L.Dassance eta J. Elissaldek 1923-25 bitartean “Gure Herria” aldizkarian “Eskual-Herriko hegaztinak eta choriak” izenburupean argitaratutako artikulu-sorta batean, “gau-chori harrapariak” bi motatakoak zirela azaltzen zuten: Bat, beharriduna, maiz oihanetan bizi da: erdaraz , “hibou” eta “duc”. Bertzea, beharririk gabea, maiz harroka ziloetan, etche zaharretan edo eliza dorreetan dago: erdaraz, “chouette”. Eta asko ihiztari zaharrekin elhe eginik, asko hiztegi zahar ikerturik, uste dugu hau kaheka deitu behar dutela, Eskualdunek: hura aldiz, huntza.
Dassance eta Elissaldek burututako sailkapen argi eta garbia ordea, ez zaigu egun nahikoa iruditzen antza, eta “beharridun nahiz beharririk gabeak”, hainbat espezie desberdin bereizi ditugu harrapari gautarren artean ere. Eta horregatik, Euskal Herriko naturaren deskribapenaren aitzindari izandako bi idazle hauek “kaheka” hitzez izendatzen zuten hegazti-motaren barnean, gaur egun mozoloa (Athene noctua), hontza zuria (Tyto alba), zingira-hontza (Asio flammeus) eta urubi arrunta (Strix aluco) bereizten ditugu; kontua gauzak konplikatzea baita!
Hontza eta kahekaz osatutako estrigiformeen ordenaren baitan ordea, azken espezie hau —urubi arrunta (Strix aluco )— dugu, zalantzarik gabe, Euskal Herriko espezierik hedatu eta ugariena. Itxurari dagokionez, gainerako estrigiformeen antzekoa da oso: beti tente mantentzen da, buztana laburra du, eta burua berriz, handia eta biribiltsua.
Bestalde, urubia 37-46 cm-ko luzera eta 340-450 g bitarteko pisua duen hegaztia dugu. Tamaina ertainekoa edo handitxoa, beraz, estrigiformea izateko. Begiak beltzak ditu erabat, eta hau ezaugarri bereizgarria du. Izan ere, Euskal Herriko gainerako estrigiforme gehienek begi laranja edo horiztak baitauzkate. Lumaje trinkoa berriz, arrea edo grisa izaten du, eta ageri duen pintarraketa medio, kriptikoa dela esan daiteke. Honen arrazoia bestalde, nabaria da oso. Izan ere, urubia bizimodu gautarreko hegaztia baita, eta gauez koloreek ezer gutxitarako balio dezakete. Bestalde, eguna kokaleku segururen batean igarotzen du geldirik, erdi-lotan, eta egoera honetan ahalik eta koloraziorik apal eta ikusgaitzena izatea komeni zaio, noski.
Urubia basoko hegaztia da bere bizilekuari dagokionez, eta ehizerako habitat mota desberdinak ustira baditzake ere, zuhaitzak derrigorrezkoak ditu, bai habia egiteko, eta bai kokaleku eta ezkutalekutarako. Hau dela eta, urubia Euskal Herriko ia eskualde guztietan bizi da Nafarroako hegoaldean izan ezik, bertan ez du baso-ingurunerik eta.
Elikadurari dagokionez ordea, urubia ehiztari orojalea da, eta oso mota desberdinetako ehizakiak harrapa ditzake, muga bakarra tamaina duelarik. Ehizakirik arruntenak arratoiak, saguak, satainak, satorrak, muxarrak, satitsuak, eta beste mikrougaztunak izaten dira, baina hauez gainera makina bat intsektu (kakalardo handiak batipat), hegaztiak, eta zenbait anfibio eta narrasti ere harrapa ditzake. Azken hauek ordea, oso aldizka baino ez ditu atzematen. Izan ere, urubia gauez aritzen delarik, ordu horietan narrasti gutxi mugitzen baita.
Eta ehizakia mugitzea derrigorrezkoa da, urubiak aurkitu ahal izan dezan; hegazti bikain honen ehiza-tresna nagusiak ikusmena, eta batez ere entzumena baitira. Urubiaren begiak handiak dira oso, eta beraz, baita bere begininiak ere. Ondorioz, urubiak usoak baino 100 aldiz argi gehiago jaso dezake. Baina hontza eta kaheken begiek badute beste berezitasunik: esferikoak izan beharrean zilindrikoak eta luzeskak dira, eta honela, jasotzen duten argiak askoz ere irudi handiagoa sortzen du beren erretinan, formen diskriminaziorako ahalmen ikaragarria lortzen dutelarik.
Eta hau lagungarri zaie oso gaueko iluntasunean ikusi ahal izateko. Begi zilindrikoek ordea, badute bestelako ondoriorik, eta horregatik, urubiaren ikusmen-angelua 110°koa besterik ez da (gurea 180°koa, eta usoarena berriz, 360°koa da). Baina eskasia hau konpontzearren, urubiaren burua izugarri erraz giratzen da alde batera eta bestera, eta bere inguru osoa ikus dezake behar izanez gero.
Nolanahi ere, urubiaren ehiza-tresna bikainena entzumena da. Belarri ikusgaitzak, buruaren alde bietara asimetrikoki kokatuta dituen organo handiak dira, eta bestalde, begien inguruan ageri dituen lumazko disko fazial bikainek, anplifikagailuaren lana betetzen dute. Horrela, urubiak katuak baino lau aldiz zehatzago koka ditzake hotsak, eta are gehiago frekuentzia altukoak direnean (animalia txikiek orbel gainean dabiltzanean sortzen dituztenak, adibidez).
Ehizakiaren kokalekuaz jabetu ondoren, eraso egiten dio. Harrapakin dohakabeak ez du defentsabiderik; gainera bere luma leunei esker urubiak hegan hasten denean ez baitu inolako hotsik ateratzen. Ehizakia atzapar bikainez harrapatu duenean, urubiak irentsi egiten du oso-osorik, eta liseriketa burutu ostean, ileak, hezurrak eta beste hondakinak oka eginez kanporatzen ditu, egagropila izenaz ezagun den zilindro-itxurako masa eratuz. Egagropila hauek animaliaren ohizko kokalekuaren inguruan ugari aurki ditzakegu, eta horiek aztertuta makina bat datu lor daiteke, bai urubiaren dietari dagokionez eta bai ingurune horretako mikrougaztunen populazioei dagokienez.
Urubia animalia ikusgaitza da, baina bere kantu ozena erraz entzun daiteke, ilunabarrean eta gaueko lehen orduetan batipat, Euskal Herriko ingurune gehienetan. Kantu honen zeregina lurraldearen jabetza aldarrikatzea izaten da, eta ondorioz, urtarriletik aurrera askoz ere maizago entzun genezake, bikotea ugalketa-lanei lotzeko prest dagoenez gero. Otsailaren erdi-aldetik aurrera, enbor-zuloren bat aukeratu, eta emea erruten hasten da. Bizpahiru egunero bat eginez, guztira 3-5 arrautza errun ditzake, eta lan horri eutsi ondoren, arra izango da bazka lortzeaz arduratuko dena, eta emea habiatik ez da irten ere egingo.
Txitoak 28-30 egunen buruan jaiotzen dira, eta munduratzean grisez pintarratutako lumaska zuriskaz jantzitako hegaztitxo itsu eta xelebreak izaten dira. 20 g inguruko pisua besterik ez dute izaten. Begiak irekitzerako bi aste igarotzen dira, eta beste bi beharko dituzte helduen tamaina eta itxura lortzeko. Dena dela, eta arrautzak bizpahiru egunero erruten dituztenez, txitoak ere bizpahiru egunero jaioko dira, eta horregatik, sarritan, lehen txitoa eta azkena jaio bitartean bi aste ere igaro daitezke. Eta ondorioz, gurasoek behar adina jakirik lortzen ez badute, txito gazteenak hil egiten dira, zaharrenek jan ditzaketelarik.
Hegan ikasi aurretik abiatzen dira urubi gazteak enborretan gora habiako zulo goxoa utziz, baina makina bat aste egingo dute oraindik gurasoen babesean, eta uda-erdira artean hauek arduratuko dira txitoei bazka emateaz. Epe horretan sendotu, eta ehiza-lanetan trebatu egin behar dute noski; udazkena iristerako gurasoek bidali egingo baitituzte beren lurraldetik, aurrerantzean bere gisara moldatu beharko dutelarik. Eta hori ez da hain erraza, gazteen erdiak urtea bete baino lehen hil egiten dira eta.
Fitxa teknikoa URRUBI ARRUNTA Espeziea: Strix aluco Ordena: Estrigiformeak Klasea: Hegaztiak |