Bistakoa da mende honetako gizartearen ahaleginik nagusienetariko bat ingurunea babestea dela. Bere helburua, baliabide naturalen neurrigabeko hurrupaketan oinarritutako garapen basati eta berekoiak berekin duen etengabeko ingurugiroaren alferrik galtzea geldieraztea da.
Munduko bigarren gerrate ostean egindako aurrerapen teknologikoek, gizakion bizimodua hobetzea lortu badute ere, mota desberdinetako poluzioa eragin dute.
Gure planetak izaki bizidunak dituenez geroztik, ezagutzen ditugu hondakinak. Ekosistemak, animalien eta landareen hondakinaz baliatu izan ohi dira bizirik irauteko. Bestalde, gizakiok betidanik sortu izan ohi ditugu hondakinak. Zergatik orduan zaborrarekiko horrenbeste buruhauste? Galdera honek erantzun sinplea du: azken urteetako hondakinen produkzio-tasak, planetako biosferaren eta giza ekintzen arteko oreka apurtzea eragin duelako.
Lau dira, mende honetako azken urteotan gertatzen ari den Hondakin Solido Hiritarren (H. S. H.en) gehitze kezkagarriaren arrazoi nagusiak: izan den hazkunde demografiko izugarria, biztanlegoa hirigunetan pilatzea, bizi laburreko gaiak erabiltzea eta behin bakarrik erabiltzeko ontzi eta zorroen ugaltzea.
Ongizate-maila handira heldu den gizarte honetan, gure herri eta industrietako hondakinak arazo garrantzitsu bihurtu direla ez dago ukatzerik.
Gizarte-egitura zenbat eta korapilatsuagoa izan, eta gizarte-mailan arazo horren larritasunaz eta hori konpontzeko jarraitu behar diren irizpideei buruzko erabakia zenbat eta ahulagoa izan, giza ekintzen ondorio diren hondakinak, egunetik egunera arazo larriago bihurtzen dira. Gaur egungo teknologiek, arazoa konpontzeko teknika-mota asko dituzte, Zabortegi kontrolatua, birziklapena eta beste zenbait barne direlarik.
Zaborrek osasunean duten eraginari eta sortzen dituzten eragozpenei aurre egiteko eta, azken batean, bizimaila hobetzeko egiten diren ahalegin guztiak, eskuartean ditugun baliabideak hobeto erabilteko irizpide berriekin bat datoz.
Bi injineru ingeles, J.C. Dawes eta M. Call, izan ziren Zabortegi kontrolatu izeneko metodoa asmatu eta praktikan jarri zuten lehenak, “Kontrolik gabeko” zabortegiek sortzen zituzten eragozpenak behin-betirako baztertu nahi zituzten. Lehen zabortegi kontrolatua Bradford hirian (Ingalaterran) eraiki zen. Horretarako, zenbait arauri jarraituz hartzidura-prozesua nolabait menperatzea lortu zuten.
Zabortegi kontrolatua, hiriko hondakin solidoen edozein motatako suntsiketa- edo tratamendu-sistemaren azken pausoa dela esan genezake; zuzenean edota beste edozein tratamendu edo birziklapen-prozesuren ondorioz sortutako hondar inerteak jaurtitzeko asmatua.
Zabortegi kontrolatua izan zen Europan kontrolik gabeko jaurtiketak eta berezko suntsiketak ordezkatu zituen lehen sistema arrazionala. Eta gaur egun ere, Europako Estatu guztiek jaurtiketa kontrolatuko sistema zuzenean edota sistema osagarri bezala erabiltzen dute.
Jaurtiketa kontrolatua EuropanFrantzia |
% 45 |
1. taulan azaltzen diren datuak, Zabortegira zuzenean doazen hondakin-kopuruei dagozkienak dira. Beraz, ez dira errauspen- edota birziklapen-prozesuetan sortutako hondar-portzentaiak kontutan hartzen.
Gaur egun erabiltzen diren hondakinen gestio-sistemen artean, zabortegi kontrolatuak nagusitasun osoa duela ez dago ukatzerik. Zabortegi kontrolatua, hondakinak biltzeko lursail berezia da. Bertan, zaborrak lodiera txikiko geruzetan zabaldu, trinkotu eta egunero gai inerteaz estaltzen dira, ingurunearenganako kutsadura-arriskua txikiagotu eta gai hartzigarrien eraldaketa biologikoari lagundu asmoz.
Horrek, dudarik gabe, diseinuari buruzko xehetasunak jasoko dituen proiektua, ardura handiz egindako eraikuntza, gestio eraginkorra eta behin-betiko egoki ixtea dituen obra moldatzea eskatzen du. Bapateko erabakiak erabat baztertu eta gai hauetan erabilitako irizpideak egokiak baldin badira, ingurugiroak ez du poluzioa zertan jasan beharrik.
Zabortegi kontrolatuek, beste suntsiketa-edo tratamendu-sistema batzuen parean, honako abantailak dituzte, labur esanda: instalazio eta funtzionamendu aldetik kostu txikikoak dira; hondakin-produkzio aldaketa nabarmenak onartzen dituzte; ingurugiroarenganako erasoa eskasa da (kokapena eta gestioa egokiak diren neurrian); karraskari eta intsektuen ugalmena, usain txarrak, kea, haizearen eraginez izaten den plastiko eta paperezko zati arinen barreiaketa eta kontrolik gabeko zabortegiek sortu ohi dituzten beste hainbat eragozpen, oztopatzen dituzte; itxi ondoren, berdegune edo jolas-eremu bihurtzeko aukera ematen dute; hondakinen hartzidura anaerobioen ondorioz sortutako BIOGASaren energia aprobetxatzeko aukera ematen dute; ez dituzte baliogabetzen edo baztertzen beste tratamendu-sistema batzuk (birziklapena, errausketa, konpostajea etab.) ezartzeko egon litekeen aukera eta prozesu hauetan sortutako hondarrak hartzeko gai ere badira.
Zabortegi kontrolatuetako eragozpen nagusiak, bestalde, honakoak dira; lur-eremu zabalak behar dituzte; hondakin-garraioa garestiagoa da zabortegiak gehienetan, hiri-gunetatik urrun egoten bait dira; zabortegitik hurbil, estalketa-beharretarako adina material behar da; gehienetan ez dira aprobetxatzen hondakinek dituzten lehengaiak (energia izan ezik); eurite handiak izaten direnean, zailtasunak izaten dira; makineriaren funtzionamendua eta ibilgailuen joan-etorriak oztopatzen bait dira; eta kontrolik gabeko zabortegi bihurtzeko dagoen arriskua.
Hondakin Solido Hiritarren (H.S.H.en) suntsiketa, lurrari, landaretzari eta faunari kalterik egin gabe eta inguruaren, airearen, uraren eta oro har Osasun Publikoaren edota Ingurugiroaren aurka egon litekeen edozein eraso kaltegarri alde batera utziz egin beharko da.
Zabortegiaren abantailetako bat sinpletasuna bada ere, bapateko ekintzak baztertzea eskatzen du. Zabortegia beraz, soluziobiderik egokienen aukeraketa, ustiaketa arrazionala eta kontrol aproposa posible egingo dituen proiektu zehatza eskatzen duen osasun arloko injinerutza-lantzat jo behar da.
Zabortegi kontrolatu batentzat behin-betiko kokapena aukeratzerako orduan, eskualdean dauden gune aproposenen aukeraketa prozesua egitea behar-beharrezkoa da; baita hautatutako kokapenaren egokitasuna baieztatuko duen azterketa zehatza ere.
Gune egokiak aukeratzerakoan jarraitu beharreko lan-egitasmoak lau fase ditu: gune egokienen inbentarioa egitea; lehen fasean aukeratutakoen artean, ezaugarri morfologikorik onenak dituzten guneak hautatzea; hautatutako gune desberdinen balioztapen-azterketa eta ahalmena duen kokapenaren karakterizazioa.
Kokapen egokia aukeratzeko geologia eta hidrogeologia, morfologia, interes bereziko guneak, ikusmenarekiko erasoa, erdigunerainoko tartea, H.S.H.en gestio-sistema, baldintza klimatikoak eta beste zenbait baldintza tekniko eta ekonomikori buruzko irizpideak hartu behar dira kontutan.
Aukeratutako kokapenak, geoteknika eta hidrogeologiaren ikuspegitik begiratuta, H.S.H.ak ukitzeagatik poluitutako euri-ura lur-geruzaren barreneranzko perkolazioa oztopatzeko behar adinako iragazkaiztasuna, hondorapenen eta iragazketen aurkako estratigrafia eta lurrazalaren egonkortasun geoteknikoari dagozkion baldintzak bete behar ditu.
Kokapenak duen morfologia garrantzizkoa da; irisbidea eta ustiapen-metodoa baldintza bait ditzake.
Ez dago ukatzerik gaur egun zenbait gunek jostaketa eta atsedenerako eremu izateko duten interesa. Natura, ekologia edo heziketarako interes berezia duten eremuak dira eta zenbait kasutan, erakunde publikoek izendatuta, iharduera batzuetarako erabilpen mugatua duten babespeko inguruneak izaten dira. Beraz, kokapen posibleak aztertzean, guneok duten garrantzizko kultur-balioa kontutan hartu beharko da.
Kokapenak eragindako ikusmenarekiko erasoa ahalik eta txikiena izan behar du, hirigune nagusietatik urrun egon behar duelarik. Beste ekintza batzuengatik ingurugiroarenganako erasoa jasaten duten guneetan zabortegia ez kokatzea logikoa dela dirudi, erasoak pilagarri izan ez daitezen.
Zabortegiak, eskualdeko erdigunetik hurbil egon behar du. Toki honek geografigune baino gehiago hirigune bakoitzeko hondakin-produkzioaren arabera aukeraturiko gunea izan behar du.
Hondakinen gestioa, bere fase guztiak (aurre-bilketa, bilketa eta garraioa eta tratamendua) kontutan hartuko dituen ikuspegi bateratutik aztertu behar da, fase hauetako bakoitzak hurrengoa baldintzatzen duelako eta, berau ere, aldi berean, aurrerakoek aldaraz dezaketelako.
Meteorologi xehetasunak ere garrantzizkoak dira. Esate baterako: haizeen norabide nagusia, gune horretako euri-neurketak, etab.
Lursailaren kostua eta erabilgarritasuna, errepideetako azpiegitura, estalketa beharretarako behar adina material hurbil edukitzea, kolektore-sarearen bidez lixibatuak kanporatzea, etab. ere kontutan hartu behar dira.
Aipatutako irizpide guztiok jaso eta zabortegia eraikitzeak ingurunean eta gizartean sor ditzakeen ondorioak ikertuko dituen Ingurugiroarekiko Eraso-Azterketa (I.E.A.) zehatza eta sakona egitea beharrezkoa da. Ingurunean eta gizarte-mailan eragina duten faktoreei, beste faktore tekniko edo ekonomikoen aurrean, lehentasuna eskaini behar zaie, orain arte bestelakoa egin bada ere.
Hondakinen arabera, bi motako zabortegi kontrolatu daude: jaurtiketa aurretik, xehekatze-lanak egiten dituztenak eta jaurtiketa-eremuan trinkoketa txikia, erdi-mailakoa edo handia dutenak.
Eta lurraren erabileraren arabera: jaurtiketak lurrazalean egiten dituztenak eta jaurtiketak zanga edo luebakietan egiten dituztenak.
Jaurtiketa kontrolatuaren egiteko nagusiak, honakoak dira (ikus 1. irudia): hondakinak laneremuan zabaldu, hondakinak trinkotu eta gai inerteaz estali (hondakinen gainetik zabaldu eta trinkotuz).
Eguneroko hondakin-multzoak eta estalketarako gaiak zelula osatzen dute. Maila berean elkartutako zelulek, berriz, terraza izenekoa osatzen dute (ikus 2. irudia). Zelulen altuera trinkotze-motarekin batera aldatzen da.
Jaurtiketa aurretik xehekatze-lanak egiten dituen zabortegia:
Jaurtiketa aurretik hondakinen xeheketa errota finkoz egiten duen zabortegia, gehienbat material batzuen aprobetxamendu selektiboa lortzeko pentsatua dago (beraz, geroago birziklapen-zentrua ezartzeko aurrerapausoa da) eta baita hondakin-geruzaren aireztapena errazteko ere, hartzidura aerobioa bultzatuz; hartzidura anaerobioak sortu ohi dituen usainak txikiagotu egiten bait dira.
Hondakina xehekatzeak bere bolumena txikiagotzen du eta, beraz, zabortegiaren iraupena luzatzen du.
Jaurtiketa-eremuan trinkotze-lanak egiten dituen zabortegia:
Hiru dira zabortegi kontrolatu hauetako eragiketa-motak: dentsitate txikiko trinkoketa eta estalketa; erdi-mailako dentsitateko trinkoketa eta estalketarik gabeko dentsitate handiko trinkoketa.
Dentsitate txikiko trinkoketa
Deskargatutako hondakinak trinkoketa eskasa eta urradura txikia besterik sortzen ez dituen makina paladunez zabaltzen dira. Dentsitatea, 500 kg/m3-raino heltzen da.
Mota honetako zabortegien ezaugarriak honakoak dira:
Erdi-mailako dentsitateko trinkoketa
Sistema honek, trinkotze-lanetarako makineria berezia eskatzen du. Makina hauei esker, dentsitatea 800 kg/m3-raino heltzen da. Ezarketa-kostuak, dentsitate txikiko sistemaren antzerakoak dira, makinerian izan ezik; gainerako baldintzak berberak bait dira. Dentsitate txikikoekin konparatuz gero egoera higieniko-sanitario hobea lortzen da.
Sistema honen ezaugarri nagusiak ondorengoak dira:
Dentsitate handiko trinkoketa
Sistema honi esker xeheketa eta trinkoketa aldi berean egiten dira, usain txarrak desagerteraziko dituen hartzidura aerobioa eta 1.100 kg/m3-rainoko dentsitatea lortzen direlarik.
Sistema honek dituen berezitasunik aipagarrienak honakoak dira:
Lurrazalean egindako jaurtiketa kontrolatua
Metodorik erabiliena dugu hau. Hondakinak zoruaren gainean zabaldu, trinkotu eta gai inerteaz estaltzen dira
Zanga edo luebakietan egindako jaurtiketa kontrolatua
Metodo honetan, luebaki bat egiten da, hondakinak bertara jaurtitzen direlarik. Zabaldu eta trinkotu ondoren, estalketarako hondeatutako gai berbera erabiltzen da. Beraz kasu honetan, osaturiko zelula eta egindako luebakia bat datoz (ikus 4. irudia).
Zabortegian jaurtitako hondakinak, atmosferaren eta mikoroorganismoen eraginez pixkanaka usteltzen joaten dira. Jaurtitako gai solidoak hiru motako erreakzioak sortzen dituzte: zahartzapena, desintegrazioa eta lixibaketa.
Zahartzapen hitzak, batez ere airerik gabe eta jaurtitako gaien hezetasunari esker gertatzen diren erreakzio anaerobioak biltzen ditu. Desintegrazio hitzari dagokionez, atmosferaren (hau da, aireko oxigenoaren) eraginpean gertatzen diren biologi erreakzio aerobioak (hartzidura eta usteltze) esan nahi du. Beraz, bi hitz hauek, gerta daitezkeen erreakzio fisiko, kimiko eta biologikoak biltzen dituzte.
Zahartzapenak solidotzea eta jaurtitako materialen disolbagarritasunik eza dakartzan bitartean, desintegrazioak harrotzea eragiten du, jaurtitakoa disolbagarri bihurtuz.
Zabortegiaren adina, egonkortze-prozesua erabat amaitu bitarteko denboraldia dela esan genezake. Epe honetako ezaugarri batzuen arabera (esate baterako, lixibatuen konposizioaren, sortutako biogas edota berauen iraupen eta abarren arabera), zabortegiaren bizitzan zenbait fase desberdin bereiz ditzakegu. Laburki esanda, bost dira zabortegiaren egonkortasunerainoko faseak: hasierako egokitzea, trantsizioa, azidoen sorrera, hartzidura metanikoa eta heldutasuna.
H.S.H.en zabortegiek, hasieran, prozesu anaerobiko gehientsuenetan bezalaxe, flora mikrobiano eraginkorra hazteko adina hezetasun pilatzen den arte iraungo duen egokitzea jasaten dute.
Fase honetan, hezetasuna pilatu eta zaborrak asentatuz doaz.
Egonkortze-prozesua usteltze aerobikoarekin batera jartzen da martxan, hondakinen artean harrapatuta geratu den O2 kontsumitu eta CO2 sortuz.
Egokitze-fasearen ondoren, zabortegiak hezetasuna pilatzeko duen ahalmena gainditzen da, eta horren ondorioz, lixibatuak eta azido organiko hegazkorrak (A.O.H.) sortzen hasiko dira.
Ekintza mikrobianoak, bere izaera aerobikoa galduko du, anaerobiko bihurtuz, lehen mailako elektroi-hartzaile den O2, NO3-k eta SO4=-k ordezkatuko dutelarik. Beraz, egoera erreduktorean gaude.
3. fasean, hondakinen etengabeko hidrolisia dela medio, lixibatuen osagaien artean azido organiko hegazkorrak nagusi dira. Horren eraginez, zabortegiaren pH-a txikiagotu eta metalen nahiz nitrogenoaren edo fosforoaren antzeko bakterio-elikagaien arteko konplexu-eraketak eta mobilizazioa antzeman daitezke, biomasak bere hazkuntzarako erabiliko dituelarik.
Lixibatuetan aurki ditzakegun azido organiko hegazkorren artean aipagarrienak, azetikoa, propionikoa, butirikoa, isobutirikoa, isobalerikoa eta az. hexanoikoak dira.
Aurreko faseetako bitarteko produktuen eraldaketaren bidez CH4 eta CO2 sortuko dira 4. faseari hasiera emanez. Gas-produkzioak gora egiten duen bitartean, lixibatuen kontzentrazio organikoa (DBO, DQO), alderantziz, txikiagotuz doa.
Hemendik aurrera, pH balioa, A.O.H.ek ez baizik eta CO3=/HCO3- sistemak kontrolatutako maila finko batean mantenduko da.
Erredox Potentziala bere maximora iritsiko da (erabateko egoera erreduktorean gaude beraz). Bakterioentzako elikagaiak oso azkar kontsumitzen dira.
Azken fasean biogas-produkzioa moteldu eta geratu egiten da (seguruenik, bakterioentzako elikagaiak mugatuak izango dira). O2 eta beste zenbait oxidatzaile berriro agertzen dira, erredox potentziala handiagotuz.
Fase guzti hauek nahastuta daude zabortegietan. Zabortegiek ez dute adin konkreturik, adin-multzoa baizik, zabortegietako zati edo gune bakoitzak dituen ezaugarri fisiko, kimiko eta mikrobiologikoen arabera.
Zabortegiak ekosistema baten modura jokatzen du, bertako erreakzio fisikoek, kimikoek, eta biologikoek hasiera bateko gai organikoak aldarazi eta solido egonkorrak, gasak eta lixibatuak sortzen dituztelarik.
Zabortegia behar bezala diseinatu eta gestionatzen bada ez dago arazoak sortzeko arriskurik. Kontrolpean egon behar duten faktore garrantzitsuenak hiru dira: sor daitezkeen bektore-fokuak, gas-eraldaketak eta lixibatuek eragin dezaketen ur-poluzioa (batez ere, euria ugari den Euskal Autonomi Elkarteko zenbait lurraldetan). Gaur egun azken bi eragozpen hauek dira, hain zuzen ere, gehien ikertzen ari diren faktoreak.
Lixibatuak, jaurtitako zaborren distilazioaren eta berauen artetik euriaren iragaztearen ondorioz sortutako likido poluitzaileak dira.
Lixibaketa-tasa zabortegi batetik bestera desberdina den parametroa da. Desberdintasun honen arrazoiak zabortegiaren diseinua, klima eta kontrolpean utzitako hondakinen izaera.
Lixibaketan eraginik handiena duen faktorea klima da dudarik gabe (neguan eta udaberrian lixibatuen produkzio-tasa askoz ere handiagoa izaten da; udan eta udazkenean aldiz, nabarmenki txikiagotzen da). Bestalde, ur-ugaritasunak lixibaketan duen eragina zabortegiaren adinaren arabera alda daiteke. Lehen urteetan, iragazitako euri-ura hondakinek utzitako zirrikitu edo poroetan, ondorengoetan baino errazago pila edo irents daiteke. Beraz, oro har, zabortegiaren adina handiagotu ahala lixibatuen produkzio-tasa handiago izango dela espero behar da.
Hondakinen trinkoketa areagotzen den neurrian, lixibaketa txikiagotuz doan fenomeno fisikoa da (iragazte-tasa txikiagoa bait da).
Lixibatuen konposizioa ere, zabortegi batetik bestera aldatzen den parametroa da. Zabortegian sortutako lixibatuen kalitatean eragina duten faktoreak ugari dira. Aipagarrienak honakoak dira: hondakinen ezaugarriak (hauek ere aldi berean, zonaldeko herritarren bizi-mailaren eta elikaduraren eraginpean daude), lurrazaleko hidrogeologia, klima, urtaroak, zabortegiaren adina, pilatutako zabor-kopurua eta altuera, berauen hezetasuna, erabilitako tratamentu-mota, etab.
Datu hauek kontuan izanik, zabortegiaren adina lixibatuaren edukin organikorako erabakiorra dela antzeman daiteke. Zabortegi gazteetan, lixibatuen edukin organikoaren proportzioa altua izaten da, baina adinarekin batera txikiagotuz doa. Horren arrazoia, lehen urteetan zabortegian izaten den gai organikoen hartzidura-tasa handia da.
Oro har, zabortegiko iharduera biologikoaren arabera, lixibatuen pH-a 5,5 eta 8,0 bitartekoa da; esegiduran dauden solidoetako proportzio nagusi bat hegazkorra da; DQOren zatirik handiena azido hegazkorrek osatzen dute; Kjendahl Nitrogenoaren zatirik handiena amoniakala da eta fosfato-maila oro har txikia izan ohi da.
Lixibatuak behar bezala kontrolatzeko, zoruko eta zoru azpiko denaje- eta bideraketa-sarearen diseinu aproposa eta lurrazalaren iragazkaiztasun egokia behar-beharrezkoak dira.
Kontrolatua izan nahi duen edozein zabortegiren funtzionamenduko filosofiaren aurka legokeen edozein tentazio baztertuz, lixibatuak, pilatu eta gero, zabortegian bertan tratatu edota araztegira garraiatu behar dira, jokabide honek izan ditzakeen kostuak alde batera utziz.
Lixibaketaz gain, gai organikoen usteltzeak gasak ere sorterazten ditu. Oro har zabortegiak liseritzaile anaerobikoa balitz bezalaxe jokatzen du eta hartzidura-prozesu mikrobiologikoaren bidez, bi urteko epean gutxi gorabehera, oreka-egoerara iristen den gas-nahasteak sortzeko gai da. Horretarako 4 fase edo etapa bete behar dira (ikus 5. irudia): Lehen fasea (zabor-jaurtiketa egin eta berehala), fase aerobikoa da.
Bertan N2-ren produkzioa nagusi da eta CO2-ren produkzioa gora doa. Fase honek bi aste inguruko iraupena du. Bigarren fasea, airerik ez dagoenez, fase anaerobikoa da, hartziduraren ondorioz azidoak sortuko direlarik. Fase honen azken aldera CO2-ak kontzentrazio-mailarik altuena lortuko du, H2 azalduko da eta N2-aren proportzioa jaitsi egingo da. Fase honek bi hilabetetako iraupena du. Hirugarren fasean, metanoa azaldu eta gora egiten duen bitartean, gainerako produktuak murriztuz doaz.
Tipikoki anaerobikoa den fase honen iraupena bi urtera luza daiteke. Laugarren fasearen, hau da, estabilizazio fasearen, ezaugarri nagusia, CH4 eta CO2 gasen arteko proportzioak dira, batezbeste % 60 eta % 40 dagozkielarik. Fase honek, gutxienez 10 urteko iraupena izan dezake, baina zabortegiko baldintzen arabera, hogeitabost, hogeitamar edo urte gehiagora irits daiteke.
Aipatutako lau faseak ez dira aldaezinak; jaurtiketa-sistemak eta kontrolpean utzitako hondakinen osagaiek, eragin handia bait dute. H.S.H.en konposizioa bakarrik kontutan hartzen badugu 2. taulakoa antzeman dezakegu.
Lehenengo bi osagaiak, gai organikoa eta papera, hartzidura jasaten duten bakarrak dira, baina aldi berean, hartzidura bera ere hezetasun-mailaren eta O2-aren menpe dago.
Lehen aipatutako gasez gain beste zenbait gas ere sortzen dela esan beharra dago. Oro har zabortegiko biogasaren konposaketa honakoa da: metanoa % 50-70, karbono dioxidoa % 30-50, nitrogenoa % 0,4-20, oxigenoa % 0,1-1,5 eta beste batzuk (merkaptanoa.) % 1.
Biogasak, lixibatuekin gertatzen den bezalaxe, jarraipen eta kontrol berezia eskatzen du. Gaur egun, biogasa jaso eta suntsitzeko, erregailu aproposa erantsita duten burdinazko zuziak erabiltzen dira (ikus 6. irudia). Zabor-masan txertatuta dauden material iragazkorrez betetako putzu hauetatik gasa berez irteten da, baina zenbait kasutan, zurgapen-sistema bati lotutako tutu-sare baten bidez gasa zuzi bakar batean erre daiteke.
Metano gasaren bero ahalmena 8.942 kcal./m3-koa da gutxi gorabehera. Biogasak duen metano-portzentaia % 50-55 bitartekoa izan ohi denez, normalean kalkuluetarako 4.450 kcal./m3 (% 50eko CH4) hartzen da. Euskal Herrian produzitutako hiri-hondakinek dituzten gai organikoen proportzio altua kontutan hartzen badugu, 20 urtean zehar, H.S.H.en kg bakoitzeko 200 litro CH4-ko errendimendua onar daiteke. Datu honek agerian uzten du biogasa aprobetxatzeak duen interes altua eta H. S. H.en Zabortegi Kontrolatua etorkizunerako energi erreserba bihur daitekeela.
Hondakin solido hiritarren konposizioaOsagaiak |
Hartzidura |
Euskadi |
Europa |
EEBB |
GAI ORGANIKOA |
azkarra |
% 50 |
% 35 |
% 22 |
PAPERA ETA KARTOIA |
motela |
% 18 |
% 25 |
% 42 |
PLASTIKO TRINKOA |
ez |
% 3 |
* |
* |
PLASTIKO MEHEA |
ez |
% 2 |
* |
* |
TXATAR MAGNETIKOA |
ez |
% 3 |
% 5 |
% 8 |
INERTEAK |
ez |
% 13 |
% 20 |
% 16 |
GAI EZBERDINAK |
ez |
% 11 |
% 15 |
% 12 |