Arkitektoek fantasiaren eremuan sartzen dira eraikin batzuekin. Eraikin ikusgarriak egiten dituzte, itxuraz edo tamainaz. Batzuetan fantasia horrek mugarik ez duela ematen du. Baina badu. Dena den, arkitektoek eskura dituzten tresna eta baliabide guztiak erabiltzen dituzte eraikin horiek egiteko. Baliabideen artean, matematika bera dago. Garaian garaiko jakintza matematiko aurreratuena erabili dute eraikitzaileek diseinu harrigarriak egiteko.
Irakurri hemen nola ustiatu den matematika arkitekturan, Raul Ibañez matematikariak eta Rogelio Diez ingeniariak azalduta.Lotoaren tenplua, Delhi hirian, Indian. 1986an bukatu zuten. Arkitektoa Fariborz Sahba izan zen.
Tanvcící dum, etxe dantzaria, Praga. Vlado Milunic´ eta Frank Gehry arkitektoek Fred and Ginger izena eman nahi izan zioten, Fred Astair eta Ginger Rogers ospetsuen omenez, baina izenak ez zuen arrakastarik izan.1996an bukatu zuten eraikitzen.
Absolute World dorre bikiak, Mississauga hirian, Kanadan. 2012an bukatu zituzten. Yangsong Ma arkitektoaren diseinua da: solairu bakoitza aurrekoarekiko biratuta dago, eta, bi dorreetan, lehenengotik azkenekora dagoen biraketa osoa 209º-koa da. Marilyn Monroe dorreak izenez ere ezagutzen dira.
Estrasburgoko katedrala ehunka urtean izan da munduko eraikinik altuena. 142 metroko dorrea 1439an bukatu zuten. Geometriaren laguntzaz, ia zeruraino iritsi ziren.
Frei Otto arkitektoak diseinatu zuen Municheko Estadio Olinpikoa. Horretarako, xaboi-anpuluez betetako bainuontzi batean murgiltzen zituen makilak eta lokarriak, eta haiei itsasten zitzaizkien anpuluetatik abiatuta definitu zuen egitura.
Guggenheim Bilbao museoaren eraikinaren diseinua ez dago oinarrituta forma matematiko bakar batean. Konbinazio konplexua da, eta egonkorra da zati guztiak bateratuta daudelako. Bakoitza bere aldetik hartuz gero, ez lirateke zutik egongo.
Beijingo Nazio Estadioa, Habia ezizenekoa; itxuraz egitura oso kaotikoa, baina, praktikan, egonkortasunaren matematikaren eredu argia.
Londresko St. Paul katedralaren kupula erabat berritzailea da arkitekturan. Hiru kupulako diseinua egin zuen Christopher Wrenek, katenariaren formatik abiatuta. Forma horren azterketa puntako matematika zen XVII. mendearen bukaeran.
Capital Gate eraikina, Abu Dhabin, Arabiar Emirerri Batuetan. 2011n bukatu zuten. RMJM enpresako arkitektoek diseinatu zuten. Goian, 35. solairuan (161 m), dorrea 18º dago okertuta mendebalderantz.
Gateway arkua, St. Louis hirian, Estatu Batuetan. Eero Saarinen arkitektoaren lan hau 1965ean bukatu zuten. Katenaria perfektu bat da.