea da. Izan ere, kolorez aldatzeko gaitasuna du: argazki honetan, esaterako, inguruan duen gorgoniaren kolorea hartu du.