Elkarri lotutako 75.000 plastikozko brida, biriketako zelulen hazkuntza irudikatzeko. 2009 Science/NSF International Science & Engineering Visualization Challenge lehiaketako ilustrazioen ataleko lehenengo saria irabazi du, lan honekin, Pennsylvaniako Unibertsitateko Peter Lloyd Jones biologoaren eta Jenny E. Sabin arkitektoaren taldeak.
Datu-multzo handiak irudikatzeko modu berriak bilatu nahi ditu Jonesen eta Sabinen taldeak, eta horren adibidea da 3,5 m altu den eskultura hau. Kasu honetan, abiapuntua ordenagailu bidez egindako simulazio bat izan zen, biriketako zelulek proteinazko matrize batean haztean eragiten dituzten indarren kalkulu bat. Eta simulazio hori eredu hartuta lotu zituzten plastikozko bridak. Hala, simulazioaren datuak pantaila batean ikusi baino zerbait gehiago egiteko aukera ematen du lan honek; datu horien guztien artean ibil daiteke behatzailea, eta eskuekin uki ditzake.