Airetik desberdin ikusten da dena. Perspektiba, distantzia, eskala… gauza asko aldatzen dira. Horregatik, airetik egindako argazkigintzak merezi du aparteko genero bat izatea. Horixe egiten dute, hain zuzen ere, Drone Photo Awards sarietan.
Arte bisualen Siena Sarien barruan antolatzen dute, eta airetik ateratako argazkien sariketa garrantzitsuena da. Airetik ateratako edozein argazki edo bideo aurkez liteke, izan dronetik ateratakoa, hegazkinetik, helikopterotik, globotik, suziritik, kometatik edo paraxutetik.
2023ko edizioan epaimahaiak saritu dituen argazkietako batzuk ekarri ditugu hona.
Bufalo-talde bat, eguerdi eguzkitsu batean, urmael batean freskatzen.
Hartz arre bat izokinak harrapatu nahian, Kurilskoe lakuan (Hegoaldeko Kamchatka).
Centuripe herri txikiak (Sizilia) giza forma hartzen du muinoen gailurretan.
Malarikkal (India), igebelarren herria. Iraila eta urria bitartean, igebelarren lore arrosaz betetzen da eskualde osoa.
Lanzaroten, La Geria eskualdean, zulo zirkularrak egiten dituzte lurzoru bolkanikoan, mahatsondoak haize bortitzetatik babesteko eta ahalik eta hezetasun gehien biltzeko.
Marrubi-bilketako egun baten hasiera, goitik begiratuta, ikuskizun handi baten aurretik gortina irekitzen ikustea bezala da. Israelen, Hadera hiritik hurbil, neguaren amaieran.
Pinguino erregeen txitak ur gezako putzu baten inguruan daude. Lumaberritzen ari diren gazteak eta txitak ezin dira uretan sartu, euren lumak ez baitira iragazkaitzak. Bitartean, ur gezaren inguruan pilatzen dira, hidratatu ahal izateko.