Zientzia bizanzion. Egoera eta hastapenak

Bizanzioko inperioaren historia, Grezia klasikoan hasi eta erromatarren indarren bitartez Mediterranioan nagusitu zen zibilizazioaren irauteko borroka luze eta latza da.

Bere mila urte baino luzeagoko historiak (Teodosioren heriotzaren ondoan erromatar inperioa bi pusketa egin zenean hasi zela kontsideratzen da, hau da, 395. urtean, eta bukaera, Konstantinopolis-eko turkoen aurkako defentsan Constantinus XI. enperadorearen heriotza 1453. urtean, hain zuzen) hiru faktore aurkezten ditu: bere muga geografikoen aldaketak, barneko egoera sozio-politikoaren ezegonkortasunak eta erlijio-sustraiko borrokak.

Inperioaren lur-garapena, gune baten inguruan etengabeko zabaltze- eta laburtze-prozesuen andana baino ez da. Gune hau Grezia klasikoak eta Asia Txikiko bere antzinako koloniek osatzen zuten. Inperio hau Konstantinopolis-etik (Bizanziotik) era zentralizatzaile eta garratzez izan zen gidatua.

Inperio honen barnean kultura eta historia desberdineko herri asko eta asko zeuden uztartuta. Horregatik, lurralde zabal eta desberdin honetan kohesio politikoa mantentzeko grina izan zen inperioaren kezka nagusienetako bat, eta horregatik sortzen zen esan dugun gidatzeko era gogor eta zentralizatzailea.

Enperadorearen eskuetan zegoen aginte osoa eta bera zen, hain zuzen inperioaren batasunaren bermea. Hau dela eta, izan ziren matxinada gehienen ametsa tronua eskuratzea zen eta denboran zehar hogeitamar lagun desberdinek lortu zuten epe luzeagoan ala laburragoan bertan eseritzea.

Egoera ezegonkor honetan egitura, guztiz piramidala zen eta zerga-zamak eta betebehar militarrek gehienbat nekazarien gainean zeuden. Horregatik askotan, hauen bizimodua garai bereko Europa feudaleko morroiena baino okerragoa zen.

Borroka politikoekin batera etengabeko eztabaida eta liskar errelijiosoak zeuden. Bizanzioko elizaren enperadorearekiko menpekotasuna eta berari zegokion inperioaren batasun espiritualaren betekizuna zirela eta, askotan eztabaida teologikoak maila publikora iristen ziren. Kultur arloan Elizaren maila boteretsuak kultura grekoaren iraupena segurtatu zuen. Bizanziotarrek beren burua grekoen ondorengotzat hartzen zuten eta antzinako ezagumenduak transkribapen eta bildumen bitartez kontserbatu zituzten. Baina, beren kultura hau erabat isolatuta eta itxita, hots, garapenik gabe gelditu zen.

Beraz, eta hitz laburrez, Bizanzioko markoa hauxe da: mendebaldetik borroka erlijioso eta militarrak (zisma eta gurutzadak), beste aldeetatik inbasioen arriskua (barbaroak eta musulmanak) eta barnean etengabeko matxinadak. Marko honetan kultura ez garatzea eta beraz fosilizatuta gelditzea guztiz normala da.

Zientziaren egoera

Bizanzion filosofia estudiatu aurretik, quodrivium eko zientzia zehatzak ikasi behar zituzten. Hala ere, hasieran behintzat, matematikariek nahiz astronomoek (hauen artean ospatsuenak Proklo V. mendean eta Sinplizio VI.ean dauzkagu) Euklidesen eta Aristotelesen lanak oso gaingiroki baizik ez zituzten aztertzen. Ez dago sorkuntz lanik. Filopon-ek Nikomakoren Aritmetika komentatu zuen; VI. mendeko Kosmas Indikopleustes-en Topografia oso apala da eta gainera Ptolomeoren lanaren irakurketa kaxkarra baino ez da.

Beraz, emaitzarik oparoena, hau da: ezaguera matematiko handia demostratzen duen eginkizun bakarrenetakoa, Konstantinopolis-eko Santa Sofia eliza eraikitzea. Egileak Miletoko Isidoro eta Tralles-eko Antemio izan ziren. Eraikuntza honek oso maila arkitektoniko eta matematiko altua exigitzen du. Gehienetan oso maila altuak, monumentu handiekin batera, beste zenbait eraikuntza normalago ere ondoan izaten du. Baina, Bizanzioren kasuan honi buruz ez da ikerketa sakonik egin. Dagoena, X. mendekoa da eta Alexandriako Heron-engan inspiratutako tresna hidrauliko eta automatiko bakar batzuk baino ez dizkigu adierazten.

VI. mendeko Alexandriako Estebanen aritmetikari buruzko lana alde batera utzita, XI. mendean Mikel Pselo izeneko pentsalaria agertu zen. Hau, politiko, historialari eta filosofo izateaz gain Diofante-ren Aritmetika ri buruz komentario batzuk idatzi zituen. Musika teoriko, astronomia, medikuntza eta geometriaz ere arduratu zen. Bere komentario hauen artean geometriari buruzkoak dira nagusienak eta nahiz eta sorkuntz lana izan ez, Euklidesen lanaren ezaguera sakona adierazten dute.

XII. mendean Mikel enperadoreak astronomiak plazaratzen zuen zenbait kezkari erantzuna eman ahal izateko matematikako ikerketak bultzatu zituen. Hurrengo mendeetan Paleologo sendiko enperadoreek bide beretik segitu zuten eta eragin grekoa nahiz arabiarra adierazten duten emaitza batzuk lortu ziren.

Bizanzioko zibilizazioan, XII. mendearen bukaeran, izen bat aipatu behar dugu: Maximo Planudes, alegia. Ikerlari honek Diofante komentatzerakoan zeroaren kontzeptua sartu zuen Bizanzion eta indiar kulturaren bitartez lehenengo bederatzi zenbakiak, hots, gaur egun erabiltzen dugun zenbaki-sistema.

XIII. mendean beste izen bat aipatu beharren gaude; Pakimeres alegia. Gizon honen joera entziklopedikoa zen eta oso eragin handia izango zuen quadrivium -i buruz lan bat idatzi zuen. Hau bilketa-lana da eta bertan Diofante-ren lehen liburuaren eta Euklides eta Nikomako lanen laburpenak aurki daitezke.

Dena dela eta laburbilduz, Bréhier-ekin batera zera esan dezakegu Bizanziori buruz: Astronomi arloan Ptolomeoren esparrutik ez da irteten eta matemetikan Euklides-enetik ere ez.

Natur zientziak

Bizanzion botanikari buruz ia ez zen ezer egin. Zoologiaren aldetik, Alexandriako Timoteok VI. mendearen hasieran lan handi bat idatzi zuen. Berez, antzinako iturrietatik (eta Aristotelesengandik, bereziki) jasotako datuen bitartez dago egina. Oso datu berri gutxi du eta aldez aurretik zeuden errakuntzek bertan segitzen dute. Lan honen erreferentzia batzuk Indikoplesutes-en lanean daude eta nolabait tradizio bati hasiera ematen diote. Bertan zoologia aplikatuaren aztarnak agertzen dira: apikultura, animalia arriskutsuak, etab. VI. mendearen erdi aldean Justinianok, Ekialdetik bi frailek ekarritako zetarren hazkuntza bultzatu zuen. Azkenik, bizanziarrak oso ehiztari onak zirenez gero, zenbait animaliari buruz (zakurra barne) lan batzuk idatzi zituzten, baina hauek ere ez dira oso zehatzak.

Alkimia

Alkimia ez zen Bizanzion sortu. Dirudienez bere hasierako garapenik handiena Alexandrian gertatu zen; zenbait praktika greko, egyptiar, judutar eta kaldeatarretik sortuta. Arte sakratuak IV. mendetik aurrera oso garrantzi handia lortu zuen Egypton eta bere inguruko herrietan, bereziki. Alexandriako alkimiaren urre-aroa III. mendetik V.aren hasiera arte zabaltzen da.

Alexandriako alkimilariak nahiz oso erlijio desberdinetakoak izan, goi-iluminismo amankomuna zeukaten, beraien artean nolabaiteko lotura sorteraziz. Alkimilari ezagunenetako bat, Panapolis-eko Zosimo, IV. mendearen hasieran daukagu; Alexandrian bizi zen eta idazlan asko utzi zituen. Aldi berean Sinesio eta Olimpiodoro dauzkagu. Hala ere, izenik ezagunena Maria judutarra dugu eta honekin batera Kleopatra Koptoa eta Teosebia aipatu behar ditugu. Mariak Kerotakis izeneko ontzia asmatu zuen. Ontzi itxi honetan kobrezko xafla mehe-mehe batzuk lurrinaren eraginpean jartzen ziren eta metodo hau gureganaino heldu da Mari bainu izenez.

Alkimiaren lehenengo aro honetan bere hiru gaiak edo arloak gelditu ziren definituak: lehenengoa, metalen transmutazioa edo harri filosofalaren bilaketa, metalak urre edo zilar bihurtzeko. Bigarrena, panazearena, hots, giza bizia betirako iraunerazteko sistema. Eta hirugarrena, jainkoaren barneko betiko zoriontasunarena eta munduaren animarekin bat egitearena. Ikus dezakegunez, alkimilariek espiritualismoa eta gaur egun kimikan edo sartuko genituzkeen gaiak nahastu egiten zituzten.

Egoera hartan, VI. mendean alkimia siriarrei, arabiarrei eta bizanziarrei iritsi zitzaien. Hala ere, bizanziar alkimiari buruzko idazlan gehienak X. mendekoa dira eta aipatu ditugun entziklopedizale gehienek landu zuten arloa dela esan behar da. Dena dela, Alkimiak Errenazimentuaren hasiera arte ez du jarrera zientifikoagoa , nolabait esateko, hartuko.

Alkimiaren izenari buruz eztabaida badago. Batzuen ustez alkimia izena arabiarrek egin zutenari utzi behar zaio eta bizanziarren lana kimieutika edo izango litzateke. Hau defendatzeko aurkezten duten arrazoia, etimologikoa baino ez da, hots, arabieraz al kimyak herri beltza esan nahi duela. Baina, izenak izen, geroago alikimia bezala ezagutu izan dena Bizanzion ere landu zela aitortu behar da. Berarekin batera teknika-maila bat eskatzen duten aurkikuntza batzuk lortu ziren. Greziar sua , adibidez; 678. urtean Constantinus IV.ak arabiarrei irabazitako batailan eta geroztik erabilitakoa. Su hau nafta, erretxina edo sufrez osatutakoa zen eta aparailu desberdinez jaurtikia. Maila berean konposaketa pirotekniko batzuk jar ditzakegu. Azkenik, harrien ahalmen alkimikoak zirela eta, mineralogiak ere nolabaiteko aurrerapena lortu zuen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila