Elhuyar Fundazioa
Baina zein berrikuntza eskaintzen ditu Windows berri honek? Itxuran gauza handirik ez, baina, Microsoft-ek dioenez, etxeko erabiltzailearengan pentsatuz garatutako Windows-a da berri hau. Horregatik, mundu digitalarentzako Windows bat dela ere esan daiteke, irudi digital eta soinuekin lan egiteko bereziki pentsatuta baitago. Microsoft-en esanetan, jendeak etxeko ordenagailua erabiltzen duen gauzetara bideratu dute, hau da, dibertsioa, informazioa atzitzea eta komunikazioa. Honako hauek dira eskaintzen dituen berrikuntza nagusiak:
Windows Me-k multimedia etxean lantzeko aukera berriak eskaintzen ditu. Lehendik ere ezagun genituen Windows Media Player edo DirectX teknologien bertsio berriak ditu; besteak beste, musika zuzenean Internet-etik entzuteko aukera ematen digu. Baina berrikuntza nagusia etxean bideoa editatzeko gehitu duten aplikazioa da. Windows Movie Maker izeneko softwarea da hori, eta bideo digitalaren arrakastari aurre egiteko sortutako aplikazioa da. Bideoak bezala kamera digitalak ere gero eta zabalduago daudenez, norberaren argazki-albuma osatu eta argazkiak manipulatzeko softwarea ere badu.
Microsoft-ek Interneten alde egin duen apustuari eusten dio, eta Windows berri honek ere baditu hainbat berrikuntza zentzu honetan. Betiko nabigatzaile eta posta-kudeatzaileaz gain, berrikuntza nagusia Internet-era konektatuta dauden inprimagailuen bidez zuzenean dokumentuak inprimatzeko aukera da. Hori erabiliz munduko beste puntan dagoen inprimagailu batean inprima dezakegu gure etxetik. Gainera, inprimatzeko aurrebista bat ere gehitu du, eta horrela inprimatu behar duguna nola azalduko den aurrez ikusi dezakegu.
Aurreko bertsio guztiekin egin duten bezala, Windows honek ere Plug and Play delakoa betetzen duela sinestarazi nahi digute. Agian oraingoan egia izango da, baina ezagutzen ditugu aurreko kasuak nolakoak izan diren. Dena den, oraingo honen berrikuntza nagusietakoa zera da: etxean sare bat ezartzen lagunduko digun morroia dakar. Haren bidez, etxean ditugun ordenagailuekin sare bat osatu ahal izango dugu; horretarako, Ethernet edo telefono-kable arrunta erabili ahal izango ditugu. Horrez gain, konexio bakarra erabiliz, erabiltzaile bat baino gehiago aldi berean Internet-era konektatzen utziko digun sistema ere gehitu du.
Aurreko Windows-ek ematen dituzten arazo guztiak ikusita, horiek konpontzeko tresnak gehitzea erabaki du Microsoft-ek. Beraz, eta hau ere teorian, pantaila urdin madarikatu horiek ez ditugu gehiago jasango. Ikusiko dugu hala ote den! Sistemaren konfigurazioa berreskuratzeko sistemak edo baimenik gabeko idazketak murrizteko babesak ezartzen ditu Windows berriak. Ea oraingoan benetan egonkorra den!
Horiek dira azaletik begiratuta Windows berriak eskaintzen dizkigunak. Orain norberarena da azken erabakia: benetan merezi al du gure ordenagailuari sistema eragilea berriz aldatzea? Zertan hobetuko dugu? Ba al dugu nahikoa disko gogor, nahikoa memoria honekin lan egiteko? Merezi al du ekipoa handitzea edo berria erostea horretarako? Norberak ikusiko du zer egin.