Zorabioa: arrazoietan dago koska

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Zorabiatzea gauza nahiko usua da, eta seguruenik gutariko gehienoi behin edo behin gertatuko zaiguna, gure bizitzan zehar. Kasurik gehienetan inolako garrantzirik gabeko gertakariak izan ohi dira, isolatuak agertu eta bere kasa konpontzen direnak. Baina beste batzuetan, ordea, zorabio-sentsazio horrek hortxe irauten du, errepikatu egiten da eta beste sintoma batzuekin agertzen da. Eta noski, kasu horretan kezkatu egingo gara eta medikuarengana joko dugu, itxuraz hutsala bai, baina gure eguneroko bizimodua aldrebesten duen horren arrazoi edo zergatien bila.

Hortxe agertuko zaigu lehenengo zailtasuna. Medikuari zorabio-sentsazio hori adierazten hasiko gara, eta agian ez zaigu hain erraz gertatuko. Hainbat esamolde erabil daitezke-eta sentitzen dugun hori esplikatzeko: desoreka, ahultasuna, ondoeza. Edo baita burtzoroa, burua “hutsik” bezala edukitzea, bertigoa eta egongaiztasuna. Bai zorabio hitzarekin izendatzen dugun egoera horren sintomek, eta bai koadro hori sortzen duten arrazoiek ere mataza trinko eta itxi bat osatzen dute, sarritan korapilo hori askatzea (hau da, diagnostiko zehatza egitea) nabarmen zailtzeraino. Hasteko, hiru koadro desberdin bereiziko ditugu: konorte-galera, bertigoa eta konorte-galerarik eta bertigorik gabeko zorabioa.

Konorte-galera

Sinkope, aldigaizto, eta beste hainbat izenekin ere ezagutzen den egoera hau oso usua da. Odol-zirkulazioan une bateko (eta oso iraupen laburreko) asaldura gertatzen da, eta horren ondorioz tentsio arterialaren jaitsiera. Erasandako pertsona zurbildu egingo da, kordea erabat galtzera iristeraino, eta normalean izerditan blai egongo da. Batzuetan bat-batean gertatuko da; beste batzuetan, ordea, ikusmena lausotzen bezala has daiteke, nahaste-borrastea, etab.

Egoera hori sor dezaketen arrazoiak asko eta askotarikoak dira: hunkipen edo zirrara gogorren bat, estres-egoera akutua, ikuspen deserosoa, bat-batean agontzea, denbora luzean zutik egotea, eguzkitan edo giro bero eta kargatuetan… Konorte-galera horiek dira ohizkoenak, ez dute inolako larritasunik eta ez dute tratamendu medikorik behar. Bere onera etortzeko, aski da etzatea, zangoak altxatzea eta burua makurtu eta hanken artean jartzea minutu batzuetan. Baina sinkopea dela-eta pertsona lurrera erortzen bada, kolpearen ondorioz kalterik jasan duen ala ez ikusi behar da (ebakirik, kontusiorik, etab.).

Dena den, ezaugarri horietako sinkopea ere izan daiteke alterazio serioagoren baten adierazgarri, esaterako, bihotzeko gaixotasunen batena: arritmiak, bihotzeko eroapenaren asaldurak edota balbulen gaixotasunak. Horregatik, eta konorte-galerak aparteko garrantzirik ez duela iruditu arren, medikuarengana joatea komeni da, bihotzeko patologiaren bat baztertzeko.

Bertigoa

Zorabioekin batera mugimendu-sentsazioa, eta inguratzen gaituzten gauzak edo objektuak ere biratu eta mugitu direla iruditzen zaigunean, erori egiten garela eta, gainera, goragalea, gorakoa, izerdia, etab. sentitzen dugunean, seguru aski bertigo baten aurrean aurkitzen gara. Sentsazio oso deserosoa, segundoak, minutuak, orduak ere iraun dezakeena. Horrelako bertigoak eragiten dituzten arrazoiak asko dira: usuenak jarrerazko bertigo paroxistiko onbera esaten zaienak dira, egoera aski larriak izan daitezkeenak. Burua mugitzean bertigo-krisi bat abiatzen da, segundoak edo minutuak iraun dezakeena, eta horrekin batera angustia-sentsazio ikaragarria, pertsona eroraraztea ekar dezakeena. Bertigo-mota honek badu tratamendu farmakologikoa, baina errehabilitazioa eraginkorragoa da (buruaren mugimendu-ariketak, orekaren organoa entrenatu eta berrezteko).

Birusengatiko infekzioek ere, neguan batez ere, entzumena edo bestibulu-nerbioari erasan diezaiokete, bertigoak sorraraziz. Kasu hauetan iragankorrak dira, onberak, eta tratamendu medikoari ongi erantzuten diotenak.

Konorte-galerarik eta bertigorik gabeko zorabioa jasan duen pazienteari egindako azterketa eta miaketa guztiek datu normalak eman ohi dituzte.

Pertsona helduetan, eta adinean aurrera doazenetan, Meniereren sindromea izan daiteke bertigoaren arrazoia: kasu hauetan entzumen-galera gertatzen da (hipoakusia), hotsak entzuten dira eta bertigo-krisiak agertzen dira.

Edadeko pertsonetan, istripu zerebrobaskularren bat jasan dutenek ere (tronbosia, iskemia, enbolia) bertigoak eduki ditzakete.

Bertigo horiek tratatzeko gaur egun metodo terapeutiko mordoa dauka medikuak. Baina, hala ere, beti ez da lortzen bertigoa desagerraraztea. Oro har, bertigo-krisi bat agertzen denean, pertsona horri azterketa neurologikoa eta otorrinolaringologiko osoa egin beharko litzaioke, bertigoaren arrazoia zehazteko (diagnostikoa) eta kasu bakoitzari dagokion tratamendua martxan jartzeko.

Bestelako zorabioak

Badira sinkope edo konorte-galerarik gabe, eta bertigorik gabe agertzen diren beste zorabio batzuk ere. Ez dute aparteko larritasunik, baina horien arrazoia zehaztea benetan zaila da.

Esperientziak dioskunez, gisa horretako zorabioak dituztenek hainbat sintoma edo sentsazio kontatzen dituzte: burua 'hutsik' balute bezala, ikusmen lausotua, erortzera edo konortea galtzera doazela iruditzen zaie, baina sekula ez da hori gertatzen.

Pazienteari egindako azterketa eta miaketa guztiek datu normalak ematen dituzte, eta kasu horietan sintomak beste egoera batzuekin lotzen dira: tentsio baxua, anemia, hipogluzemia, bai eta tentsio arterial altuarekin ere, baina gehienetan sintomek ez dute egoera horiekin zerikusirik.

Sinkoperik eta bertigorik gabeko zorabio-sentsazioa pertsona estresatuetan, antsietateak jota daudenetan, edota depresio-kasu arinetan agertzen da. Bai eta migraina, akidura, laneko estresa, insomnioa edo ikusmeneko arazoak dituztenengan ere. Azkenik, arnastean ohi baino aire gehiago mugiarazten dutenek edota normalean baino maizago arnasten dutenek (alegia, hiperbentilazioa dutenek) sarritan edukitzen dute zorabio-sentsazio hori.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila