Basabizitzak liluratuta

"Erraldoi ezti hauek modu ia fantasmagorikoan" erretratatu nahi zituen, elefanteei argazkiak ateratzen urteak daramatzan Greg du Toit argazkilariak. Lurperatutako merkantzia-edukiontzi batean ezkutatuta, nahi zuen argazkia ateratzeko prestatu zituen parametro guztiak. Eta azken unean, ustekabean, elefante-kumea pasa zen aurretik. Zortea lagun, bikain lortu zuen nahi zuena, eta, orain, basabizitzaren urteko argazki onena izendatu dute Natural History Museum-ek eta BBC Worldwide-k antolatzen duten Wildlife Photographer of the Year lehiaketa entzutetsuan.

Urtero bezala, beste hamaika argazki zoragarri ere ekarri dizkigu lehiaketak. Gure aukeraketa duzue hurrengo orrietan.

Elefanteen esentzia (Essence of elephants)
Egilea: © GreG du Toit/Wildlife Photographer of the Year 2013

Elefanteen esentzia (Essence of elephants)

GreG du Toit (Hegoafrika)

Bidaideak (Travelling companions)
Egilea: © Douglas Seifert/Wildlife Photographer of the Year 2013

Bidaideak (Travelling companions)

Douglas Seifert (AEB)
Dugongen inguruan ibiltzea gustuko dute arrainek. Harraparietatik babesten dira gorputz handi horren itzalean, eta bazkatzerakoan asaldatzen dituzten animalia txikiak ere primeran datozkie elikatzeko. “Aurrez irudikatua nuen irudi hau —dio Seifertek—, eta obturadoreak klik egin zuenerako banekien lortu nuela bilatzen nuen erretratu intimoa”.

Ika-mika (The spat)
Egilea: © Joe McDonald/Wildlife Photographer of the Year 2013

Ika-mika (The spat)

Joe McDonald (AEB)
Zenbait orduz gorteiatze- eta estaltze-soinuak entzutea besterik ez zuen lortu, txalupan eserita, eguzkitan. Azkenean, sasitzatik jaguar emea atera zen ibaira, edatera. Aukera bikaina argazkia ateratzeko. Baina, onena etortzeko zegoen. Edan ondoren hondarretan etzanda zegoela, arra agertu zen. Ibaitik edan , eta emearengana hurbildu zen, berriz estaltzeko asmoz; baina eraso egin zion hark. “Ezin nuen sinetsi hiru segundo haietako energia eta intentsitatea”, dio McDonaldek.

Uretako hartza (The water bear)
Egilea: © Paul Souders/Wildlife Photographer of the Year 2013

Uretako hartza (The water bear)

Paul Souders (AEB)
Argazkietan izotz-gainean ikusten ohituago gauden arren, hartz zuriek orduak ematen dituzte uretan. Kanadako Hudson badian, Souders hiru egunez ibili zen itsasoan, hartz baten bila; eme gazte hau aurkitu zuen arte. Saguaren eta katuaren jokoa hasi zen orduan.

Jatordua (Feeding of the five thousand)
Egilea: © Yossi Eshbol/Wildlife Photographer of the Year 2013

Jatordua (Feeding of the five thousand)

Yossi Eshbol (Israel)
Udazkenero, Europatik Afrikarako doazen milaka pelikano zuri handi gelditzen dira Israelen, atseden hartzen eta urdaila betetzen. Ma’ayan Zvi-ko arrain-haztegiak dituzte janleku gustukoenetakoak. Haztegiko langileek pelikanoak uxatzen ari behar izaten dute. Urertzean kontzentraturik ikusi zituenean argazkia ateratzea erabaki zuen Eshbolek. Azkar ibili behar izan zuen, haztegiko langileak gerturatzen ari ziren eta. Ihes egiteko, pelikano guztiek norantza bera hartu zutenean atera zuen argazkia. Gero, alde egin zuten.

Borroka-koloreak (Battle colours)
Egilea: © Gergely Bíró/Wildlife Photographer of the Year 2013

Borroka-koloreak (Battle colours)

Gergely Bíró (Hungaria)
Costa Ricako San Carlos ibaian zebilen Bíró, lagun batekin, eta, ibaiertzean, sasiarteko mugimenduak atentzioa eman zien. Kanoa gerturatu eta bi iguana ar ikusi zituzten, kolore biziz, borrokan. Argi askorik ez, eta kanoa kulunkan, ez zen erraza izan narrastien mugimendu azkarrak fokatzea. “Zortea izan genuen kanoa irauli ez izana” zioen Bírók.

Mutil gaiztoak (Bad boys)
Egilea: © Andrew Walmsley/Wildlife Photographer of the Year 2013

Mutil gaiztoak (Bad boys)

Andrew Walmsley (Erresuma Batua)
Itsasora begira zegon makako beltz handi bati argazkiak ateratzen ari zen Walmsley, oihuak entzun zituenean. “Buelta eman eta ar gazte horiek ikusi nituen, oldartuta. Garrasika ari ziren, hondarra botatzen… Aukera bakarra izan nuen energia eta pasio hura harrapatzeko, segundotako kontua izan zen eta. Ar handia zutitu, hiru pauso aurrea eman, eta hantxe bukatu zen taldearen harropuzkeria. Korrika alde egin zuten laurek.”

Dutxa elkarrekin (Sharing a shower)
Egilea: © Michael 'Nick' Nichols/Wildlife Photographer of the Year 2013

Dutxa elkarrekin (Sharing a shower)

Michael 'Nick' Nichols (AEB)
Bi lehoi hauek, elkarrekin, Serengetiko eremu handi batean nagusi ziren; lau lehoiko beste talde batek menderatu zituen arte. Nichols-ek euripean harrapatu zituen. Euria ez zen dirudien bezain desatsegina. Inguru hartan ura urria izaki, lehoiek aukera aprobetxatu zuten ura edateko, nork bere kalparretik eta bestearenetik.

Itxaropen bi (Twin hope)
Egilea: © Diana Rebman/Wildlife Photographer of the Year 2013

Itxaropen bi (Twin hope)

Diana Rebman (AEB)
Gorilei jarraitzea bereziki gogorra izan zen egun hartan. “Euri mardulak oso irristakor egin zuen lurra —dio Rebmanek—; eta malda hain zen pikoa, bertikala baitzirudien”. Azkenean gelditu zen gorila-taldea, jateko. “Esfortzu fisiko guztiak merezi izan zuen, ama bere bi kumeekin ikusteagatik”.

Lehoi-arrainaren beita (Lionfish bait)
Egilea: © Alex Tattersall/Wildlife Photographer of the Year 2013

Lehoi-arrainaren beita (Lionfish bait)

Alex Tattersall (Erresuma Batua)
Urduri, zurrunbilo betean dabiltza zilar koloreko arrain txikiak. Hor dute harraparia, ahora zein eramango. “Sinkronia liluragarria zen, baina eszena erretratatzea benetako erronka zen” dio Tattersallek. “Kontu handia izan behar nuen zilarrezko ezkata distiratsuekin, bai eta uretako partikulek sor zezaketen zaratarekin”.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila