Andoni Sagarna gure elkarteko zuzendariak sarrera-hitzaldi interesgarria egin zuen terminologi bankuei buruz. Terminologia orokor eta teknikoaren arteko desberdintasunak aipatu ondoren, terminologi bankuen beharraz eta egituraz mintzatu zen.
UEU topaleku da eta bertan unibertsitate-zentru desberdinetan dabiltzanek elkar ikusteko eta ideiak trukatzeko aukera ederra dute. Horrexegatik, disziplinarteko gaiei pisu berezia ematen zaie UEUn. Aurten, Newtonek duela 300 urte argitaratutako " Philosophia naturalis principia matematika " liburua izan da aitzakia. Fisikariek, matematikariek eta filosofoek Newton eta berak zientziari egindako ekarpenak aztertu dituzte. Sei hitzaldi eta mahainguru baten bidez jorratu zen Newtonen zientzia eta eragina. Hauetxek izan ziren hitzaldiak: " Newtonen iraultza zientifikoaren zenbait puntu: ontologia eta inkonmentsurabilitatea " A. Mtz Lizardui; " Newtonen pentsakera antimekanizista: zientzia eta teoria " A. Ibarra;" Newton eta kalkulua " J. Duoandikoetxea; " Newton eta mekanika " A. Duoandikoetxea; " Newton eta optika " J. R. Etxebarria eta " Newton alkimiaren erreinuan " I. Irazabalbeitia.
Gainera, " Newtonen zientzia eta filosofia " mahaingurua, bereziki aberasgarria izan zen eta hiru ordu luzetan zabaldu zen eztabaida. Andoni Ibarraren ustetan Newtonek erabiltzen duen metodoa axiomatikoa da. Principia liburuaren sarreran axioma batzuk ezartzen ditu eta beste gauza guztiak horietatik ateratzen dituen ondorioak justifikatzeko erabiltzen ditu Newtonek. Joxerra Etxebarria ez zegoen honekin ados eta Ibarrak ondorio horretara liburu bat aztertuta iritsi dela dio. Berak ere Principian metodo axiomatikoa erabiltzen duela hein batean dio, baina beste liburu batzuk ("Optika" esaterako) aztertzen badira, metodo esperimentala erabiltzen duela ikusten da. Sarrera honen atzetik entzuleei ere zabaldu zitzaien hitz egiteko aukera.
UEUn biltzen diren matematikariak ez dira asko, baina gai interesgarriak ukitzen dituztenik ezin uka. Sailburusa den Arantxa Urkaregik datu-analisiaren muina aztertu du. Datu-analisia dimentsio anitzezko estatistikaren atal bat da eta bere teknikak errazak dira; algebra linealean oinarritzen bait dira. Datu-analisiak bestalde, oso aplikazio-eremu zabala du: sozioekonomia, demografia, nekazaritza, soziologia...
Jabi Duoandikoetxeak kristalak eta kuasikristalak aztertu zituen. Hona hemen bere hitzak:" Naturan agertzen diren materialak bi eratakoak izan daitezke: amorfoak eta kristalinoak. Bigarrenen ezaugarririk nabarmenena simetri propietate handiak izatean datzan bitartean , lehenengoek ez dute horrelakorik eta X izpiekin estudiatzerakoan mantxa bat ematen dute. Translazio,biraketa eta isladapenaren bidezko aldaezintasunak aztertuz kristal-mota posibleak zeintzuk diren ikus daiteke: talde kristalografikoak alegia.
Duela gutxi laborategian sintetizatutako material batzuetan simetria pentagonala nabaritu zen X izpien bidez. Jakina da simetria hori kristaletan ezinezkoa dela. Hortaz kristalak ezin zitezkeen izan. Hala ere, materiala ez da guztiz amorfoa eta horrexegatik kuasikristal esan zaio. Kuasikristalen eredu matematikoa Penrose-ren arlauzamendua da."
Urtero bezala Fisika-sailean gauza asko egin dira eta guztien artean zerbait aipatzekotan J.F. Tobar Arbuluk " Mirari kuantikoa " izenburupean emandako ikastaroa eta F. Plazaolaren " Fisika eta armagintza " hitzaldi interesgarria aipatuko genituzke. Plazaolak, fisikariek armen garapenean duten papera azaldu zuen. Bestalde, gertakizun hau ez dela atzerrian bakarrik gertatzen; gure artean ere jazoten ari dela azpimarratu zuen eta adibide gisa zera esan zuen Euskal Herriko arma-lantegiei buruz: " Garai batean eskopetak egiten ziren; orain misilak "
Natur Zientzien urteroko langintzan ziklo itxurako zerbait gertatzen da. Zenbait urtetan gai monografikoen azterketari lotzen zaizkio eta beste batzuetan gai dispertsuagoak ukitzen dira. Aurtengoan azken hau gertatu da. Ukitutako gaien artean bi iruditu zaizkigu aipagarri: Hecho aldera egindako ibilaldia eta erleekin egindako praktikak.
Koldo Nuñez sailburuak honen berri ematen digu: "Aurten Hecho aldera joan gara. Aste osoan ibilaldia teorikoki prestatu dugu eta asteburuan joan gara. Hecho harana oso interesgarria da geologiaren aldetik eta bertara mundu osoko geologoak biltzen dira harriak,seismoturbinitak hain zuzen, aztertzera. Hechon dauden harriak mesozoikoan agertu ziren. Garai hartan, orogenia alpinoa hasi zen eta bertan zegoen itsasoaren plataformaren zati handiak behera erori ziren lehenengo seismoekin eta harri-mota ikusgarri eta handiak sortu zituzten.
Erleekin ere praktikak egin ditugu. Jendeak taldeka Martxel Aizpuruak ekarritako erlauntzak aztertu ditu"
Informatikariek aurten aztertu duten gairik nagusiena irakaskuntzarekin lotuta egon da eta OHOko irakasleei informatikak irakaskuntzari eskaintzen dizkion baliabideak azaldu zaizkie.
Tratatutako beste gai batzuk "Mikroprogramazioaren oinarriak", "Itzulpen automatikoa" (Ordenadorez lagunduriko itzulpenaren deskribapen orokorra egin da), " Euskarazko analizatzaile morfologikoa "(Adimen artifizialean gehien erabiltzen den LISP lengoaiaz inplementatutako programa honek esaldi baten hitz bakoitzerako analisi morfologiko posible guztiak ematen ditu), "PROLOG programatzeko beste era bat " eta " Euskaraz idatzitako algoritmoentzako aurrekonpiladorea " izan dira.
Hau da zientziaren ikuspegitik XV. UEUk eman duen fruitua. Hala eta guztiz ere, UEUren ekitaldi honek badu puntu negatibo garrantzitsu bat: kimika sailaren porrota alegia. Aspalditxo, garai batean oso ondo ibilitako sail hau ahuldu xamarra zebilen eta aurten, ustez programa erakargarri eta interesgarri baten aurrean, ikaslegoak huts egin du. Ondorioz kimikarik ez da aurten egon. Gertaera tamalgarri honen kausak lasai eta sakonki aztertu beharko dira eta datozen urteei begira kimikariak berriro UEUn biltzeko modua ikusi behar da.
Iruñekoa bukatu da, azaroaren bukaeran Donostiako hitzaldiak emango dira eta bitartean Baionan iparraldeko ekitaldia dago. Badu UEUk zer eginik urtea bukatu baino lehen!
Parisetik datorren matematikariaEnrike Zuazuak bere doktorego-tesia irakurri du UEUren barnean. Hori aitzakiatzat harturik beregana jo dugu elkarrizketa hau burutzera. Elhuyar- Hitz lauz, zertaz da zure tesia? Enrike Zuazua- Ebuluziozko diren deribatu partzialetako ekuazioen ebazpenen propietate kualitatiboak aztertu dira. Kontsideratutako ekuazioen artean uhin-ekuazioa eta plaka bibrakorraren ereduak ikusi ditugu. Aztertutako gai nagusienak hiru izan dira: Ebazpenen infinituko konportamoldea, ebazpenen oszilazio-propietateak eta ebazpenen kontrolagarritasun zehatza. E- Tesi teoriko ala praktiko bezala definituko zenuke? E. Z.- Tesi honetan aztertzen diren gaiak nolabait matematika aplitatuzkoak dira. Tesi hau "Laboratoire d'Analyse Numèrique" izenekoan egin da hots, laborategi aplikatu batean. Hala ere hanka bat alde batean eta bestea bestean du. Guztiz numeriko edo informatikoa den matematika eta matematika teorikoaren artean kokatua dago. Guk lantzen ditugun ekuazioak fisikatik datozkigu eta hain zuzen nere tesian plaka bibrakorren ereduak aztertzen dira. Dena dela, guk azterketa guztiz teorikoa egiten dugu. E- Orain arte Parisen izan zara , zer egin behar duzu gaurtik aurrera? E. Z.- Nire asmoa behintzat Euskal Herriko Unibertsitarera itzultzea da. E- Hona etorrita, Parisen egiten zenuen lana egiterik izanen duzu? E. Z.- Nik egiten dudan lana Bilbon ere egin dezaket. Parisen uhin-puntan zaude beti eta une guztietan jendea zertan ari den badakizu. Bilbon daukazun arriskua zera da: Parisetik etorri eta handik hiru urtera ikasten ari zinena oraindik ikasten egotea, modan dauden problemak galtzea. Horregatik nere ustez beharrezkoa da matematika aldetik gure inguruan potente diren Madril eta Pariseko unibertsitateekin harremanak maiz izatea, hango jendea ekarri eta hemengoa hara joan. Dinamika horretan sarturik, nik ez dut uste problema handiak daudenik Bilbon egonda. |