Elhuyar Fundazioa
XIV. eta XV. mendeko untzietako bizimodua, oso latza zen. Marinelentzat diziplina gogorra zegoen. Janaria berriz, txarra eta urria zen. Arraunean bestetik, etengabe aritu behar izaten zuten.
Galera zen garai hartako untzirik ohizkoena, eta hortik sortu zituzten gero fusta, galeotea, bergantina eta txikiagoa zen fragata. Guzti hauek arraunez eragiten ziren eta belak ipintzeko masta bat ala gehiago zituzten.
Galera, 40 edo 50 metro luze eta 6 edo 7 metro zabal zen. Zaharra zen formaz, eta IX. mendeaz gero itsasotan zebilen.
Fusta, txikiagoa eta arinagoa zen. Hogeitamar metro ozta-ozta zituen luzeran eta bost zabaleran. Hala ere, galerak baino arraun gehiago zuen. Fustak 18tik 22 arraunera zituen alde bakoitzean, eta galerak 14tik 20ra. Fragata zen untzitan txikiena. 6-12 arraun zituen alde bakoitzean, eta askotan mastarik gabea zen.
Veneziarrek galeaza gehien erabiltzen zuten. Untzi erraldoia zen. Bazituen 70 metro luzeran. Zabaleran berriz 16 metro. Hiru masta handiz hornitua zegoen eta estalia zegoen. Barruan, hogeitamabi alki zituen alde bakoitzean arraunlarientzat. Atzean, zubi handia eta altua zuen.
Galeaza kainoiz josia zegoenez, itsasoan nagusi zen. Hirurehunen bat gizon eraman ohi zituen berekin, eta horietatik berrehun arraunlariak ziren. Arraunlariez gain, komandantea, ofizialak, ofizialordeak, kontramaisuak, pilotuak, lemazainak, sukaldaria, untzimutilak etab. joan ohi ziren. Soldaduak, kapitain baten mende zeuden, eta kapitaina, untziko komandantearen aginduetara zegoen.
Arraunlari guztiak, ez ziren justiziak zigortutakoak. XIV. eta XV. mendeetan, beren borondatez ere joan ohi ziren arraunlariak galeretara. Borondatezko arraunlari hauek, bibotea eta ile luzea edukitzeko baimena zuten. Zigortuek berriz ez; hauek ez zuten ez bizarrik eta ez ilerik buruan.
Arraunlari libreei, egunez uzten zieten hitzegiten eta paseatzen arraunketarako txandarik ez zutenean. Baina gauez, katez lotzen zituzten arraunlari presoak bezalaxe.
Eta has gaitezen galera beraren deskribapena egiten. Estalki gainean, popan, arraunik ez zuen untziak, eta hau zen txokorik nobleena. Gela batek, ia popa osoa hartzen zuen, eta gela hau kapitainei bakarrik zegokien. Popan bestetik, gaztelua zegoen eta bere gainean soldaduak kainoiekin. Brankako gazteluaren gainean, marinelek belak, aingurak etab. maneiatzen zituzten.
Branka eta popako gazteluen artean, arraunen gainean pasabideak zeuden ezker-eskuin, eta han ibiltzen ziren atzera eta aurrera untziko marinelak nahiz ofizialak.
Popan, estalkipean, kapitainaren logela zegoen, eta inguruan, ofizialen ganbaroteak zeuden. Branka alderago, armategia zegoen. Haren ondoan berriz, jakitegia. Han gordetzen zituzten zezina, gaztak, etab. Irina, ogia, arroza eta babak, beste soto batean gordetzen zituzten.
Brankan komunak zeuden, eta baita bela, lokarri eta tresnak gordetzeko sotoak ere. Brankan, ofizialordeek lo egiten zuten.
Marinelek, bi libra biskotxo, libra bat okela, liberdi bat zezina, liberdi bat gazta, pinta bat ardo eta olio pixka bat izaten zuten jateko. Ofizialek berriz, horretaz gain beste jaki batzuk ere bazituzten.
Untziko garbitasun-egoera, tamalgarria zen. Itsasgizonek, behin ere ez garbitzea harrokeriatzat zuten eta igeri egiterakoan ez bazen, ez ziren urez garbituko. Gainera, soineko arropez aparte besterik ez zuten, eta asmatzekoa da hango zorri-piloen ugaritasuna.
Arraunlari presoek ordea, ilerik gabe eta garbi egoteko agindua zuten. Baina egunez alkitik atera ezin zirenez, zikinkeria zen nagusi haien inguruan ere, nahiz eta untziak kanpotik pintura eta kolore askotako banderak medio txukun-itxura izan.