Antartika

Antartikaren zati handiena inlandsis izeneko izotz-geruza handi batek estaltzen du; eta badirudi kontinente hau izotz hutsa baino ez dela. Errealitatea, ordea, bestelakoa da. Inlandsis izotz-geruzaren pisuaren ondorioz, hondoratu egin da Antartikako plaka kontinentala; orain, granitozko arrokaz osatuta dagoen plaka hori itsas mailaren azpitik dago, izotz-geruzak zapalduta. Geruza horrek 2.500 metroko lodiera du; hantxe dago munduko ur geza guztiaren % 90.

Maiz, “kontinente pultsukaria” deitzen zaio; izan ere, haren azalera aldatu egiten da urtaroen arabera. Udan, adibidez, Antartikak 14 milioi km2-ko azalera izaten du, Iberiar penintsula baino 23 aldiz handiagoa; neguan, berriz, kontinentea inguratzen duen itsasoa izozten denean, bikoiztu egiten da azalera.

Kontinentearen klima zeharo polarra da: batez beste, zero azpiko 17 graduko tenperatura du. Hala ere, baxuagorik ere izan da. Antartikak du munduko tenperatura baxuenaren errekorra: -89 ºC. Klima-baldintza gogor horien ondorioz, landaretza oso urria da; alga, goroldio eta liken gutxi batzuk baino ez. Fauna ere eskasa da; pinguino enperadoreak soilik lortu du munduko mutur honetan urte osoan irautea. Beste animalia batzuk —itsas elefanteak, fokak, hegaztiak eta beste pinguino-espezie batzuk— udan bakarrik joaten dira, kostaldeko izotza urtzen denean.

Gizakien presentziari dagokionez, “kontinente izoztuak” ez du berezko herritarrik. Zientzialari-taldeak eta Antartikako lur-zatiak beretzat aldarrikatzen dituzten herrialdeetako militarrak bakarrik bizi dira han hainbat hilabetez. Neguan, 1.000 pertsona inguru izaten dira; udan, berriz, 10.000.

antartika-9_34.925836496
Egilea: © iStockphoto.com/Dan Kite
antartika-8_48.49062691
Egilea: National Science Foundation
antartika-7_299.306778117
Egilea: © iStockphoto.com/Jsteck
antartika-4_607.348735619
Egilea: National Science Foundation
antartika-5_912.33015619
Egilea: © iStockphoto.com/Bruce Marshall
antartika-6_75.6076204211
Egilea: © iStockphoto.com/Bruce Marshall
antartika-2_986.16713017
Egilea: © iStockphoto.com/Dawnn
antartika-3_661.609421828
Egilea: National Science Foundation
antartika-1_158.350769489
Egilea: National Science Foundation
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila