Zientzi Fakultatea hurrengo 25 urteei begira

Gauza ugarirako aitzakia eman dezake mende-laurdeneko ibilbideak. Dagoen tokian egoteagatik, zenbakien munduan mugitzea egokitzen zaio Manuel Tellori, gaur egun Leioako Zientzi Fakultateko dekano denari. Iraganeko kontu batzuez, gaur egungoez, eta batez ere, etorkizunekoez luze hitz egin dugu berarekin.

Bigarren aldiz dago Manuel Tello Leioako Zientzi Fakultatearen Dekanotzan. Fakultatea bikain ikusten du. “Fakultatea oso ondo dago. 25 urteotan, beno 30 egiazki, hazkunde kualitatibo harrigarria izan du. Horregatik nago ni hemen, horrek animatu nau hemen egotera, ondorengo 25 urteei begirako planteamendua egiteko helburuak. Lehen 25 urteen barruan ibiltzea egokitu zait; orain aurrera begira dauden lehentasunak markatu ditugu eta ondorengo 25 urteak prestatzen ari gara”.

Dagoeneko ondorengo 25 urteetako bidearen zati handi bat egina dute Zientzi Fakultatean, hasierakoa, norabidea markatuko duten erabakiak hartu behar diren hori. Eraikinari dagozkie hartu diren lehenak. “Fakultatea, berez, 1.500 ikaslerentzat eta 150 irakaslerentzat prestatuta zegoen. Gaur egun 5.500 ikasle ditugu lehen eta bigarren zikloetan, 300 hirugarren zikloan, eta 360 irakasle. Tokiaren auzia aztertu beharra genuen lehentasunen artean. Gainera, denborarekin Fakultatea hondatuz joan da”.

Eraikin berria

Eskuartean duten proiektuaren arabera, Zientzi Fakultatearen etorkizuneko eraikinean bereizketa egingo dute, alde batean ikerketa-sailak eta hirugarren zikloa jarriko dituzte; bestean lehen bi zikloetako gelak.
B. Kortabarria

Esandakoagatik sortu da Zientzi Fakultatean eraikin-proiektua. “Lana irailean hasiko da. Noiz bukatuko den? Zaila da esatea, fakultateko eguneroko eginbeharrarekin batera eraman behar delako aurrera. Izan ere, obra, eskolak eta ikerketa-lana aldi berean egin behar ditugu, eta hori ez da erraza. Aurreikuspenen arabera, eskola-ordurik ez da galduko, eta ikerketa-lanetan apur bat baino ez da galduko”.

Eskuartean duten proiektuaren arabera, Zientzi Fakultatearen etorkizuneko eraikinean bereizketa egingo dute, alde batean ikerketa-sailak eta hirugarren zikloa jarriko dituzte; bestean lehen bi zikloetako gelak. 40.000 metro karratu ditu oraingo eraikinak eta 55.000 izango ditu berriak. “Daukagun jende-kopurua kontuan hartuta ezin genezake esan toki gehiegi denik, baina dugun diruarekin hori baino gehiago ezin dezakegu egin. Lana garestia da, ikerketa-lanari begira egokituko diren lokalak eskakizun handikoak direlako, 4.000 milioi pezeta inguru gehi azpiegituretan beharko dena.

Lana egin eta gero eraikin polita geratuko zaigula uste dut, beste 25 urteetan ukitu beharrik ere izango ez dena. Barne-aldaketarik beharko balitz, ahalik eta merkeago egin ahal izango ditugu, jarri dugun sistemari esker, edozein lokal egokitzeko ez baita obra beharrik izango. Ikerketa-lanerako lokalak mugitzeko modukoak dira, txikitzeko edo handitzeko modukoak”.

2002. urteko irailean bukatuko dira Leioako Zientzi Fakultateko obra kontuak. Garrantzitsua izanagatik, ez da, azpiegitura ondorengo 25 urteetan aldatuko den bakarra, irakaskuntzan ere aldaketak iragartzen baitira.

Programazio berria

Ondorengo lerroetan iragarriko diren aldaketak galdera zehatz bati emandako erantzunaren ondorio dira: Zein paper jokatu behar du Fakultateak Euskal Herriko garapen ekonomikoan? “Printzipioz gai klabe bat dago, baliabide pertsonalen sorkuntza, Euskal Herriko beharrei erantzungo dien jendea hezitzea. Zientzia eta teknologia egunetik egunera gertuago daude. Arlo produktiboak, lehiakorra izateko, zientziarengandik gertu egon beharra dauka. Ondorioz, zientziak, benetan erabilgarria izatea nahi bada, aplikatzeko modukoa izan behar du”.

Hortik dator Zientzi Fakultateko ikasketa-planaren aldaketa. Plan berriak dioenez, orain arteko bost lizentziatura klasikoei, —matematika, fisika, kimika, geologia eta biologiari—, berriak erantsiko zaizkie, gizarteak gaur egun eskatzen duenetik gertuago egongo direnak. “Ez hori bakarrik, gizarteak oraindik sentitzen eta eskatzen ez dituen beharrei, baina etorkizunean izan ditzakeenei erantzungo dien lizentziaturetan ere pentsatu dugu. Eskaintza berri bat prestatu dugu, gaur egungo irakasleetan eta beren gaitasunean oinarritua. Eskaintzaren kalitatea ziurtatuta dago alde horretatik, irakasleak jantziak eta esperientziadunak baitira.

Planteamendua dinamikoagoa da, guztientzako oinarrizko formazioa dagoelako —bakoitzak bere espezialitatean— eta gero 3. ikasturtetik aurrera dibertsifikatu egiten delako.

Manuel Tello, Galiziako Corcubionen 1944. urtean jaioa, 1969. urtean iritsi zen Leioako Zientzi Fakultatera. Fisikako ikasketak Madrilen egin zituen eta hona Estatu Batuetatik bueltan etorri zen, aurrez Suitzako Unibertsitate Politeknikoan eta Ingalaterrako Oxford-en izan zelarik. Euskal Herriko Unibertsitatean “Fisica de Folones y transiciones de fase en cristales” laborategiaz arduratzen da, dagoeneko 50 doktoretza-tesi eman dituen laborategia. Tesiez gain, 10 katedradun eta 20 irakasle titular ere irten dira Manuel Telloren laborategitik. Galiziarrak pertsonalki 130 artikulu inguru argitaratu ditu, ikerketa artikuluak gehienak nahiz eta dibulgazio mailakoak ere argitaratu dituen. Egunkarietan idatzi izan du, aldizkari ugaritan eta telebistan lan egin du. Azken lau urteak Leioako Zientzi Fakultateko Dekanotzan igaro ditu.
B. Kortabarria

Sistema berriak abantaila ugari dauzka. Hasteko, ikasleek ez dute lehen ikasturtetik aukeratu beharko orain bezala eta aldatu ahal izango dute. Gero, arlo produktiboan dauden profesionalak azkar birziklatzea ahalbidetzen du, espezializazioan oinarritzen direnez, edozein pertsonak denbora laburrean erreziklatzeko aukera izango duelako. Hirugarren ondorio bat ere badu sistema honek, geure baliabideak optimizatu eta eskaintza merkeagoa egiteko moduan jartzen garelako. Bestalde, gerta dakiguke titulazioren batek eskakizunik ez jasotzea, eta aldatzea ez litzateke zaila izango, bakarrik bi ikasturte aldatu beharko genituzkeelako. Azkenik, irakasleen ikerketak bideratu ahal izango genituzke titulazio berriak aurkitze aldera”.

Hizkuntza-proiektuak

Leioako Zientzi Fakultatearen hurrengo 25 urteei begira, eraikin berriarekin eta ikasketa-plan berriarekin batera, ikasketetako hizkuntzetan eman nahi diren urratsek berebiziko garrantzia dute.

Zientzi Fakultateari buruzko lan honen beste atal batean, zabalago hitz egiten da euskararekiko erakunde honetan dauden asmoez. Dekanoak berak, esaldi batean laburbiltzen du. “Dagoen eskakizunaren araberako normalizaziora iritsi nahi genuke, ondorengo hiru urteetan dagoen eskakizunari aurre egin”.

Euskarazko eta gaztelaniazko eskaintzarekin batera, ingelesarena ere egin nahi du Zientzi Fakultateak. “Kanpoko unibertsitateekin akordioak lortu nahi ditugu, ikasle guztiek aukera izan dezaten gutxienez urtebete pasatzeko beste unibertsitateren batean. Estatuko unibertsitateekin akordiora iritsi nahi dugu, baliozkotze eta espedientea aldatzeko prozesu barik ikasleen joan-etorria benetakoa izan dadin. Horretarako Estatuko fakultateetako dekano guztiak elkartuko gara.

Atzerriko unibertsitateekin ere nahi dugu zerbait egin. Gure fakultatea, irakaskuntzaren kalitateari dagokionez, Europan toki onean kokatuta dago; hau da, gure fakultatetik irteten diren ikasleak ondo jantzita irteten direla badakite Europa mailan. Bide horretan aurrera egin nahi dugu eta ingelesezko eskaintza egin, irakasle nahikoa badugu horretarako eta ikasleak ere ados daude, kontsulta egin eta %70 ados agertu baitzen”.

Asmoa gauzatuko balitz, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Euskal Herria modernizatzeko aukera paregabea litzatekeela dio Manuel Tellok, Erasmus bezalako programetan ez lukeela arazorik sortuko eta, gainera, Europako fakultate gehienekin harremanak areagotzeko eta estutzeko aukera emango lukeela.

Leioako Zientzi Fakultateko datuak

  • 450 nazioarteko argitalpenetik gora urtero.
  • 1997. urtean 165 ikerketa-proiektu, guztira 1.168 milioiko aurrekontuarekin.
  • 92-93 epean 42 doktore-tesi, unibertsitate osoan 223.
  • 93-94 epean 35 doktore-tesi, unibertsitate osoan 177.
  • Unibertsitate osoko argitalpenen % 42.
  • Unibertsitate osoko ikerketa-proiektuen % 39.
  • Unibertsitate osoko unibertsitate/enpresa kontratuen % 33.
  • 360 irakasle (56 euskaraz).
  • 250 ikertzaile.
  • 5.500 ikasle gaur egun, 79 taldetan banatuta (17 euskarazkoak).
  • 46 ikasgela.
  • Guztira 8.500 lizentziatu, azken ikasturtean 520.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila