Lena ibaiaren delta (Errusia) / Sentinel-2
“Sateliteek eskaintzen duten ikuspegi global eta sinoptikoak txunditurik utzi ninduen, orain 20 bat urte”, dio Iban Ameztoy Aramendik (Zarautz, 1980). “Ordutik, teknologia honek eskaintzen dituen aukeren inguruan nabil, gizartearentzako balio erantsia eta eraldatzailea duten prozesuetatik eratortzen den informazioa ekoizten”.
Ingurumen Zientzietan lizentziatua da Ameztoy, eta Teledetekzio eta Informazio Sistema Geografikoetan espezializatua. Hainbat ikerketa-zentrotan aritu da. Esaterako, Doñanako Estazio Biologikoan, hezeguneetako eta Guadalquivir ibaiko uraren uhertasun-dinamikak eta tenperatura-aldaketak aztertu zituen; Irlandan, Corkeko Unibertsitatean, kostaldeko lurren eraldaketak; eta, Vienan, Nazio Batuen egoitzan, munduko hainbat herrialdetako kokaren eta opio-belarraren landaketak detektatzen aritu zen. Egun, Europako Batzordeak Italian duen Ikerketa Zentro Bateratuan dihardu, katastrofe naturalen inguruan, “suteek, uholdeek, lurrikarek eta urakanek munduko edozein txokotan dituzten inpaktuak aztertzen”.
“Azken 10 urteetako aurrerapen teknologikoei esker, inoiz baino begi gehiago ditugu planetari begira”, dio Ameztoyk. “Lurrazala eta ozeanoak aztertzen dituzten satelite optikoek zein radarrek, ekarpen itzela egiten dute; haietatik jaso dezakegun ezagutzak izugarrizko balioa du gizarte gisa ditugun hainbat erronkari erantzuteko, hala nola klima-aldaketaren ondorioak ezagutzeko, gizarteak naturan dituen inpaktuak aztertzeko, ekosistemen kudeaketarako, poluzio atmosferikoa neurtzeko, eta abar”.
Lanaz gain, zaletasuna du satelite bidezko irudigintza. “Sateliteek ateratzen dituzten hainbat irudi oso plastikoak eta estetikoak dira, eta naturak duen nahigabeko edertasun horrek txunditurik uzten nau. Irudi horiek hartu, forma eman, eta edertasun hori plazaratzen saiatzen naiz. Beste batzuetan, kontzientziazio-mezu bat zabaltzea ere izaten da nire helburua”.
Sentinel-2 satelitea erabiltzen du gehien. Europar Batasunaren Copernicus Programan orbitaratu zuten satelite hori. Informazio-zerbitzuak garatzea da programa horren helburuetako bat, eta datuak modu irekian jartzen ditu eskuragai. Beste hainbat satelite ere erabiltzen ditu Ameztoyk; adibidez, Sentinel-1 eta Sentinel-5, Landsat sateliteak, MODIS, GOES eta Himawari-8.
“Sateliteetatik ateratzen ditugun irudiak aurrean ditugun erronkei erantzuteko puzzlearen zati txiki bat besterik ez dira, alderdi estetiko bat badutena, baina, batez ere, planetaren informazio eguneratu eta zabala eskaintzen digutena. Urteko edozein egunetan munduko edozein txokotan egoteko dugun aukera honek kontzientziazioa pizteko balio behar digu”.
Uholdeak Madagaskarren, 2020ko urtarrilaren 27an / Landsat-8
Suteak Australian, 2020ko urtarrilaren 4an / MODIS Aqua
Green River (Utah, AEB), 2020ko martxoa / Sentinel-2
Cotopaxi sumendia (Ekuador), 2019ko abuztua / Sentinel-2
Carnegie lakua (Australia), 2020ko otsaila / Sentinel-2
Pakistan-India muga, 2020ko urtarrila / Sentinel-2
Namibia-Angola muga, Kunene ibaia, 2020ko otsaila / Sentinel-2
Pamamaroo eta Tandure lakuak eta Darling ibaia (Australia) / Sentinel-2