Gordintasunez basati

Besarkada (The embrance)
Egilea: Sergey Gorshkov (Errusia)/Wildlife Photographer of the Year 2020

Besarkada (The embrance)

Siberiako tigreek funtsezko informazioa trukatzen dute zuhaitzen bitartez. Enborretan uzten dituzte bikotekidea behar dutela adierazteko seinaleak, usainak, ileak, gernua eta bestelako jariakinak. Animaliak beren inguruaren parte integral modura hain gordinki erakustea iradokitzailea iruditu zaio Wildlife Photographer of the Year-eko epai-mahaiari, eta aurtengo edizioko irabazle izendatu du Sergey Gorshkov argazkilaria.

Siberiako herri batean pasa zuen Gorshkovek haurtzaroa, eta argazkilaritzan aurkitu zuen naturarekin konprometitzeko modua. Siberiako natura basatiaren aberastasuna argitara ematen aritu da urte luzez, eta hainbat aldiz irabazi du lehiaketa. Ez da lehiaketako argazki iradokitzaile bakarra, ordea. Ondorengo orrietakoak ere badira basatiak bezain ederrak. Batzuk, gordinki mingarriak.

Urdinetik kanpo (Out of the blue)
Egilea: Gabriel Eisenband/Wildlife Photographer of the Year 2020

Urdinetik kanpo (Out of the blue)

Gabriel Eisenband (Kolonbia)
Kolonbian bakarrik aurkitzen dira margariten familiako landare hauek. Andeetako hotz ikaragarriari egokituta daudenez, altitude handietan hazten dira; betiere, elurrak urte osoan estaltzen dituen eremuetatik behera. Hostoetako geruza txuri iletsuari esker irauten dute bizirik, izoztu gabe.

Ehiztari gautarra (Night Hunter)
Egilea: Jonas Classon/Wildlife Photographer of the Year 2020

Ehiztari gautarra (Night Hunter)

Jonas Classon (Suedia)
Erasorako prest harrapatu zuen Classonek hontz gris handi hau. Atzaparra altxatu, eta sagua harrapatzera zihoan, ilargi beteko gau batean. Ehiztari gautarra izanik, bere begi handiek argi eskasaz ikusteko gaitasuna ematen diote, baina, berez, soinuaren bidez aurkitzen ditu harrapakinak. Beste hegazti askok baino entzumen sentikorragoa dute hontzek: soilik soinua erabiliz, elurpean ezkutatutako animaliak aurkitu eta ehizatu ditzake.

Sugea vs. arranoa (Snake Versus Eagle)
Egilea: Sambath Subbaiah/Wildlife Photographer of the Year 2020

Sugea vs. arranoa (Snake Versus Eagle)

Sambath Subbaiah (India)
Metro eta erdiko hego-zabalera duen arranoak arratoi-sugeari eraso egin zionean, Subbaiah argazkilariak pentsatu zuen segundo gutxian amaituko zela borroka. Sugeak, ordea, enbatari eutsi zion. Bere baliabide guztiez baliatuta, arranoaren inguruan kiribildu zen.

Sugeak janari-iturri baliotsua dira Indiako paisaia idor horretan. Atzapar motzeko suge-arranoak sugeak ehizatu, xerratu eta jan egiten ditu. Argazkikoa ez zen pozoitsua, baina suge pozoitsuak ere jangarri ditu gose denean.

Gelatinazko umezaina (Jelly nanny)
Egilea: Songda Cai/Wildlife Photographer of the Year 2020

Gelatinazko umezaina (Jelly nanny)

Songda Cai (Txina)
Arrainak marmoka baten barrutik begiratu zion argazkilariari. Preso sentitu beharrean, arrain gaztea eroso eta lasai zegoen, harraparien erasoetatik babestuta. Ez da bakarra, gutxienez 80 arrain-espezien jotzen dute marmoketara babes bila.

Egunsenti gandordun handia (Great Crested Sunrise)
Egilea: José Luis Ruiz Jiménez/Wildlife Photographer of the Year 2020

Egunsenti gandordun handia (Great Crested Sunrise)

José Luis Ruiz Jiménez (Espainia)
Murgil handien familia baten bizimodua jaso zuen Ruizek argazkian. Gurasoetako baten bizkarrean eroso zeudela, lepoa luzatze hutsarekin, arraina ahotik ahora jaso zuten kumeek, beste gurasoak haientzat ehizatua. Laster utzi beharko dute etxeko erosotasuna.

Txalupa-kolpea (Boat Strike)
Egilea: Francis Pérez/Wildlife Photographer of the Year 2020

Txalupa-kolpea (Boat Strike)

Francis Pérez (Espainia)
Txalupa baten helizeak isatsa moztu zionetik, kalderoi honek ezin izan zuen igeri egin. Marrazoek eraso egin zioten, egoeraz baliatuta. Argazkilariak kalderoiaren min-oihuak entzun zituen, eta inguruan bueltaka babesten zuten senideenak. “Nire ibilbide profesionaleko egunik tristeena izan zen”, dio Pérezek. Itsasontzien gehiegizko abiadura ez arautzearen ondorioak dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila