Duela 13 urte hasi ginen Elhuyar aldizkarian irudiei eskainitako atalekin. Geroztik, hamaika irudi ikusgarri bildu ditugu atal hauetan; ez soilik ikusgarriak direlako, baita zientzia egiteko modu bat ere badirelako, zientzia azaltzeko eta ulertzeko lagungarri direlako, teknologiaren irismenaren erakusgarri direlako eta ingurumenaren balioa ikusarazten dutelako, besteak beste. Sojaren herdoilaren irudi hau izan zen lehenengoa, eta hona ekarri ditugu urte hauetan argitaratutako beste irudi batzuk. Haizeak ekarritako espora bat landarearen azalean itsasten da, eta onddo berri baten istorioa hasten da. Landarearen azala zulatu, eta, ehun bigunagoetan barneratuta, han biziko da, landarearen zeluletatik elikagaiak lapurtuz. Hamar bat egunen buruan aterako da kanpora, sumendi baten gisan, istorio bera errepikatzeko prest dauden esporak haizatzeko.
Zuhaitzetan gora eginez egin zioten ihes milioika armiarmak 2010ean Pakistanen izandako uholdeei. Herrialde osoaren bosten bat urpean gelditu zen, eta leku batzuetan denbora luzez iraun zuen urak. Armiarmak zuhaitzetan zeuden guneetan, hainbeste urekin espero izatekoa zen baino askoz eltxo gutxiago egon zen, eta, hala, malaria zabaltzeko arriskua txikitu zuten armiarmek.
Heikki Leis argazkilariak lizunekin egindako lana Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedi-koko definizioekin elkartu genuen. Irudi honi “Bonba nuklear” izena jarri genion. Modeloa: Arbi lizundua.
Klasiko bat da astronomian, baina hau “astronomo amateur batek M51ri inoiz ateratako argazkirik ederrenetako bat da”, Astronomy Photographer of the Year 2012ko epaileen esanean.
Japoniako Jigokudani Monkey Park-eko turista batek gertu-gertutik atera nahi zion argazkia makako gazte honi. Bat-batean, tximinoak mugikorra kendu zion eskuetatik, eta putzu termalaren erdira alde egin zuen. Han zegoen Van Oosten, argazki bitxi hau ateratzeko prest. Wildlife Photographer of the Year 2014ko argazki sarituetako bat izan zen.
Desertuaren erdian zirkulu berdeak, Saudi Arabiako Wadi As-Sirhan arroan. Kilometroko diametroa duten soroak dira, lurpeko urari esker sortuak. Ur fosila da, azken glaziazioan bete ziren lurpeko akuiferoetan dagoena. Inork ez daki zenbat dagoen.
Sei urteko ume batek eskua Petri plaka baten gainean jarri eta bi egunez 28 ºC-an inkubatu ondoren, argazki hau atera zuten Raúl Rivas Gonzalezek eta Lorena Celador Lerak. Fotciencia lehiaketaren 13. edizioko irabazleak izan ziren.
Orangutan gaztea erraz doa zuhaitzean kiribildutako pikondo igokarian gora. Behean utzi du basoa. 30 bat metro egin behar ditu, baina badaki goian pikuak aurkituko dituela. Tim Laman biologo eta argazkilariak ere hiru egun pasatu zituen zuhaitzera igo eta jaisten, goian kamerak jartzeko. Wildlife Photographer of the Year lehiaketaren 2016ko edizioko argazki onena izan zen.
Itsas zaldia korronteetan surfean zebilen, orain adar-zati bati helduta, gero alga-zati bati… Baina, marea igotzen hasi zenean, gero eta gai artifizial gehiago agertzen hasi ziren; plastiko-zatiak, batez ere. Alga-zati bat askatu, eta plastiko-zati bati heldu zion itsas zaldiak, eta, gero, kotoi-zotz bati. Helduleku egonkorra topatu zuen.