Urre-koloreko tximino sudurmotz ar bat harrian eseri da. Berehala batu zaio taldeko eme gazte bat. Adi begira daude biak, beste bi taldetako ar nagusien arteko liskarrari.
Udaberria da Quin mendietan (Txina). Mendi horietan soilik bizi dira tximino sudurmotz hauek (Rhinopithecus roxellana), desagertzeko arriskuan. Adarretik adarrera ibiltzen ez dakienarentzat, ez da erraza haiei jarraitzea. Ondo daki hori Marsel van Oosten argazkilariak. Eta zuhaitzetatik jaisten direnean, gutxitan egoten da argi egokia argazki on bat ateratzeko. Oostenek, ordea, tximinoen ilaje eder hori eta aurpegi urdin txundigarri hori erretratatu nahi zituen, nola edo hala. Eta, hainbat egunen buruan, lortu zuen une eta leku egokian egotea. Tximinoen kokapena ezin hobea zen, baita zuhaitzetan zehar iragazten zen argia ere.
Aurtengo basabizitzaren argazki onena izan da, Wildlife Photographer of the Year lehiaketa ospetsuan. Hurrengo orrietan, lehiaketak utzi dizkigun beste argazki eder batzuk.
Darío Podestá, Argentina
Gatz-zelaian gurasoen atzetik korrika bizian doa txita, bere hanka handiekin. Txirriek jaio orduko uzten dute habia, eta hanka luze horiei esker jarraitzen diete gurasoei, eta ihes egiten diete harrapariei.
Isak Pretorius, South Africa)
Antzeman zion edatera zihoala, eta leku egokian kokatu zen Isak Pretorius. Han agertu zen lehoi emea belar artetik, dotore.
Ricardo Núñez Montero (Espainia)
Ugandako Bwindi baso itxian, Kuhirwa gorila eme gazteak ez du bere kumearen gorpua uzten. Ricardo Nuñez Monterori gidariek kontatu zioten eguraldi txarra zegoela erditu zenean, eta, seguruenik, hotzez hil zela kumea. Asteetan, gorpua besoetan eraman zuen; txukuntzen zuen, hankak eta besoak mugitzen zizkion… gainerako amek bezala.
Jen Guyton (Alemania/AEB)
Welwitschia emearen estrobiloak zerurantz altxatzen dira Namibia basamortuan, polinizatzaileei nektar gozoa eskaintzeko. Landare bitxiak dira. Bi hosto baino ez dituzte, motel baina gelditu gabe hazi ahala zirpiltzen doazenak. Zortzi metrotik gora luzatzera irits daitezke, eta 1.000 urte baino gehiago izatera. Egun osoan basamortuan ibili ostean aurkitu zuen Jen Guytonek “forma egokia eta kolore biziak” zituen metro eta erdiko ale hau. Eguzkia jaisten hasi zenean, lainoek islatutako argiaz baliatuz atera zuen argazkia.
Arshdeep Singh (India)
Arshdeep Singh aitarekin autoan zihoala, mozolo bat ikusi zuen hondakin-uren hodi zahar batean sartzen. Aitak asko sinetsi ez zion arren, autoa gelditu, eta atzera egin zuten. Berehala ikusi zuten mozoloa hoditik burua ateratzen. Aitari kamera eskatu, eta prest jarri zen Arshdeep. Hamar urte soilik izan arren, bazekien zertan ari zen, sei urte zituenetik ari baitzen hegaztiei argazkiak ateratzen. Mozoloak burua atera zuen berriz, eta haren atzetik besteak.
Georgina Steytler (Australia)
Hegaztiei argazkiak ateratzeko asmoz joan zen Walyormouring Erreserbara (Australia) Georgina Steytler, baina urertzean zebiltzan liztorrekin txundituta gelditu zen. Emeak ziren, eta gogor ari ziren lanean, lokatza biribilduz eta garraiatuz, habia egiteko. Lokatzetan etzan zen argazkilaria, liztorrak gertutik erretratatzeko.