Zurezko etxagintzak Siberian nolako garrantzia duen ikusteko, nahikoa da herrixketan ehundik larogeitamar bizileku honelakoak direla adieraztea. 500.000 biztanleko Irkust hirian, zurezko etxe asko aurki daiteke hiri barruan, bai bakarka eta baita kaleak osatuz ere. Esaten dutenez, pisu batekoak bertakoek eginak dira eta bi pisukoak, europear tratalariek eginak.
Etxearen solairua, berrogeiren bat zentimetroko betelanez altxatuta egiten dute, edo gaur egun hormigoiz. Hormak, etzandako enborrez osatzen dira; lau edo hiru aldeetatik labratutakoez. Alde labratugabea dutenek, alde hori kanpora begira ipinia izaten dute. Enbor tartean zirristurik gera ez dadin, kotoi moduko zerbait jartzen dute, baina orain dauden kolei esker, elkargune horiek ez dute arazorik sortzen. Etxe-izkinak, gehienetan enborrak gurutzatuz (errebaje bidez), osatzen dituzte.
Hormetan leiho-zulotan bi orriko leihoak ipintzen dituzte, kanpotik zurezko leihatilez hornituz. Geletako sabaiak ere, enborrak etzanda jarririk egiten dituzte; tarteka ipiniaz eta oholez goitik eta behetik estalirik. Argia nahikoa handia bada, zutabe bat jartzen dute; behar den tamainukoa. Guk entresaka egiten dugun neurriko enbortxoez, bere aldapak emanez ipinirik, osatzen dute teilatuaren eta gapirioen armazoia, gero dena oholez estalirik. Orain ohol hauen gainetik ia etxe guztietan uralita jartzen dute, eta hainbeste ikusten delako edo, ez du begibistan minik ematen egia esan. Barruan, sukaldean, sua egiteko labe moduko bat egiten dute buztinez, baina beste kontu bat litzateke horren berri ematea.
Garai bateko etxeetan behintzat, bi sukalde izaten zituzten; zikina eta garbia , eta bietan sua pizten zuten. Zikina zen abereen eguneroko janariak prestatzeko, eta negu gogorrean baita abere batzuk babesteko ere; hala nola, zerrikume, txahal, etab. Sukalde garbia, bixitariak hartzeko zen batez ere eta han edukitzen zituzten jantzi-kutxak eta etxeko gauzarik baliagarrienak, bixitariek ikus zitzaten noski. Bi sukalde hauetan buztinezko sulekuek bereizten zituzten gelak, eta bien artean egoten zen logela orokorra.
Aparteko gela batean zuten sauna. Gela honek bi leiho txiki zituen. Bat zurezko leihatila batez estalia (behar zenean haizea berritzeko) eta bestea kristalez estalia, barrukoek kanpokoa eta kanpokoek barrua ikusteko. Honela aukeratzen omen zituzten gazteek andregaiak. Izkina batean, zurezko zolua falta zen, eta bere partez lurra zegoen. Han egiten zuten sua gainean harri-pilo bat ipiniz. Hauek berotzen zirenean, goitik behera ura jaurtitzen zuten.
Aintzina, etxe hauek (isbek) ez omen zuten tximinirik suaren beroa hobeki aprobetxatzearren; baina gero erosotasunagaitik edo, tximiniak ipintzen hasi ziren. Orain, eraikuntz sistema berdintsuez jasotzen dituzte datxak .
Datxa hauek baso edo leku aparte xamarretan egiten dituzte, oporretarako eta asteburutarako. Hauetarako lurra, lur guztia Estatuarena denez, Estatuak alokatzen die nahikoa merke. Area batekoa izaten da gutxi gorabehera eta prezioa bi mila pezeta urteko gutxi gorabehera. Gero etxea —datxa— norberak jasotzen du eta egindakoaren jabe izaten da, nahi badu saltzeko eskubidea ere izanik. Kuriosoa da, baina kilometrotako basoez inguratuak egonik, ez dute zotz bat ere hartzen etxea egiteko. Basoak Estatuarenak dira eta berak saltzen die behar duten zura, oso merke bada ere.
Horiek horrela, lantxo honen helburua ez da zehaztasun teknikoak ematea; zura Euskal Herrian etxagintzan erabil daitekeela frogatua uztea baizik. Gaur egun zenbait gauzatako erabiltzen dela esan daiteke; ate, leiho eta zoluetarako. Baina nik garbi utzi nahi nukeena zera da: badagoela zurezkoak egiterik horma, teilatu-estruktura, eta bi hitzetan esanda, etxe osoa.
Gai honetaz geure arteko betiko leloa izanen da Euskal Herriko zati haundi batean behintzat euri asko egiten duela eta gehiegizko hezetasun honek usteldu egiten duela. Baina, Siberian ere euria dexente egiteaz gain, elurra botatzen du barra barra negu luzean, eta hor diraute zurezko etxeek. Gakoa zalantzarik gabe, tratamendutan egon daiteke. Aspaldiko errusiarrek ba omen zituzten belar bereziak eta haien lurrinez egurrak ongi asetzen zituzten.
Errusiarrak Siberiara iritsi zirenean, hamazazpigarren mendean, bertako enda autoktonoak (buriato, jakuto, evenko eta abarrek) makilaz eta larruz osatutako txabola eramangarri batzuetan bizi ziren. Zituzten etxe eta jantziak ikusi ondoren, ezin daiteke zalantzan jarri Iparrameriketako indioak horiekin loturik daudenik. Beraz ttipia k zer diren jakinez gero, badakigu nolakoak ziren Siberiako lehen biztanleen bizilekuak.
Errusiarrak paraje hartara heldu zirenean, gaur egun dauden eran aurkitu zituzten sinetsi ezinezko baso ikaragarriak (urki eta izeiez horniturik gehien bat), eta esaerak dioenez errusiarra haizkoraz otsoak hortzak erabiltzen dituen eran (trebetasun berdinez) baliatzen bada, gehiago sakondu gabe uler genezake zurezko etxeak bapatean sortzea.
Berriketa honetan ea zertan ari garen esan dezake norbaitek. Euskal Herrian ez izei eta ez urki asko dugu, baina beste zenbait zuhaitz-mota eta batez ere insignis pinua badugula erantzun genezake. Zuhaitz-mota honek paper-oletarako eta paisaiak izorratzeko soilik balio duela esango digute, baina Australian eta Zeelanda Berrian etxagintzan erabiltzen dutelarik (pinuz, zubiak ere egiten dituzte), garbi dago insignis aren balio eskasa geure artean sarri ibili diren ipuinetako bat dela.
Nori komeni zaio ipuin horiei eustea?... Zuraren kontserbazioaren gakoa beste honetan datza: TRATAMENDUAN. Eta erraz konpreni liteke hori telefono- eta indar-hariak damatzaten zurezko posteak ikusiz. Siberiako zurezko etxeek ere (ez daude pintaturik), kolore ilun berdina dute. Horrek, antzeko tratamendua ematen dietela esan nahi du.
Horixe da ba, lerro hauetatik atera behar litzatekeen ondorioa: Euskal Herriak baliabide gutxi duela eta ikasi egin behar genukeela ditugun apurrei etekin hobea ateratzen. Jakin dezagula geure lurraren emaitzei benetako Balio Erantsia ematen; denaren beharra izango bait dugu datozen une gogorretan.