Urtaroek sortutako gorabeherak

Segidan ikusiko dugunez, gure bizitzarako hain garrantzitsua den fenomeno hau Lurraren biraketa-ardatzak agertzen duen xehetasun baten ondorio dugu.
1. irudia.

Ekainean San Juan gaua dugu oso gau berezia. Urteko laburrena kontsideratu ohi da eta ospakizun bereziak izaten dira gau horretan. Gauza hauek eta, azken batez, urtaroen ondoz-ondoko jarraipena, oso fenomeno ezaguna zaigu; baina, zein da jarraipen horren atzean dagoen arrazoia?. Segidan ikusiko dugunez, gure bizitzarako hain garrantzitsua den fenomeno hau Lurraren biraketa-ardatzak agertzen duen xehetasun baten ondorio dugu: Lurraren orbitaren planoarekin –hau da, ekliptikoaren planoarekin– egiten duen 23°26'21"-ko angelua, konkretuki. Ikus 1(b) irudia.

Lurraren biraketa-ardatza ekliptikoaren planoarekiko elkartzut balitz, eguna (argi dagoen orduak bezala kontsideratuz) eta gaua berdinak izango lirateke urte osoan. Gainera Lurreko puntu konkretu bakoitzak, urte osoan zehar baldintza berdinetan jasoko lituzke Eguzkiaren izpiak. Ondorioz, tenperatura oso homogenoa izango litzateke beti. Zehatzago esanda, latitude berdineko puntuek inklinazio berdinekin jasoko lituzkete Eguzkiaren izpiak. Izpiak zenbat eta elkartzutako iritsi, gainazal- eta denbora-unitateko hartuko luketen bero-kantitatea haundiagoa izango litzateke (ikus 2. irudia). Beraz, tenperaturarik altuenak ekuatorean izango genituzke eta poloetara hurbildu ahala, simetrikoki jaitsiko lirateke, mutur bietan minimoak izanik.

2. irudia.

1(a) irudian Lurrak, ardatzaren inklinazioa kontuan izanik, Eguzkiarekiko hartzen dituen posizio erlatiboak ditugu. 3. irudiak posizio ezberdin horietan gertatzen direnak ulertzen lagunduko gaitu. 3(a) irudian Lurra iparraldeko hemisferioan neguko solstizioa gertatzen den unean hartu dugu (Aurrerantzean, aipatzen ez bada ere, solstizio edo ekinozio batetaz ari garenean, beti iparraldeko hemisferioari dagokiona izango da). Egoera honetan irudiko A puntua hartzen badugu, begi-bistakoa da bertatik ez dela Eguzkia ikusten eguneko 24 orduetan.

Eguzkia horizontearen azpian gelditu da justu-justu. Lurrak bere orbitari jarraituz aurreragoko puntu batetan dagoenean, Eguzkia A puntuaren horizontearen gainetik agertzen hasiko da, egunetik egunera denbora gehiago egonez. A puntuak eta paralelo berdineko beste guztiak dira zirkulu polar artikoa definitzen dutenak eta beraien latitudea 66°33'39"-koa da. Zenbat eta A baino latitude haundiagoko puntuetara joan, orduan eta gau luzeagoa izango dugu, ipar poloan sei hilabetekoa izanik (ekinokzioen arteko denbora tartea).

Azken xehetasun hau 3(b) irudian ikus daiteke hobeto. Bertan, Lurraren orbita gainetik ikusia dugu eta ilunez estali dugu gauez dagoen Lurraren zatia. Esaten genuenez, ipar poloa ilunpetan dago udazkeneko ekinokzio-egunetik (orduan izkutatzen baita Eguzkia horizontearen azpian) udaberriko ekinokzioa iritsi arte (orduan igotzen da Eguzkia horizontearen gainera).

3. irudia.

Bestalde, 3(a) irudian B puntu bat hartzen baldin badugu, egunean 12 ordu argi dituela egiazta daiteke, urte osoan gertatuko den bezala. B puntutik gorako guztietan gauak 12 ordu baino gehiago irauten du eta paralelo bakoitzean urtean zehar izango duten gaurik luzeena igaroko dute. B puntutik beherakoentzat gaua laburragoa da zenbat eta polorantz gehiago hurbildu. D puntuan Eguzkia ez da izkutatzen egun guztian eta puntu honek zirkulu polar antartikoa definitzen du. Hego polorantz goazen neurrian, Eguzkiak izkutatu gabe egiten duen denbora haundiagoa da eta hego poloan sei hilabeteko eguna dugu.

Eguzkiak (eta jeneralean edozein astrok) zeruan hartzen duen altuera, behatzaileak eta Eguzkiak osatzen duen lerroak horizontearekin egiten duen angelua neurtzen digu, 4. irudian hemisferio bietako bi punturekin egin dugun bezalaxe. Hau kontuan izanik, neguko solstizioaren azterketa bukatzeko E puntuari lotuko gatzaizkio. Bertan, egun honetan, Eguzkia zenitean –bertikalaren gainean– dute, hau da, 90°-ko angeluaz ikusten dute. Puntu honek kaprikornio tropikoa definitzen du eta latitude negatiboagoa dutenak ez dute inoiz Eguzkia zenitean ikusten; beste angelu txikiago batez baizik, horrek beroaren probetxamendurako dakarren ondorioekin.

Urtearen laurdena pasa ondoren, Lurra udaberriko ekinokzioan egongo da. Orduan Eguzkia ekuatoreko puntuen zenitean dago eta Lurreko puntu guztietan, poloetan izan ezik, gaua eta eguna berdinak dira. Puntu honetatik aurrera, iparraldean gauen iraupena laburtuz jarraitzen da udako solstizioan minimoa izanik. Hemen errepikatu egin daitezke, hemisferioak aldatuz, neguko solstizioari buruz esan ditugun guztiak. Iparraldeko tropikoari Kantzer deitu ohi zaio.

4. irudia.

Udako solstizioa pasa ondoren, joerak aldatu egiten dira eta gaua luzatzen hasten da iparraldean eta hegoaldean laburtzen, noski. Udazkeneko ekinokzioan gaua eta eguna berdindu egiten dira berriz ere. Azkenik, beste bira-laurden batekin, zikloa itxi egiten da eta neguko solstizioan gaude berriz.

Urtaroekin loturik dauden klima- edo eguraldi-aldaketak, eskualde bakoitzaren gauaren iraupena eta Eguzkien izpiek iristen direneko inklinazioaren funtziopean daude. Hori dela eta, tropikoen arteko eskualdetan tenperatur aldaketak txikiak izaten dira urtean zehar, gauaren iraupena eta izpien inklinazioa gutxi aldatzen direlako.

Aipatzekoa da bestetik urtaroek dakarten eguraldi-aldaketa beraiekiko atzeraturik gertatzen direla. Beraz, adibidez, udako berorik haundienak ez dira San Juan egunaren inguruan izaten; uztailaren azkenaldean eta abuztuaren hasieran baizik. Fenomeno honen arrazoiak, itsasoetako uren tenperaturen banaketan daude. Itsasoek lurrak baino askoz ere erraztasun haundiagoz gordetzen dute beroa eta hortik datorkie eguraldia mugatzeko ahalmena. Dena den, urek ez dute beraien tenperaturarik altuena ekaineko azken aldera lortzen; beranduago baizik. Inertzi efektu hori dela eta, atzerapena sortzen da.

5. irudia.

Bada oraindik urtaroen iraupenean eta klimatologian eragina duena beste efektu bat. 5. irudian ikus daitekeenez, Lurraren orbitaren afelioa udako solstizioaren inguruan dago. Honek uda dela urtarorik luzeena adierazten du, eta negua laburrena (gogoratu beti ipar hemisferioari buruz ari garela). Gainera iparraldeko uda ez da hegoaldekoa bezain beroa, Eguzkitik urrunago gertatzen delako. Aitzitik, iparraldean negua pixka bat epelagoa da, Lurra Eguzkitik hurbilen dagoenean gertatzen delako.

Honenbestez bada, aurten uda ekainaren 21-eko 18 ordu eta 30 minututan (ordu ofiziala) hasten dela esanez bukatuko dugu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila