Hurrengo 50 urteetan Afrika tropikalak lehorte gogorrak izateko arrisku bizia duela ondorioztatu dute biologoek Keniako Naivasha aintziran ikerketa paleoklimatikoak egin eta eskualdean egindako euria neurtu ondoren. Ez da lehen aldia izango, baina, presio demografikoak gora hain nabari egin duenez, ondorioak larriagoak izan litezke oraingoan: mende-laurdenean eskualdeko populazioa bikoiztu egin baita. Baina Afrika ez da gune gatazkatsu bakarra; Nazio Batuen arabera, urak eragindako gatazka politiko eta belikoak XXI. mendeko arazo garrantzitsu bilaka litezke.
Gatazka-gunerik esanguratsuenetakoa Ekialde Ertaina da, Jordan ibaiaren arroa. Libano, Siria, Jordania, Israel eta lurralde palestinarrak ez datoz bat ibaiaren urak banatzeko eta ura judutar eta palestinarren arteko gatazka-iturri da egunero, batzuen eta besteen putzuen sakonera eta ordaindu beharreko prezioak desberdinak baitira. Gatazka historikoa da hau, 1967. urteko sei egunetako gerrak ere uragatik izan omen baitzuen hasiera. Baina politikoki bareagoak diren herrialdeek ere badituzte gatazkak. Kanada eta Estatu Batuek Aintzira Handien eta banatzen dituzten ibaien erabilera eta poluzioari buruzko liskarrak maiz dauzkate. 1995ean, esaterako, ura saltzea debekatu egin zuen Kanadako Britainiar Columbia probintziak.
Hala ere, urak eragindako gatazkak ez dira berriak; uraren eskasiak etorkizunik gabe utzi zituen zibilizazioak lehenago ere ikusi ditu Historiak. Duela 4.200 urte hasi eta hiru mendez luzatu zen lehorteak, esaterako, Mesopotamian sortu zen Akad-eko inperioa, giza historiako lehen inperio handietako bat, suntsitu ei zuen. Inken aurretiko Hego Amerikako kulturen edo Yemen-go Saba erreinuaren gainbehera ere uraren eskasiak bultzatu omen zuen. Baina lehorteak ez dira arrisku bakarrak. Lurren ureztatzeak ere hainbat arazo sortu ditu: lurrak lokaztu, geruza freatikoa agortu eta batez ere zorua gazitu.
Arazo horiek zeregin garrantzitsua izan zuten Mesopotamiako hainbat kultura galtzen eta, dirudienez, ureztatzeari oso loturik zeuden zibilizazioek porrot egin dute askotan.
Oro har begiratuta ur geza ez da hain eskas, ordea. Urteko eta pertsonako 1.800 m3 ur geza dago munduan; gaizki banatuak, hori bai: egiptoar batek 30 m3 ur dauzka urteko eta islandiar batek,berriz, 708.000 m3. Herrialdeen gaineko "estres hidrikoa" arazo larria bihur daiteke laster, 1.000 m3 ur (urteko eta pertsonako) baino gutxiago dituzten 30en bat estaturentzat. Esan beharra dago ur-kopuru horretatik behera gizakien osasuna ezin dela bermatu. Horrez gain, bi faktorek areagotzen dute bidegabeko banaketa: batetik, presio demografikoak lur pobreak ustiatzera bideratzen gaitu, ureztatzeko beharra ikaragarri handitzen delarik; bestetik, pertsonako kontsumitzen den ur-kopurua bizkor, oso bizkor, ari da hazten.
Planetako populazioaren bostenak edateko ura ez dauka eskura eta erdiak ez du oinarrizko osasun-azpiegiturarik. Urtero 3,4 milioi pertsona hiltzen da edateko ona ez den ura kontsumitzeak eragindako gaitzen ondorioz, horietarik 2,2 milioi beherakoak eta 1,1 milioi malariak hiltzen dituelarik. Oro har, uraren eskasiak hirugarren munduko gaixotasunen % 80 eragiten ditu. Eta egoerak okerrera egingo du ziur asko: mende batean munduko populazioa hirukoiztu egin da, baina uraren kontsumoa sei bider handiagotu egin da.
Kontsumoa eta eskaria haztearekin batera ura eskuratzeko zailtasunak biderkatu egin dira munduko hainbat bazterretan. Ura ziklo hidrologikoaren berritze-abiadura errespetatu gabe ustiatzen da eta, ondorioz, ibai askoren emariak behera egiteaz gain aintzirak ere lehortzen ari dira. Bestalde, gehiegizko ponpaketa dela eta, akuiferoen ur-maila asko jaitsi da azken urteetan, zenbaitek dozenaka metro galdu dituztelarik. Akuiferoek ur gutxiago dutenez, horien bidez hornitzen diren ibaiek ere emari txikiagoa jasotzen dute Ðurtaro lehorrean batez ereÐ eta batzuk erabat desagertu egin dira. Akuiferoak oso azkar ari dira husten eta egoera hau oso larria da itsasotik gertuko erreserbetan (ur gaziak erdi hustutako akuiferoak hartuko baititu) eta ur "fosila", hau da, berritzen ez den ura duten akuiferoetan. Indian, adibidez, berritze-zikloaren abiadura baino bi aldiz azkarrago ponpatzen ari dira ura lur azpitik eta agortze-abiadura horren ondorioz uzta % 25 jaitsiko dela iragarri dute hidrologoek. Balio oso kezkagarriak, urtero 18 milioi biztanle berri dituen herrialdea baita India.
Baina ez da hori arazorik larriena. Lur azaletik edo lurpetik ateratzen dugun urik gehiena nahi adina izango bagenu bezala, edo eraginkortasunik gabe, erabiltzen da.
Ureztatze-kanaletara bideratzen den uraren % 60 lurrunketa bidez edo isurketen ondorioz galdu egiten da. Munduan ureztatzen diren lurren % 20, gainera, isurketa horien eraginez aseta eta gazituta dago eta horrek lurraren emankortasuna asko urritzen du. Ura ez da, ordea, nekazaritzan soilik galtzen. Ur-banaketarako sare publikoek ere jario nabarmenak izan ohi dituzte, gaizki zaindutako hodi zaharrez osatuta daudenean, batik bat. % 25eko galerak ohikoak dira herrialde industrializatuetan eta % 50eko galerak ere ez dira salbuespen izaten. Ura eskas izateaz gain oker erabiltzen dugu, eta asko eta asko, iturritik kontsumituko den gunerako bidean galtzen da.
Eta ez hori bakarrik. Oker erabilitako ur gutxi horren kalitatea ere ez da behar lukeen bezain ona. Tratatu gabeko hondakin-urak, industriako isurketak, petrolioa garraiatzeko hodietako ihesak, mehatzetako hustubideak, nekazaritzako pestizida eta ongarriak, horiek guztiek poluitzen dute ura, nahiz eta poluzioaren larritasuna eskualde batetik bestera berdina ez den.
Ura urria eta kalitatez okerragoa da. Eskuragarri dugun ur-bolumenaren eta erabiltzen dugun ur-bolumenaren arteko tartea, gainera, gero eta txikiagoa da. Ur-baliabideen erabilera % 10-12 handiagotuko da hamarkadako 2025era arte; ur-baliabideak, ordea, murritzagoak izango dira ordurako.