Urre-koloreko ferra-karramarro bat astiro dabil lohiaren gainean. Haren gainean doa urre-koloreko arrain-hirukote bat, pasaeran agerian gelditzen diren mokaduak harrapatzeko prest.
Tachypleus tridentatus ferra-karramarroak 100 milioi urtez biziraun du, baina orain arazo handiak ditu; besteak beste, gehiegi arrantzatzen delako, bai jateko, eta bai haren odol urdina oso preziatua delako medikuntzarako. Filipinetako Pangatalan uharteko ur babestuetan du babeslekurik onenetako bat. Han atera zuen argazki hau Laurent Ballesta itsas biologo frantziarrak. Eta 2023ko basabizitzaren argazki onena izan da Wildlife Photographer of the Year lehiaketa ospetsuan. Honela esan du epaimahaiak: “Harrigarria izan da karramarroa bere habitat naturalean hain bizi ikustea, hain modu zoragarrian. Antzinako espezie bat ikusten ari gara, oso mehatxatua, baita giza osasunerako kritikoa ere”.
Eta jarraian daude lehiaketak utzi dizkigun beste argazki eder batzuk ere.
Ipurtargiz argiztatutako baso bat. Sriram Muralik 16 minutuz ipurtargiek basoan sortutako distirak bildu zituen, 19 segundoko 50 argazki elkartuta. Distirak ilunabarrean hasten dira —hasieran gutxi batzuk baino ez—, eta, maiztasuna handitu ahala, aldi bereko pultsuak egiten dituzte, basoa zeharkatzen duen olatu baten gisara.
Hegazti hauek (Psophia crepitans), lerrokatuta, adi-adi daude aurretik pasatzen ari den boari begira. Hiru metrotik gora ditu sugeak, eta haren otordu izan liteke begiraleetakoren bat.
Bi hilabetez ibili zen Bertie Gregory orken atzetik. Horrela lortu zuen bere dronearekin orken portaera hau harrapatzea. Prestatzen ari dira olatuak sortu eta itsas txakurra uretara botatzeko.
Trena garraiobide jasangarrienetako bat den arren, suntsitzailea ere izan liteke. Helburu turistikoak lotzeko gobernuak finantzatutako trenbideak onura ekonomikoak ekarriko dizkio Mexikoko hego-ekialdeari, baina ekosistemak zatituko ditu, eremu babestuak eta gune arkeologikoak kaltetuko ditu eta herri indigenei eragingo die.