Orduan aipatu genuen bezala, inguratzen gaituen den-denak (baita gure gorputzak ere, noski) errusiar panpinen antzeko egitura du. Ezin zati daitezkeen oinarrizko zatikiak quark eta elektroiak dira. Lehengai honen bitartez munduan dagoen dena egiten da (aingeruak eta ezik, tamalez) 1. taulan ikus daitekeenez.
Zein neurritakoak dira materi zati hauek? 1. irudian beren diametroak agertzen dira (quark eta molekulak ez dira agertzen, lehenak protoietatik kanpo ez daudelako eta bigarrenak neurri desberdinetakoak izan daitezkeelako), baina horrek, seguru asko, ez digu arazoa gehiegi argitzen, ezta? Pentsa dezagun, ordea, elektroia indaba dela. Kasu honetan protoiak futbol-zelaiaren tamaina luke (baita altueran ere, erne!), nukleoa Donostiako badia adinako esfera (altueran, Anboto mendia adinakoa) litzateke eta atomoaren neurria Lurra bezalakoa genuke.
Badago oraindik are harrigarriago den zerbait gehiago. Gauzak beren lekuan jarriz gero, donostiar Badia hori Lurraren erdian jarri beharko genuke eta, orduan, zenbait indaba izan ezik gainazaleraino hutsa besterik ez litzateke egongo. Gure pentsamoldearen arabera, materia ia hutsik dago! Lur-globorik eskura badaukazu, emaiozu begiradatxo bat eta Donostiako badia zenbat den ikusteak merezi du.
Azken urratsa emango dugu gure tamainara hel gaitezen: atomoa eskupilota balitz, gizabegia Lurraren neurrikoa litzateke. Imajina al dezakezu begi horren jabea nolakoa litzatekeen?
Berriz ere errusiar panpinen jokora gatoz. Izan ere, gu Lurrean bizi gara eta hau beste planetekin batera Eguzkiaren inguruan biraka ari da. Multzo honi Eguzki-sistema deritzo. Baina Eguzkia bera ere, 100.000 milioi izarrekin plater itxurako galaxia bateko partaide da. Galaxia honen izena Frantses-Bidea edo Esne-Bidea da. Baina galaxiek ere elkartzeko joera ei dute; gure Esne-Bideak eta beste hogei galaxia gehiagok Talde Lokal izeneko kumulua osatzen bait dute.
Igar dezakezunez, kumuluak ere ez dira bakardadezaleak. Beraz, superkumulu izeneko egiturak osatzen dituzte. Zehazki, gure Talde Lokala Superkumulu Lokaleko kide da. Egitura honen izena Virgo Superkumulua da, bere erdian Virgo kumulu erraldoia dagoelako. Ba al dago elkarte handiagorik? Baliteke, baina oraindik adituak, Hidra-Centaurusekin nolabaiteko elkarkidetzaren aztarnarik aurkitu arren, ez daude ziur. Laburpen moduan, begiratu 2. taulari.
Astronomian ez dira kilometroak erabiltzen; argi-denbora baizik; argiak puntu batetik bestera joateko behar duen denbora alegia. 3.A. taulan Eguzkirainoko distantziak ikus daitezke.
Baina murriz dezagun Unibertsoa eta demagun Eguzkia 1 m diametroko esfera dela. Orduan Lurra 107 metrora kokatutako garbantzua litzateke, Ilargia Lurretik 27 cm-ra dagoen orratz-burua eta Pluton 4 km-ra legokeen beste orratz-buru bat. Pentsa ezazu, metro bateko esfera 4 km-ra dagoen orratz-burua erakartzen ari dela. Eta lau kilometro horietan ezer ere ez, zenbait orratz-buru, dilista bat, garbantzu bi, ping-pongerako pilota bi eta pomelo bi salbu. Oso gauza gutxi eta txikiak dira hain leku handian egoteko, pentsatuko duzu.
Ba, hori ez da ezer. Izarrik gertuena Alpha Centauri izenekoa da eta begira zein distantziatara dagoen: Eguzkia orratz-burua izango balitz, Alpha Centauri 60 km-ra kokatutako beste orratz-buru bat litzateke. Pentsa, 60 km-tan orratz-buru bi baino gehiagorik ez.
Beste urrats bat: Esne-Bideak Lurraren tamaina balu, Eguzkiak 0,02 mm. (ile baten lodiera baino gutxiago) neurtuko luke.
Eta amaitzeko, azken jauzia egingo dugu. Unibertso osoa Lurraren neurrikoa dela imajinatuko dugu orain (berriz ere lagungarri suerta dakiguke Lur-globoa). Kasu honetan Superkumulu Lokala 2. irudian ikusten den tamainakoa litzateke, Talde Lokala Bilbon legoke, Esne-Bidea San Anton elizan eta Eguzkia ondoko etxeko ertzean. Beraien posizio eta tamainak 3. eta 4. irudietan agertzen direnak lirateke. Eskala honetan Eguzkiak 10-7 mm bakarrik neurtuko luke. Hauxe da Eguzki-sistema eta Esne-Bidearen arteko proportzioa lehenago azaltzearen arrazoia.
Inork proportzio hauek ezagunagoa zaion beste herri batean kokatu nahi baditu, 3.B. taulako datuak erabil ditzake.
Orain dela ez hainbeste urte, 1.828.ean hain zuzen, Elizak (Pius VII.ak, Inkisizioaren epai bat onetsiz) Lurra Eguzkiaren inguruan biraka ari dela dioen teoria Bibliaren aurkakoa ez dela onartu zuen. Gizakiaren harrokeriarentzat kolpe ederra zen hura, baina nahikoa biguna orain ikusi berri dugunaren aldean. Izan ere, Unibertsoa ia-ia hutsik dagoela, huts izugarri horretan gu hutsaren hurrengoak garela eta, gainera, ikusten dugun materia ere ia-ia hutsik dagoela agertu zaigu artikulu honetan. Bestela esan: ez gara ezer, baina garen apurra ere, dirudien baino gutxiago da.