Basabizitzaren zelatariak

Lehoien esentzia eta guk nola ikusten ditugun batera adieraziko zituen irudi bat sortu nahi zuen Nick-ek; iraganeko irudi bat, lehoiak arriskuan ez zeudenekoa. Argazkia atera baino lehentxeago eme-talde honek taldeko bi arretako bati eraso egin eta aurrean bidali zuten. Orain deskantsuan zeuden emeak euren kumeekin. Nicken presentziara ohituak zeuden, sei hilabete baitzeramatzan hark taldeari jarraika. Horri esker nahikoa gerturatu ahal izan zuen. Serengetiko lautadak hondoan, eta arratsalde-amaierako zerua gainean. Infragorrian atera zuen argazkia. Izan ere, infragorriak “hautsa eta lanbroa zeharkatzen ditu, argia eraldatzen du, eta uneko eszena zerbait primario bihurtzen du, ia bibliko”.

Irudi hau basabizitzaren urteko argazki onena izendatu dute Natural History Museum-ek eta BBC Worldwide-k antolatzen duten Wildlife Photographer of the Year lehiaketa entzutetsuan. Eta, urtero bezala, beste hamaika argazki zoragarri ere ekarri dizkigu lehiaketak. Gure aukeraketa duzue hurrengo orrietan.

Azken argazkia (The last great picture)
Egilea: Michael ‘Nick’ Nichols/Wildlife Photographer of the Year 2014

Azken argazkia (The last great picture)

Michael ‘Nick’ Nichols (AEB)

Arrain txinpartak (Cardinal sparks)
Egilea: Patrik Bartuska/Wildlife Photographer of the Year 2014

Arrain txinpartak (Cardinal sparks)

Patrik Bartuska (Txekiar Errepublika)
Anemonen garro bigun eta leunen artean mugimendu biziko arrain zorrotzen kontrasteak liluratu zuen Bartuska. Indonesiako uretan aurkitu zituen Pterapogon kauderni hauek. Bartuskaren begietan urpeko sua zirudien: garroak gar eta arrainak txinpart.

Suge berdea (Divine snake)
Egilea: Raviprakash S S/Wildlife Photographer of the Year 2014

Suge berdea (Divine snake)

Raviprakash S S (India)
Suge berde hau Raviprakashen etxeko lorategian zegoen. Raviprakash dagoeneko ohituta dago halakoak landaredi berdearen artean antzematen, nahiz eta ez den erraza. Harrapakin bat ikusten dutenean, lorategiko musker edo igelen bat kasu, geldi-geldi jartzen dira, landare bihurturik. Halaxe zegoen hau. Zailena izan zen sugearen kontzentrazioa eten gabe, perspektiba horretatik argazkia ateratzea. “Suge berdea inoiz ikusi dudan izakirik ederrenetakoa da —dio Raviprakashek—; argazkiak ateratzen dizkiedan bakoitzean, are ederragoak iruditzen zaizkit”.

Ukitze magikoa (Touch of magic)
Egilea: Adriano Morettin / Wildlife Photographer of the Year 2014

Ukitze magikoa (Touch of magic)

Adriano Morettin (Italia)
Hamabost urtez izan zuen argazki hau buruan Morettinek. Azkenean joan den udan izan zuen aukera. Itsasoa marmokaz bete zen, eta ura normalean baino gardenago zegoen. Morettinek ez zuen aukera galdu. Bere angelu zabaleko lentea erabiltzeko dezente hurbildu beharra zeukan, eta aurpegian marmoken ziztada txikiak jasan behar izan zituen. Bi marmokek elkar ukitzea nahi zuen ur-azaletik gertu, atzean Triesteko Miramare gaztelua zutela. Zailena esposizioa orekatzea izan zen, bai marmoken eta bai gazteluaren edertasuna erakutsi ahal izateko.

Patinajea eguzki-argitan (Skating on sunlight)
Egilea: Herfried Marek / Wildlife Photographer of the Year 2014

Patinajea eguzki-argitan (Skating on sunlight)

Herfried Marek (Austria)
Basoilarraren bila zihoan basora Marek, baina putzuetako zapatariekin txundituta gelditu zen. Hasieran argiak basoko putzuetako ur ilunetan egiten zituen jokoek eman zioten atentzioa, eta gero zapatariek sortzen zituzten diseinuez konturatu zen.

Apokalipsia (Apocalypse)
Egilea: Francisco Negroni/Wildlife Photographer of the Year 014

Apokalipsia (Apocalypse)

Francisco Negroni (Txile)
Puyehue-Cordón Caulle sumendi-sisteman erupzioa hastera zihoala iritsi zen Negroni Puyehue Parke Nazionalera. Ikuskizun paregabea zen. Erupzioak eragindako tximistak, laba goriak argiztatutako kea… “Nire bizitzan ikusi dudan gauzarik txundigarriena izan zen”.

Etorrera (The great arrival)
Egilea: Sergio Pucci / Wildlife Photographer of the Year 2014

Etorrera (The great arrival)

Sergio Pucci (Costa Rica)
Arribada deitzen diote Costa Rican. Urtean behin edo bitan, milaka dortoka etortzen dira arrautzak jartzera. Hamar urte zituela ikusi zuen Puccik lehenengoz arribada bat. Eta, geroztik, askotan atera ditu argazkiak, baina inoiz ez airetik. Noiz gertatuko den jakitea zaila da. Hau atera zuen egunean, hondartza ez, baina itsasoa dortokaz josita ikusi zuen. Autogiro ultra-arina hartu eta argazkia atera zuen.

Touché (Touché)
Egilea: Jan van der Greef/Wildlife Photographer of the Year 2014

Touché (Touché)

Jan van der Greef (Herbehereak)
Ensifera ensifera kolibriaren atzetik zebilen van der Greef Ecuadorren. Gorputza baino moko luzeagoa duen hegazti bakarra delako da ezaguna kolibri hori. Hamaika zentimetroko mokoa tamaina bereko hodi-formako loreen nektarra xurgatzeko erabiltzen du; baina van der Greefek ongi ikusi zuenez, badu beste erabileraren bat ere. Loreetara iristeko Coeligena torquata oldarkorren lurraldetik pasa behar dute, eta haiei hortzak erakusteko ere aproposa da moko luzea.

Sagua, Ilargia eta eltxoa (The mouse, the moon and the mosquito)
Egilea: Alex Badyaev/Wildlife Photographer of the Year 2014

Sagua, Ilargia eta eltxoa (The mouse, the moon and the mosquito)

Alex Badyaev (Errusia/AEB)
Egunero egiten duen bidean astaputz handi bat ateratzen hasi zen. Badyaev konturatu zen nola hurbiltzen ziren inguruko sagu eta urtxintxak berritasun hura esploratzera. Astaputza eta Ilargia aldi berean iritsi ziren tamaina maximora, eta orduan etzan zen Badyaev astaputzaren ondoan, kamera eskuetan. Hurrengo orduetan, dozenaka animalia txiki hurbildu ziren. Haiek ez aztoratzeko, eta gaueko eszena haren esentzia gorde nahian, Ilargiaren argia atzeko argi gisara erabili zuen Badyaevek; eta hala atera zuen astaputzaren gainean eltxo bati so zegoen saguaren erretratu hau.

Facebooken zer berri (Facebook update)
Egilea: Marsel van Oosten/Wildlife Photographer of the Year 2014

Facebooken zer berri (Facebook update)

Marsel van Oosten (Herbehereak)
Japoniako Jigokudani Monkey Park-eko turista batek gertu-gertutik atera nahi zion argazkia mugikorrarekin makako gazte honi. Bat-batean, tximinoak mugikorra kendu zion eskuetatik eta putzuaren erdira alde egin zuen. Han zegoen Van Oosten, argazki bitxi hura ateratzeko prest, nahiz eta ez zen erraza, putzu termaletik ateratzen zen lurrunak kameraren lente hotza lausotzen baitzuen. Tximinoak eskuartean zerabilen mugikorra, eta azkenean pertsona batek hartuko lukeen bezala hartu eta pantailari begira jarri zen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila