Uliako itsasertzean bertan botatzen diren ur zikinak itsas zabalera eramango dituen urpeko isurbidea eraikitzeko lanak hasi izana hots handiz ospatu zen ofizialki. Egun batzuk geroago jakin genuen isurbidea urperatzeko operazioak porrot egin zuela eta, are okerrago, hura zehatz-mehatz nola konpondu behar den inork gutxik dakiela, oraingoz behintzat. Dena dela, porrotaren berri izan baino lehen, EGUZKIkook urpeko isurbidearen inguruan dugun iritzi kritikoa azaldu genuen eta egun ere iritzi horri eusten diogu, isurbidea Donostialdeko saneamendu-plangintzaren atal bat baino ez delako eta atalik garrantzitsuena ere ez delako.
Ezer baino lehen esan beharra dago urpeko isurbidea eraikitzeko lanak orain hasi izanak agerian uzten duela Donostialdeko saneamendua zein puntutaraino dagoen atzeratuta. Gogoan izan Europako Batasunaren Saneamendu Arteztarauak agintzen zuenez, itsasora botatako ur zikinak 2000 urtea baino lehen araztu edo depuratu behar zirela. Kontuz: Arteztarauak ur zikinak depuratzeko agintzen zuen, ez itsas zabalera eramateko. Eta hori besterik ez du urpeko isurbideak egiten, ur zikinak itsas zabalera eraman alegia, errazago sakabanatzeko eta diluitzeko, hots, kutsadura gutxiago nabaritzeko.
Edozein gaizki ulertzea errotik ezabatzeko, argitu dezagun gu ez gaudela urpeko isurbidearen aurka eta poztu ere egin ginela lanak hasi zirenean. Baina poztu egin ginen lan horiek Donostialdeko saneamendu plangintza aurrera doala seinale ziren heinean, hemen lortu behar dena plangintza hori lehenbailehen burutzea baita. Noiz burutuko da ordea? Loiolako harrobietan araztegia eraikitzean, Donostialdeko saneamenduaren giltzarria araztegia delako, ez urpeko isurbidea. Are gehiago, isurbidearen kontrario ez bagara ere, aitor dezagun urpeko tutu horrek zenbait kezka sortzen duela gugan, hots, isurbideari esker kutsadura gutxiago nabarituko denez gero, araztegia eraikitzeko epeak ez ote dira laxatuko? Erantzuna edozein dela ere, Donostialdeko saneamenduaren kontura zerbait ospatzekotan, garbi dago araztegia martxan jartzeko egunean ospatuko dugula. Zorigaitzez, urteak falta dira egun hori iritsi arte.