Airearen eta uraren artean egiten dute hegan, burrunba txikiak sortuz eta dantza bitxiak eginez, aurrez ikasitako koreografiak balira bezala. Mugimendu biziko hego fin eta gardenak dituzte. Orratz-formako gorputz luzea; eta begiak, handiak, oso handiak. Odonatuen ezaugarri deigarriek sarri erakarri izan dute gizakiaren begirada. Ez da gutxiagorako. Gorri, berde, urdin, hori, more… koloreek merezi dute atentzio pixka bat. Hargatik, ikusmiran gelditu gara. Burruntziei eta sorgin-orratzei begira. Odonatuen mundu ezkutua aireratzeko asmoz.
Sekretu txikiak kontatzen hasita, zaharrena kontatu behar lehenbizi: odonatuak Lurra planetako intsektu zaharrenetarikoak dira. Duela 300 milioi urte sortu ziren, Karbonifero garaian. Orduan, egungo burruntzien aurretikoak zirenak bizi ziren: meganisopteroak, 70 cm-ko intsektu erraldoiak. Egun, alabaina, burruntzi handienek 10 cm-ko luzera baino ez dute. Horrek, ordea, ez die erakargarritasunik kendu.
Gaur egun, 6.000 odonatu-espezie ezagutzen dira munduan. Euskal Herrian, 65 bat. Eta horien atzetik, landare artean ezkutatuta, leun eta isilik mugituz, Iñaki Mezquita ibili ohi da argazkiak ateratzen, betiere burruntziekiko eta sorgin-orratzekiko duen errespetua eta begirunea aurretik jarrita. 1988an hasi zen animalia txiki eta eder horiei argazkiak egiten, eta gaur egun, jada, 85.000 argazkiko bilduma ederra du osatua. Iñakiren argazkiek odonatuen biologia, bizimodua, morfologia, dibertsitatea, jokaera eta jarrera erakusten dituzte, kalitate handiko irudien bidez. Ikaragarria da egiten duen lana. Eta hala lortzen du eskuinean ikusten dena bezalako momentuak harrapatzea. Hamalau urtez ibili da Iñaki Gipuzkoan urria den espezie hau portaera horretan harrapatu nahian, estetikoki aseko zuen irudiaren xerka: lorean, ugaltzen eta argi bereziarekin. 2021ean lortu zuen hainbeste desio zuen argazkia.
Euskal Herriko kondairek diote odonatuek egunez ikusten duten guztia deabruari kontatzen diotela gauean. Eta hargatik, agian, leku batzuetan infernuko burruntziak esaten zaie. Izan dadila izan beharrekoa. Horrelako animaliak ekartzen dituen bitartean, ongi etorria infernuko edertasuna!
Txitxi-burruntzi isats-beltza (Orthetrum cancellatum)
Islandiarako bidaia
Migratzen doan heinean burutzen du ugalketa enperadore migratzaileak. Iberiar penintsulan hasten da arrautzak jartzen, udaberrian, eta pixkanaka iparralderantz joaten da, Europako hainbat herrialdetan arrautzak jarriz. Kondizio txarrei aurre egin, eta Islandiaraino iristen da.
Ugalketa-koreografia
Koreografia baten modukoa da odonatuen ugalketa: ederra eta bitxia. Ur-orratz urdinaren kasuan, esaterako, emeak 30 minutu egin ditzake ur azpian, arrautzak landareetan txertatzen (endofitoak dira). Artean, arrak ur azalean itxarongo du. Amaitzean, arra dagoen lekuan bertan aterako da emea ur azpitik.
Tigre armiarma (Argiope bruennichi) eta Mariorratz dotorea (Ischnura elegans)
Heriotzaren zain
Sarean harrapatu du armiarmak. Ez du zer eginik mariorratz dotoreak. Harraparia harrapakin bihurtu da. Ornogabeak ez ezik, hainbat ornodun atzetik izan ohi dituzte odonatuek. Aske direnean, ordea, sorgin-orratzak eta burruntziak ehiztari finak dira.
Gizakiak deabruaren mezularitzat hartu izan baditu ere, ez lieke horren fama txarra jarriko jakingo balu eltxoak, ezpatak, liztorrak… jaten dituztela. Kanibalak ere badira, sarritan sortu berrien gorputz bigun eta zaurgarriak helduen ahoan amiltzen baitira.
Maitasun arantzatsuak
Ugaltzeko, arrak emeari heltzen dio. Sorgin-orratzek, toraxaren hasieratik. Burruntziek, burutik. Tandema osatzean, emeak abdomena kiribilduko du, eta arrarekin elkartuko da. Baina, erne! Gerta daiteke beste arren bat azaltzea eta, argazkian bezala, emea limurtzen saiatzea. Horretarako, burua kitzikatzen dio ahoarekin.
Berehala bereganatuko ez balu ere, izango luke bigarren aukera bat: aurretik beste ar batek emearen gorputzean utzitako esperma kanporatzeko ahalmena dute arrek. Utzitakoaren % 80 kentzera irits daitezke.
Txitxi-burruntzi kopetazuri arra (Orthetrum brunneum)
Mila kolore airean
Sortzean, kolorazio bera izaten dute arrek eta emeek. Helduaroan, ordea, hainbat espezietako arrek kolore biziak hartzen dituzte, arerioen aurrean ikusgarriago bilakatzeko. Txitxi-burruntzi kopetazuriaren arra, esaterako, kolore arrekoa da gaztetan.
Txitxi-burruntzi kopetazuri arra (Orthetrum brunneum)
Urdina heldutan.
Metamorfosia: uretatik airera hegan!
Urpean bizi ohi da odonatuen larba, 7-16 aldiz azala aldatuko duen hegorik gabeko ornogabe txikia. Larbatik imagoa (odonatu hegoduna) sortzeko prozesua, ordea, uraren eta airearen arteko mugan gertatzen da: ur inguruko landareetan. Trumoiak jotzen duenean, sargori denean hasi ohi da metamorfosia. Haizea, alabaina, aurkari dute, sortu berriaren hego edo gorputz bigunetan malformazioak sor baititzake.
Gauez ekiten dio metamorfosi-prozesuari, eta lehen hegaldia, beti, egun argitan. Hegoak astintzen ditu odonatuak, uretatik urruntzeko. Izan ere, gertu izango ditu arerioak, noiz harrapatuko. Hortik aurrera, heltze-prozesua hasiko du, heldutasun sexuala lortu arte iraungo duena.
Imagoak alde egitean, landarean gelditzen da arrastoa. Odonatuaren aurreko bizitza izan denaren azal-formako aztarna.Kakodun txikia (Onychogomphus forcipatus forcipatus)
Zu hobeto ikusteko!
Odonatuen begi handiak omatidio izeneko 30.000 zentzumen-unitatez osatuak daude espezie batzuetan. Goitik, mugimendua hautematen dute hobeto; behetik, formak.
Erreketako tigre-burduntzia (Cordulegaster boltonii)
Hego eder horiek…
Hego gardenak gelaxkaz osatuak daude. Gelaxken egiturek dituzten angeluei esker, odonatuaren hegaldia errazten duten turbulentziak sortzen dira.
Afrikatik Euskal Herrira
70eko hamarkadan hasi ziren azaltzen lehen burruntzi afrikarrak gurean. Klima-aldaketaren eraginez, hainbat espezie berri azaldu dira azken urteetan, irudian “obelisko” forman dagoen afrikar morea tarteko. Jarrera hori hartzen du goitik datozkion eguzki-izpiek gehiegi berotu ez dezaten.