Hamar urte eta 6.400 milioi kilometro. Bide luzea egin du Europako Espazio Agentziaren Rosetta zundak; kometa batera iritsi den historiako lehen espazio-ontziak. Bide horretan hiru aldiz ikusi du Lurra, eta behin Marte. Steins eta Lutetia asteroideekin ere egin zuen topo. Gero, bi urte eta erdi lozorroan pasa zituen. Eta joan den urtarrilean esnatu eta abiatu zen kometaren bila. Abuztuan iritsi zen jomugara: 67P/Churyumov-Gerasimenko kometara. Bide horretan lagundu dionetako bat Ander Martinez de Albeniz tolosar ingeniaria. Dena ondo badoa, hil honetan Rosettak daraman Philae moduluak kometan lur hartuko du. Dena den, dagoeneko 10 urteko bidearen testigantza politak utzi dizkigu Rosettak argazkitan.
Rosetta zunda proba termikoak egiteko prest, ESAren Herbeheretako ESTEC egoitzan. Arg: ESA/A.Van Der Geest
Ariane 5G+ prest Rosetta bere bidean jartzeko. 10 urteko bidaia hastera doa. Arg: ESA/S. Corvaja
Lurraren grabitate-indarraren laguntza lehenengoz hartu ondoren, urruntzen ari dela, Rosettaren Nabigazio Kamerak hartutako irudia. Arg: ESA
Ilargia ateratzen Rosettaren begietatik ikusita, Lurretik gertuen egon baino 3 minutu lehenago, lurrazaletik 1950 km-ra zegoela. Arg: ESA/E. Lakdawalla
Philae moduluak Rosettari ateratako argazkia, atzean Marte duela. Martetik 1.000 km-ra, gertuen egon baino 4 minutu lehenago. Arg: CIVA / Philae / ESA Rosetta
Marte. OSIRIS kameraren filtro gorri, berde eta urdinak erabiliz lortutako benetako kolorezko irudia. Arg: ESA © 2007 MPS for OSIRIS Team MPS/UPD/ LAM/IAA/ RSSD/ INTA/ UPM/ DASP/ IDA
Bigarren bisita Lurrera. Gerturatzen ari zela, 80.000 km-ra ateratako argazkia, Indiako Ozeanoaren parean. Arg: ESA ©2005 MPS for OSIRIS Team MPS/UPD/LAM/IAA/RSSD/INTA/ UPM/DASP/IDA
Hirugarrenez eta azkenekoz Lurretik gertu. Hego Pazifikoa bistan. Arg: ESA ©2009 MPS for OSIRIS Team MPS/UPD/LAM/IAA/RSSD/INTA/UPM/DASP/IDA
Antizikloia Pazifikoaren gainean. Ordu-pare bat falta da azken bultzada hartu eta kometaranzko bidean jartzeko. Arg: ESA ©2009 MPS for OSIRIS Team MPS/UPD/LAM/IAA/RSSD/INTA/UPM/DASP/IDA
Lutetia asteroidea; Marteren eta Jupiterren artean dagoen asteroide-gerrikoko gorputzik handienetako bat. Asteoride bat inoizko xehetasun handienarekin behatua. 462 argazki. 350 krater baino gehiago. Hiru artikulu Sciencen. Arg: ESA 2010 MPS for OSIRIS Team MPS/UPD/LAM/IAA/RSSD/INTA/UPM/DASP/IDA
67P/Churyumov–Gerasimenko kometaren orbitan sartu eta hilabetera Rosettak Philaeren kamerarekin ateratako autoargazkia, kometa atzean duela. Kometaren azala 50 km-ra. Arg: ESA/Rosetta/Philae/CIVA
67P/Churyumov-Gerasimenko kometa. Dena ondo badoa, egun gutxitan kometaren azalean izango da Philae. Arg: ESA/Rosetta/NAVCAM