UEUren 25. urteurrenean

Mujika, Alfontso

Elhuyar Fundazioa

Pedro Miguel Etxenike

Egunkaria

Duela ia 25 urte, Einsteinen ideiak aztertuz eta eskainiz UEUren lehen urrats haietan esku hartu zuen ni bezalako batentzat benetan pozgarria da, hain xume baina aldi berean hain idartsu hasi ziren saio horiek 25. udara, hurrenez hurren, iritsi direla ikustea. Pozgarria mende-laurden honetan zehar euskalgintzaren baitan eman dituen era guztietako fruitu garrantzitsuengatik (aski da urtez urte UEUren egitaraua aztertzea pausoka-pausoka hor gertatu den gai eta partaideen ugaritzeaz ohartu eta miresteko).

Hasiera hartan, eta geroago ere bai, izan da iritzi-desberdintasunik UEUren kokaguneaz eta betekizunaz. Iritziak iritzi, 25 urte horietan zehar UPV/EHUren sorrera ikusi dugu, bere 60.000 kiderekin munduko unibertsitate jendetsuenetakoa izatera iritsi denarena (ez da ahaztu behar munduko prestigio handieneko unibertsitateek, Princenton edo Cambridge bezalakoek, 5.000 eta 10.000 inguru ikasle-irakasle dituztela). Gure unibertsitate publiko gazte honek, bere argitzal guztiekin, urte gutxitan bide luzea egin du eta askotan uste baino ikerketa- eta koalifikazio-maila hobeak lortzen dihardu nazioarte-mailan.

Bestalde, euskarazko irakaskuntza ere aurrera doa fakultateetan eta gero eta gehiago dira puntako ikerketa eta euskalgintza batzea lortzen ari direnak, nahiz eta nazioarteko foroetan ingelesaz baliatzea ezinbestekoa den komunitate zientifikoan harremanak finkatzeko.

Nik neuk ez dut inoiz UEU Euskal Herriko Unibertsitatearen alternatiba bezala ikusi, baizik eta euskalgintza eta euskal kulturaren bilgune edo topagune gisa, lehen, orain eta gero; baina horrek ez du esan nahi betekizun hori apalagoa edo bigarren mailakoa denik.

UEUko zuzendari ohiak, "dinosauru" nagusiak. Ezkerretik hasita: Martin Orbe, Kepa Altonaga, Inaki Irazabalbeitia eta Baleren Bakaikoa.

Azken hilabete hauetan behin eta berriz komunikabideetan agertu den Euskararen Unibertsoak bultzatzen dituen helburu eta ideien ildotik, Unibertsitatean eta gizartean sail eta alor desberdinetan burutzen diren ahalegin eta saioak egituratu, koordinatu eta artikulatzeko tresna ezinbestekoa izan da UEU eta bizi dugun gizarte- eta politika-egoera gatazkatsu eta larrian UEUren emaitzak balio estimagaitza du kultur agente eta gizarteko sektore desberdinen artean kohesioa eta lankidetza bideratzeko.

Lan bikaina jakintza- eta gizarte-mailan UEUk orain arte burutu duena eta esperantza handikoa aurrerantzean ere Euskal Herriko gizarteak dituen erronka handiei egoki erantzun ahal izateko. Lortuko ahal dugu beste 25 urte bete baino lehen Euskal Herria euskaldun, baketu eta integratua, munduan zehar adiskidetasunezko eskuak luzatuz eta “fruitua zabalduz” ibiliko dena.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila