Proiektuaren lehenengo lana zikoinentzako neurriko txoritegi bat egitea izan zen. Itsasaldeko jabari publikoko lur-eremu batean eraiki zuten Atxagako zentroa. Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu zuen lana, eta Ingurumen Ministerioak eta Kortezubiko Udalak baimena eman zuten aipatutako lursailean egiteko zentroa.
Txoritegiak ehun metro karratu inguru ditu, nahikoa handia da hegaztiek muskuluak garatzeko, pausalekuak ditu, eta baita animaliok garbitzeko behar duten ur-iturria ere.
Txoritegia betetzeko zikoinak basanimaliak errekuperatzeko hainbat zentrotatik ekarri dituzte Urdaibaira. Gehienak Vallcalent-eko zentroan jasotakoak dira, Lleidan, beren habia suntsitu delako, gurasoak hil direlako, hegan egiten ikasten ari zirela habiatik erori direlako edo beste arrazoiren batengatik jendeak zentro horretara eramandako hegaztiak.
Oro har, zikoina gazteak ekarri dituzte. Aitor Galarzak, Ciconia proiektuaren arduradunak, azaldu digu zergatik egin duten hori: "zikoinak oso filopatrikoak dira; hau da, migrazio-garaian jaioterritik milaka kilometro urrundu badaitezke ere, joera handia dute jaioterrira itzultzeko. Eta filopatria hori habian daudenean finkatzen da. Dena den, gazteak diren bitartean jaioterritzat jotzen duten eremua alda daiteke". Horrela lortzen dute migrazio-garaia bukatutakoan zikoinek Urdaibaira itzultzeko joera izatea, eta ez itzultzea beren benetako jaioterrira. "Hori lortzeko, ezinbestekoa da zikoinak gutxienez bi negu ematea kokaleku berrian", esan digu Galarzak.
2005ean askatu zituzten birsartzeko zentroan egondako lehenengo zikoinak Urdaibain. 2003an ekarritako "kumaldia" izan zen, eta, ondoren, 2007an eta 2008an, beste belaunaldi bana askatu zituzten. Jakina, beste bi haiek ere egokitzeko beharrezko denbora eman zuten Urdaibain.
Denera, 38 zikoina askatu dituzte. Galarzak esan bezala, "goizegi da oraindik ondorio orokorretara iristeko, baina dagoeneko hirutan ikusi dugu zer gertatu den askatutako zikoinekin, eta joera batzuen zirriborroak aipa ditzakegu".
Adibidez, ikusi dute gutxi gorabehera zikoinen erdiak hil egin zirela askatu eta lehenengo hilabeteetan, eta % 80 lehenengo astean hil zirela. Horietako hamalau, gainera, zentrotik hiru kilometro baino gutxiagora zeudela hil ziren.
Zergatik hil ziren? Galarzak azaldu digunez, zentroaren inguruan hildakoetatik zazpi zikoina sare elektrikoko elementuren baten kontra jota hil ziren, lau trenak harrapatuta, bat itota, beste bat intoxikatuta eta azkenekoa tiroz hil zuten.
Hori ikusita, esan daiteke gatibualdia pasatzean hasten dela benetako erronka zikoinentzat; orduan hasten da eguneroko "lehia". Udaberrian askatu zituzten zikoinak, garai horretan ugaltzen direlako. Izan ere, hegazti migratzaile horiek, udaberria-uda pasatzen dute gure inguruan (Europa osoan, oro har), hemen ugaltzen dira, eta udaren bukaeran Saharaz hegoaldeko eskualdeetara abiatzen dira, negua Afrika tropikalean pasatzera.
Askatu zituztenean, zikoinek bi urte inguru zituzten, eta, normalean, hiru-lau urte dituztenean hasten dira ugaltzen. Beraz, udaberrian askatu arren, askatu berritan ez ziren hasi bikotekidea bilatzen, habiak egiten eta abar. Galarzak azaldu digunez, dena den, komenigarria ikusten zuten garai hartan askatzea, "askatutako inguruan ibili zirelako, nahiz eta ez ugaldu. Izan ere, horrela aukera gehiago zeuden hurrengo urtean hona itzultzeko".
Askatutakoan, zikoinek beren senaren aginduei erantzunez, Urdaibaitik alde egin zuten. Urdaibai Fundazioan zain egon ziren, hurrengo udaberrian itzuliko ote ziren. Askatutako guztietatik lehenengo kumaldiko bi baino ez ziren agertu Urdaibain. 2006an izan zen hori. Itzulitako bietatik bakar bat, ar bat, Urdaibaiko zentroan egon ez zen eme batekin elkartu zen 2006an, eta habia egin zuten. Itxuraz, ematen zuen arrautzak jarri zituztela eta umetxoak izango zituztela, baina ez zen horrelakorik gertatu.
Hurrengo urtean, 2007an, berriz agertu zen aurreko urteko bikotea umatzeko garaian Urdaibain, eta, orduan bai, bi zikoinakume izan zituzten. Eta 2008an berriz elkartu eta beste bi kume izan zituzten. Azkeneko ehun urteetan Urdaibain jaiotako lehenengo zikoinakumeak izan ziren.
Gainerako zikoinak ez dira Urdaibaira itzuli, baina fundazioan badakite, adibidez, proiektuan askatutako bost zikoina ez direla gehiegi urrundu Urdaibaitik ugaltzeko: jakin dute bi Zornotzan ugaldu direla, bat Salburuan eta beste bi Kantabrian. Badakite, halaber, askatutako bi zikoina Arratiara iritsi zirela, eta han gelditu direla harrezkero, ez dutela migratu, alegia.
Zikoinek horrelako erabakiak hartzen dituzte batzuetan, eta ugaltzen diren lekuan ematen dute urte osoa. Hori, ordea, "ez da gatibualdian egondako zikoinetan bakarrik gertatzen, zikoina "naturaletan" ere behatzen da joera hori tarteka" dio Galarzak.
Zikoinek begikotasuna sorrarazten dietenez hiritarrei, zikoinak aitzakiatzat hartuta inguruko biztanleen artean kontserbazionismo-kontzientzia areagotzen saiatu dira. Hainbat jarduera antolatu dituzte horretarako: inguruko eskoletan hitzaldiak eman dituzte, eskola-umeek proiektuaren jarduera guztietan parte hartu dute, Zikoinen Festak antolatu dituzte zikoinak zentrotik askatzeko garaietan eta abar.
Egia esan, zikoina, berez, ez da ekologikoki garrantzi handia duen hegazti bat; ez da behar jakin batzuk dituen animalia sentibera bat, ez da ingurune jakin baten egoera ekologikoa islatzen edo adierazten duen bioindikatzaile bat... baina hegazti enblematiko bat da. Handia da, eta itxura berezia du; horregatik, erraz bereiz daiteke, eta, gainera, gizakiaren inguruan bizi da: habiak kanpandorreetan, etxeetako tximinietan nahiz parkeetako zuhaitz altuenetan egiten dituzte. Jendeak, oro har, begiko ditu animaliok. Eta horrek bakarrik laguntza jasotzeko ateak ireki dizkio.
Eta, bide batez, Urdaibai fundazioaren jardueraren berri eman ahal izan dute zikoinen proiektuaren bitartez. Batetik, inguruko komunikabideek askoz interes handiagoa agertu dute proiektu horrekiko, berez, ekologiaren ikuspuntutik garrantzi handiagoa duten beste batzuekiko baino; adibidez, bertako basoa leheneratzeko eta babesteko proiektuekiko baino.
Bestetik, harremanak sendotu dituzte Urdaibaiko hainbat udalekin, eta beste kontserbazio-programa batzuk finantzatzea lortu dute. Besteak beste, Urdaibaiko padura leheneratzeko helburua duten proiektuak martxan jarri ahal izan dituzte.
Zikoinei dagokienez, ez dute asmorik zikoina gehiagorik ekartzeko; birsartze-programa bukatutzat jo dute. Baina jarraipena egiten jarraituko dute, eta ikusten jarraitu Urdaibain zikoinak sartzeko egindako ahaleginak bere fruituak ematen dituen.