Zirauna, puskatzen den sugea ote?

FITXA TEKNIKOA Zirauna
Eskualde kantauriarrean nonahi eta mediterraniarrean leku heze eta freskoetan agertzen da, lehorrenetan falta litekeelarik. Pirinioko leku altuenetan, azkenik, ez da aurkitu izan.

Biologiaren munduan buru-belarri sartuta ez dagoen jendeari kontrakoa iruditu dakiokeen arren, izen zientifikoek askotan esanahi argi eta adierazkorra dute. Horren adibide izan daiteke hain zuzen ere, Anguis fragilis ziraunak duen izen zientifikoa. Fragilis , izen espezifikoak adierazten duenez, puska daitekeen edo zatiren bat galdu dezakeen animalia da zirauna. Izen hau oso egokia da, ziraunak, sugandila eta muskerren antzera, autotomizatzeko gaitasuna duelako, buztana askatzekoa, alegia. Era horretan, zenbait arrisku egoeratatik bizirik irten daiteke eta gero galdutako puska berriztatu.

Generoa izendatzeko erabiltzen den Anguis izena, ordea, ez da beharbada hain zuzena. Anguis latinez sugea da, eta zirauna, zalantzarik gabe, suge itxurako narrastia da baina sugeetatik argi eta garbi bereizten dituen zenbait ezaugarri ditu: sugeek ez bezala, ziraunak betazalak ditu eta begiak itxi egin ditzake; bestalde, ezkaten azpian gordeta duen tinpanoa guztiz garatuta dago, eta azkenik, puskatutako buztana neurri batean bederen, berriztatzeko gaitasuna du. Beraz zirauna, puska daitekeena agian bai, baina ez da sugea, hankarik gabeko muskerra baizik.

Zirauna ugaria da, Euskal Herriko isurialde atlantiarrean batik bat.

Helduek, gutxitan dute 30-40 cm-tik gorako luzera. Horietatik erdia baino gehiago buztanari dagokiona da, puskarik galdu ez badute behintzat. Burua sugandilak duenaren antzekoa da, motza eta gorputzaren lodiera berdina duenez, ia ez da bereizten. Zenbait herritako sineskerien kontra, saurio honek ikusmen dexentea du eta ez da itsua inondik inora ere. Berta-bertatik ikusiz gero, begi txiki eta ilunetan nini arre gorrizta eta iris beltza atzeman daitezke.

Gorputza, berriz, luzea, trinkoa eta zurruna da. Nahiz eta zirauna lau hankadun arbasoetatik eratorria den, ez du hanken aztarnarik ere ageri, ezaugarri horrek eskinkoetatik bereizten duelarik. Ezkata leun txiki distiratsuz jantzita dago eta kolorazioz aldakor samarra izan ohi da. Narrastietan ohikoa denaren aurka, emea arra baino koloretsuagoa da. Oro har, urre zahar kolorekoak, oliba arreskak, arre argiak, edota gris zilarkarak dira. Emearen saihetsak, sabela eta batzuetan bizkarrezurreko lerroa ere ilunagoak dira arrarenak baino. Gazteak tamainaz txikiagoak eta kolore-kontraste handiagoa izateagatik bereiz daitezke.

Landaretza ugariko lekuak maite ditu. Zelai, baso-inguru, edo sastrakadiak bezalako leku hezeetan ikus dezakegu eta baserritarrek maiz topatzen dute narrasti hau belarretan lanean ari direnean. Itsas-mailatik 2.000 metrora ager daiteke, gure Herrian altitude ertain edo baxuak gustukoago baditu ere.

Emea, saihetsak, sabela eta batzuetan bizkarrezurreko lerroa ere, ilunagoa edukitzeagatik ezagutzen da.

Ibilerari dagokionez, motelantza dela esan behar da. Bere burua arriskuan ikusten badu belar artean uhinen modura irristatuz bizkor ezkuta badaiteke ere, normalki poliki ibiltzen da. Harritarte, goroldio, sastrakadi eta usteldutako enborren azpiak dira bere ohiko gordelekuak. Ofidioen modura, “usaintzeko” mingaina ateratzen du, baina ahoa zertxobait zabaldu egin behar du, ez baitu sugeek horretarako duten zirrikitua.

Ugalketa udaberrian emango da. Elkarren artean lehia egin ondoren ar bizkorrenak emea lepotik helduko du eta bien gorputzak kiribilkaturik, bikotea kloakak batuko ditu kopula burutzeko. Era horretara kokatuta daudelarik ernalketa arraren hemipenea sartuz gertatuko da. 11-13 aste beranduago, emea 6-20 kumez erdituko da. Narrasti hau obobibiparoa da, hau da, arrautzak amak barruan garatzen ditu, jarriak diren momentuan zabaltzen direlarik. Horrela, arrautzak tenperatura egokian edukitzeaz gain, etsaiek edo eguraldiak ez zapuztea lortzen dute.

Kume hauek 7,5-9 cm dituzte jaiotzerakoan eta jadanik aipatu denez, helduak baino koloretsuagoak dira. Arre horiskak dira eta deigarriak dira saihetsean eta bizkarrean dituzten lerro beltzak. Kume hauek 3-4 urte beranduago izango dira sexualki helduak. Animalia hauen biziraupena luzea da eta 30 urtetik gora bizi daitezkeela baieztatu da. Zenbait autorek etxean 54 urtez bizitu den ale bat ere aipatzen dute.

Angido hauek neguan gorde egingo dira hibernatzeko. Horretarako, lurpean 4-5 hil pasatuko dituzte urria eta martxoa bitartean. Normalki, zulo naturala edo mikrougaztunen batena aukeratzen dute eta kiribilduta letargian erortzen dira. Batzuetan, espeziekide mordoskak pasa dezake negua elkarrekin eta beste narrasti edo anfibio batzuekin batera ere egin dezakete.

Emea, saihetsak, sabela eta batzuetan bizkarrezurreko lerroa ere, ilunagoa edukitzeagatik ezagutzen da.

Zirauna espezie eurasiatiko arrunta dugu. Iberiar Penintsulako hegoaldean, Irlandan eta Europan 60º paralelotik iparraldera falta bada ere, kontinente guztian eta gure eskualdean ere ongi banatutako animalia da. Ugaria da Euskal Herriko atlantiar isurialdean eta eskasagoa mediterraniarrean, Araba edota Nafarro Beherako lekurik lehorrenetan urriagoa da oraindik.

Elikadurari dagokionez haragijalea da. Bareak, zizareak, marraskiloak, armiarmak eta intsektuak jaten ditu, ehizean zein irensteko orduan patxada handia erakutsiz. Bere etsaien artean trikua, azeria, basurdea, mustelidoak, hegazti asko, eta sugeak nabarmentzen dira. Eta gizakirik ez? Denetatik entzun ahal izan dugu. Zenbaitek suge itxurakoa eta fama txarrekoa izateagatik akatu egiten du. Beste askok zorionez, espezie ezaguna eta onuragarria delako edo besterik gabe mundu honetan suge itxurako animaliak ere bizi daitezkeela onartzen duelako, errespetatu egiten du.

Espeziea: Anguis fragilis
Familia: angidoak
Ordena: eskamosoak
Klasea: narrastiak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila