Bizia argazkitan

Igebelarren azpian zapaburu-saldo bat dabil igerian, hondoko harrapariengandik ihesi, azaleko uretara iritsi nahian, han elikatzeko.

Shane Gross argazkilari kanadarrak orduak pasa zituen urpean Cedar Lake-n (Vancouver), igebelar-artean, hondoko lohia harrotzea saihestuz, horrek asko murriztuko bailuke ikuspena.

Horrela lortu zuen argazki eder hau, eta horrekin irabazi du 2024ko Wildlife Photographer of the Year basabizitzaren argazki-lehiaketa. Epaimahaiak nabarmendu ditu argazki honen “argia eta energia, eta bikain jasotzea zapaburuen eta ingurunearen arteko lotura”. Gainera, azpimarratu dute argazkiak agerian uzten duela “askotan aintzat hartzen ez diren espezieak ere beste batzuk bezain ikusgarriak izan litezkeela”.

Lehiaketan nabarmendu diren beste argazki batzuk.

Biziaren saldoa (The Swarm of Life)
Egilea: ©Shane Gros/Wildlife Photographer of the Year 2024

Biziaren saldoa (The Swarm of Life)

Plastiko hilgarriko dieta
Egilea: ©Justin Gilligan/Wildlife Photographer of the Year 2024

Plastiko hilgarriko dieta

Hildako itsas hegazti baten (Ardenna carneipes) digestio-hoditik ateratako plastikozko 403 piezarekin egin zuen mosaiko hau Justin Gilliganek.

Adrift Lab ikerketa-taldearen lana dokumentatzen aritu da Gilligan hainbat urtez. Talde horrek mundu osoko biologoak biltzen ditu, plastikoen kutsadurak itsas ekosistemetan duen eragina aztertzeko. Ikusi dute Lord Howe uhartean (Australia) ugaltzen diren Ardenna carneipes helduen hiru laurdenek eta txiten % 100ek plastikoa dutela barruan.

Eraispen-eskuadroia (The Demolition Squad)
Egilea: ©Ingo Arndt/Wildlife Photographer of the Year 2024

Eraispen-eskuadroia (The Demolition Squad)

Inurri gorriek kakalardo bat nolako eraginkortasunez zatitu zuten jaso zuen Ingo Arndtek. Habiaren sarreratik kabitzeko adinako zati txikitan desegin zuten. Minutu batzuk habiaren ondoan etzanda egon ondoren, inurriz beteta bukatu zuen Arndtek berak ere.

Borroka hezegunean (Wetland Wrestle)
Egilea: ©Karine Aigner/Wildlife Photographer of the Year 2024

Borroka hezegunean (Wetland Wrestle)

Zingiretako orein batzuei argazkiak ateratzeko gelditu zirenean, uretan forma arraro bat sumatu zuen Karine Aignerrek. Prismatikoekin begiratu, eta berehala ezagutu zuen anakonda hori baten azala, kaiman baten muturraren inguruan. Borrokan ari ziren. 

Kaimanek denetarik jaten dute, baita sugeak ere. Eta anakondek, hazi ahala, kaimanak ere sartzen dituzten euren dietan. 

Sugearen bizkarrean, narrastien odolaz elikatzen diren bi ezpara aukera baliatzen ari dira. 

Zain (On Watch)
Egilea: ©John E. Marriott/Wildlife Photographer of the Year 2024

Zain (On Watch)

Katamotz-familia bat, atseden hartzen. Gazteak atzean, haize hotzetik nola edo hala  babestuta.

John E. Marriottek  ia astebete eman zuen familia honi jarraika baso elurtuetan barrena, oinatz freskoek non zeuden erakutsi zioten arte. Distantziari eutsi zion, enbarazurik egingo ez ziela ziurtatzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila