Medikuntzak zoldura-eritasunak prebenitzeko erabiltzen duen bitartekoa da txertaketa. Izena Pasteur ek proposatu zuen, Jenner en omenez, mediku ingeles honek baztangaren aurkako txertaketari buruz egindako lanengatik.
Txertaketa, gizaseme edo animalien gorputzean antigeno izeneko substantziak (normalean birusak, bakterioak edo hauen toxinak) barneratzean datza. Erabiltzen diren bideak ahotikoa, larruazalekoa eskaritikoaz, edo injekzio-bidea dira, jeneralean.
Txertuak gorputzean erreakzio-sail bat sortzen du, eta hauen ondorioa eritasun jakin baten aurkako jarkikortasun edo erresistentzia da. Hau izan daiteke osoa edo partziala, eta behin-betikoa edo behin-behinekoa. Jarkikortasun-egoera honi inmunitate deritzo, exentu edo libre esan nahi duena.
Gaur egun, ordea, txertuaren kontzeptua zabaldu egin da eta antigeno bezala bestelako gai batzu ere erabiltzen dira.
Txertaketaren jatorria eta izena baztanga deritzon eritasunarekin zuzenean loturik daude. Eritasun hau, gaur egun zorionez desagertutzat eman genezakeena, oso eritasun grabea zen, eskualde eta garai guztietan agertu izan dena. Txinatarrek K.a. 11 mendean eta Grezian K.a. 400. urtean deskribatu zuten jadanik.
Eritasuna epidemia gisa azaltzen zen. Bere hilkortasuna ikaragarria zen, eta sendatzen zirenak (hau da bizirik irauten zutenak) aurpegia orbain handiz betea eta kasu askotan itsu bihurturik geratzen ziren.
B i z i - b a l d i n t z e n hobeagotzeak, higiene egokiak, eta batez ere txertaketak eritasun hau desagertarazi egin dute. 1979ko urriaren 26an sendatutzat jo zuten Ali Maow Maolin , Somaliar gaztea, munduko azken baztangargaixoa. Baztangaren desagertzea mundu osoan Ginebran ospatutako Osasun-Asanbladan aldarrikatu zen 1980ko maiatzaren 8an.
Europan azken kasuak laborategietan sorturiko istripuz gertatu dira, inguruko pertsona-talde txikitan (familiartekoak, lankideak) kutsapenak sortuz: horrela jazo zen Liverpool-en 1946an, Londres-en 1973an, eta Birminghan-en 1978an.
Bestalde, azken epidemia, nahiko txikia hala ere, Jugoslavia-n gertatu zen, 1971ean, 175 pertsona gaixotu zirelarik (eta hauetatik 35 hil ziren). Eritasuna musulman apaiz batek ekarri zuen; Meka eta Medina-ko hiri santuetara egindako peregrinazio batetik bueltan zetorrela, Iranetik pasatzerakoan kutsatu egin zen. Jugoslaviako bere bizilekura iritsi baino zerbait lehentxeago gaixotu zen.
Eritasuna ez zen diagnostikatu hasieran ez eta lehen kutsatuetan ere, eta horregatik isolamendua ez zen izan behar zukeen modukoa. Behin eritasuna diagnostikatu ondoren beharrezko neurri egokiak hartu ziren, eta 22 milioi biztanleko populazio batetik 18 milioi txertatu ziren 3 astetan. Apaiza txertatua zegoenez, eritasun arina jasan ondoren sendatu egin zen. Agian txertatua egoteak diagnostikoa zaildu egin zuen.
Eritasun grabe honen aurrean antzinako gizakiek neurri anitz erabili zuten prebenitu nahiean. Txinatarrek sudurzuloetan gaixoen ezkaten hautsa putz egiten zuten.
Lady Mary Wortley Montagu , Ingalaterrak Turkian zuen enbaxadorearen emazteak sartu zuen bere jaioterrian, Ekialdean erabiltzen ikusi zuen metodoa, 1717. urtean, eritasunari ekiditeko: besoan, axaleko ebakidura egiten zuten, eta ebaki horretatik baztanga-pustula baten zornean bustitako hari bat pasatzen zuten.
Esperientzia honek arrakasta izan zuen heriotzera zigorturik zeuden 6 pertsonetan, eta aurrerantzean prozedura Ingalaterran eta mundu osoan zehar barreiatu zen. Baziren horretara jarriak zeuden medikuak eta hauetako bat, Thomas Dimsdale mediku kuakeroa Errusiako Katalina enperatrizak deitu zuen baztanga-zornearen inokulazioa berari eta bere familiari egin ziezaien.
Operazio hau arrakasta osoz burutu zuen, ondoren Mosku eta San Petersburgoko beste 200 pertsonei errepikatu zielarik. Iharduera honek arrakasta indibidual osoa lortu zuen arren, ez zen eritasunaren hilkortasuna ez eta bere hedapena ere ekiditeko gai izan.
Zenbait urte geroago Edward Jenner izan zen (1749-1823) sistema berri bat proposatu zuena, eta sistema hauxe bera, geroztik sortu diren berrikuntza eta hobakuntza guztiekin, izan da gure egunotaraino iritsi dena. Bere arrakasta hain izan da handia, mediku hau Gizateriaren ongile handienetako bat bezala kontsidera dezakegula.
Behin batean esne-saltzaile bat entzun zuen zera esaten: nik ez dut inoiz baztanga txarra jasango (smallpox) , behiena jasan bait dut dagoeneko (cowpox) ". Azken eritasun hau behien errapeetako larruazaleko zoldura baino ez da, noizean behin esnea jezten duenaren eskuetara transmititzen dena. Pertsonetan larruazaleko eritasuna sortzen du, pustulekin, eta sukar-apur batekin. Vacuna deritzo eritasun honi, eta horrela iraun du izenak.
Gai hau hogei urtez aztertu eta hausnartu ondoren, Jenner ek praktikara eramatea pentsatu zuen. Eta horrela, 1796ko maiatzaren 14ean, James Phipps izeneko 8 urteko mutikoa, Sara Nelmes , behien baztanga jasaten zuen esne-saltzailearen eskutik hartutako zornearekin inokulatu zuen. Zortzi aste geroago umeari baztangaren zornea inokulatu zion, eta eritasuna ez zen agertu.
Prozedura berehala zabaldu zen, txertu gero eta purifikatuagoekin eta zenbait herritan txertaketa nahitaezkoa edo derrigorrezkoa bihurtu zen. Eritasuna desagertzearekin txertaketa ere eten egin da, eta une honetan birusak zenbait laborategitan (gero eta gutxiago) mantentzen dira kultibo-medio egokitan.
Batzuk diotenez birus hauek guztiak erabat suntsitu behar lirateke; beste batzu ordea, erreserba txiki bat gordetzearen aldeko dira, Afrikako basamortuetan, edo Amerikako Hegoaldeko oihan sakonetan kasu isolaturen bat edo beste oraindik ere egon daitekeenaren posibilitatea, nahiz eta oso txikia izan ere, kontutan hartzen badugu.
Pasteur eta bere garaiarekin Medikuntzaren aro berri bati ematen zaio hasiera: bakterio eta birusen aroari, hain zuzen.
Louis Pasteur (1822-1895), Dolle-n, Jura-ko herri txiki baten jaiotako kimikari frantsesa, nahiz eta inoiz Medikuntzako ikasketarik egin ez, Medikuntz Historiaren irudi gailenetako bat izatera iritsi zen. Lille-ko eskualdean bizi zelarik, ardogintzara emana zegoen eskualdea bait zen, denbora luzean aritu zen materiaren hartzidura eta usteltzearen arrazoiak ikertzen. Eta zera frogatu zuen, mikroorganismo txikien eraginez sortzen zirela prozesuok. Nondik zetozen mikroorganismo hauek? Ez ziren berezko sorkuntzaz agertzen, eta atmosferan aurki zitezkeen.
Mikroorganismoen ekintza beroaren bidez anulatzen zen, germenak suntsitzen bait ziren: prozedura honi pasteurizazioa deitu izan zaio geroztik. Aurkikuntza honetan abiapuntua harturik Lister ek asepsia eta antisepsiako printzipioak kirurgian aplikatu zituen, ondorio harrigarri eta oso bikainak lortuz.
Pasteur , Lyon-en zetarren eritasun batek sortzen zituen arazoak bete-betean konpondu ondoren, Jenner ek markatutako bidetik karbunkoa edo satorra tratatzen saiatu zen. Eritasun honek hondamen eta galera handiak sortzen zituen azienda behitar eta arditarretan. Pasteur -ek arrakasta osoz inokulatzen zuen birusaren andui indargetu bat, kultibo zahar batetik lortua. Geroago, oiloen kolera ere tratatu zuen, eta prebentzio-bide bezala oiloak txertatu egiten zituen. Horrela oso ondorio onak jaso zituen.
Bere aurkikuntzarik sonatuena, ordea, 1885eko uztailaren 6an lortu zuen, bere laborategian prestaturiko txerto , bat erabiliz zakur amorratu batek kosk egin zion Joseph Meister umea tratatu eta sendatu zuenean. Hilabete batzu geroago, lagun bat salbatu nahiz zakur amorratu batekin borrokan ari zela horzka egindako artzain bat ere sendatu zuen.
Pasteur, zegoeneko ondorio honetara iritsia zen: amorruaren birusak bere egoitza nerbio-zentruetan duela. Hezur-muinaz baliaturik birus indargetu bat lortu zuen, bere txertaketetan erabili zuena. Gaur egun erabiltzen diren txertoak, medio desberdinetan kultibaturiko birusekin prestatzen dira:
Ondorio sendatzaileak guztiz gogokoak ez direnez, txertaketa amorruaren kontrako giza gammaglobulinarekin batera ematen da. Gammaglobulina honek amorruaren birusaren aurkako antigorputz asko dauzka.
Pasteur en aurkikuntzen ondotik, zenbait ikertzailek (batzu Pasteur en ikasleak izandakoak, besteak ez) laborategietan arituz, Alemanian eta Frantzian batipat, bultzada handia eman zioten Medikuntzari, aspalditik ezagunak ziren eritasun anitz sortzen zituzten bakterio eta birusak aurkituz.
Guztietan ezagunena Robert Koch da, agian Bakteriologiaren aita izatearen titulua Pasteur ekin eztabaida dezakeena. Ikertzaile hau izan zen tuberkulosiaren baziloa (geroztik Koche n baziloa bezala ezagutzen dena), eta kolerarena aurkitu zituena, egindako beste lan zientifiko eta mediko ugari eta baliotsuak ahaztu gabe.
Metchnikoff, Roux eta Vidal -ek, Pasteur en ikasle izanak, ezagutza berriz hornitu zuten zientzia hasiberria.
Von Bering , sueroterapiaren eta anatoxina tetanikoaren aurkitzailea. Kitasato k eta Yersin ek aldiberean aurkitu zuten pestearen baziloa, Loefler ek difteriarena, Hansen ek legenarrarena, Pfeiffer ek influentzarena, etab. Hauek, eta ondoren XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendean zehar jarraitu dieten beste askok osatu dituzte gaur egun bakterio eta birusei buruz ditugun ezagutzak.
Jakintsu hauetako bat baino gehiagok galdu zuen bizia bere ikerlanetan: Noguchy sukar horiaz jota hil zen, eritasun hau ikertzen ari zela, eta Daniel Carrion ek 1881ean, garatxo perutarra autoinokulatu ondoren heriotza aurkitu zuen, Hego Amerikako nazio tropikaletan ematen den eritasun hau, Droya-ko Sukarra deitua, identifikatu eta aztertzeko egiten ari zen lanetan. Beren laborategietan, jakintsu hauek germen horiek isolatu eta kultibatzea lortu zuten, aldi berean aldaraztea ere lortuz (indargetuz, edo hilaz, beren toxinak atera ahal izateko). Horrela txerto berriak eskuratu zituzten (1. irudia).
Giza edo animali gorputzak birus, bakterio, toxina edo bestelako gorputz arrotz bat bere barruan sartu eta erasotzen dioenean aurrera eramaten duen prozesuaren antzekoa den erreakzio inmunologikoa besterik ez da txertaketa.
Erreakzio inmunologiko hau, ez osorik, baina hein handi batean linfozitoei dagokie, odolean aurkitzen diren elementu zelularrak.
T linfozito deituak erasoaren une berean aktibatzen dira, eta berauen eskutik doa inmunitate zelularra. Honen balorazioa, ez hain erraza, proba biologiko espezifikoen bitartez lortzen da.
B linfozito deituak erasoaren lekura iristen dira, eta gammaglobulina izeneko proteina batzu sortzen dituzte, birus eta bakterioak neutralizatzen dituztenak. Ondorengo fase batean entzima zelularrek liseritu eta suntsitu egiten dituzte linfozito hauek. Zenbait kasutan, linfozito horietako batzuk memorizatuak geratzen dira urtetan, eta erasotzaile beraren erasoaldi berri bat gertatzen bada, berehala erantzuten dute antigorputz espezifiko berberen produkzio berri eta ugariaren bidez. Honetarako beharrezkoa da, noski, gorputzak sistema inmunologikoa oso-osorik edukitzea.
Munduan zehar barreiaturik dauden anitz laborategik lanean dihardute txerto berriak prestatzen, eta aldez aurretik daudenak hobetzen, eritasun infekzioso deitzen direnen erikortasuna eta hilkortasuna jaitsi nahirik. Txertoen aplikazioaz zera lortu nahi da, ahalik eta osoena eta iraunkorrena den inmunitatea lortzea batetik, eta sor daitezkeen ondorio kaltegarriak ahalik eta txikienak izan daitezela bestetik. Zenbait kasutan sortzen den eritasun arinak ez du kutsakorra izan behar, hau da, ez luke txertatuaren inguruko pertsonetara zabaldu behar.
Txertaketan birusak, bakterioak, hauen toxinak, eta askoz ere maiztasun txikiagoz bestelako antigenoak erabiltzen dira. Substantzia guzti hauek behar den bezala eraldatuak izan behar dute, ondorio hobeak lortzeko. Birusak eta bakterioak bizirik erabiltzen dira (baina indargetuak), inaktibatuak edo hilik. Toxinak, ordea, aldatu egiten dira, beren birulentzia eta intentsitatea ezabatuz.
Txerto hauek duten arazorik larriena, kaltegabekoak izateraino iritsi ahal izatea da. Egokiena zoldura arin edo ia ez-ageriko bat sortzea litzateke.
Birus edo bakterioak piskana-piskana indargetzen dira medio desberdinetan kultibatuz. Azken finean andui mutaziodun egonkorrak lortzen dira, beren birulentzia eta bidalgarritasuna galdu dutenak.
Tuberkulosi-baziloaren kultiboetan behazuna gehitzen da, eta honek substantzia inhibitzaile bezala iharduten du, zenbait ereinaldiren ondoren BCG , tuberkulosiaren kontrako txertoa lortuz. BCG hau da gizakian erabiltzen den txerto bakteriano bizi bakarra, eta sortzen duen inmunitatea zelularra da.
Txerto hauek duten arriskua, eta frogatu ahal izan dena, kultibo-medioetan dauden birusengatiko kontaminazioa da. Adibidez, sukar horiaren aurkako txertaketak 1942an, Amerikako Estatu Batuetako Kanpamentu militar baten 25.585 hepatitis-kasu sortarazi zituen. Hepatitisa ez zen sukar horiaren birusak sortua, txertoaren indargetzea lortzeko gehitu zen suero-kopuru txikian aurkitzen zen hepatitisaren birusak sortua baizik.
Txerto bizi indargetuen prestaketan animali zelulen kultiboak erabiltzen dira, eta noizbehinka kultibo horietan dauden birusek txertoak kontaminatzen dituzte. 1967an, Alemaniako Marburg herriko laborategian istripu larri bat gertatu zen. Laborategi horretan tximino-ehunak kultibatzen zituzten, eta halako baten laborategiko pertsonal al osoa ukitu zuen zoldura grabe bat agertu zen, sukarra, exantemak eta odoljarioak ekarri zituena: hilkortasuna %30eraino igo zen. Eritasun-sortzaile izan zen birusa isolatzea lortu zuten, geroztik Marburg-ko birusa deitua izan dena.
Txertoak lortzeko erabiltzen diren tximino-giltzurruneko zeluletan SV-5 birusa aurkitu izan da. Birus honek ez du ia ekintza patogenorik zelularentzat. Ikuspegi honetatik garrantzi handiagokoak dira birus onkogenoak: hauetako bat, SV-40 deitua, sarritan agertzen da tximino-zelula hauetan ere, eta lantzean behin aurkitu izan dira polioaren aurkako txertoan ere.
Kultibo-medioa arraultzea, edo oilaskoaren enbrioia denean, txertoa hegazti leukosiaren birusak edo Roux-en oilasko-sarkomaren birusak kontamina dezakete. Kontaminazio hauek, halere, oso gutxitan eman izan dira eta gaur egun ez dira agertu ere egiten teknika berriek birus-mota hauek detektatu eta identifikatzeko biderik ematen bait digute.
Zein helburu du germen indargetuekin egindako txertaketak? Pertsona txertatuan infekzio txiki bat sortzea. Horrela birusak bere barruan ugaltzen dira, eta egun gutxi barru antigenoen kopurua gehitu egiten da. Honi esker erantzun inmunitario hobea sortzen da eta antigorputzen elaboraziorik onena, inmunitatea iraupen luzekoa izan dadin, eta infekzio naturalak eragingo lukeenaren antzekoa
Txerto-mota honetakoak dira elgorria, errubeola, parotiditis eta polioarenak. Lehenengoak, elgorriaren aurkako txertoak alegia, 8 egunetara eritasun arin bat sortarazten du noizean behin, elgorri onaire baten antzekoa, eta kutsatzen ez dena.
Germen osoarekin edo zati batekin (kapsula izaten da normalean) prestatzen dira. Zergatik kapsula bakarrik? Beharrezko diren antigenoak kapsulan dau dela pentsatzen bait da.
Txertoen botere inmunizatzailea handiago izan dadin zenbait substantzia gehitzen zaie: normalean erabilienak gatz mineralak dira, aluminio hidroxidoa batez ere, aluminio fosfato eta sulfatoa, kaltzio fosfatoa, etab. Substantzia hauek estimulu antigenikoa gehitzen dute. Botere inmunizatzailea handiagotzeko helburuarekin ere gai oliotsuak erabil daitezke (albaiterotzan erabiltzen dira substantzia hauek soilik, ez bait dira oso ongi jasaten, eta bestalde potentzialki kantzerigeno bezala kontsideratzen bait dira). Bakterio-osagaiak, edo baita bakterio oso hilak ere erabiltzen dira, antigorputzen produkzioa gehitu egiten dutela uste bait da.
Txerto-mota hauen artean dauzkagu bakterianoetan kukutxeztula, kolera eta heste-sukarrarena beste batzuren artean, eta birikoei dagokienez mota honetakoak dira gripearena, sukar horiarena, eta polioaren aurkako txerto injektablea, Salk motakoa, gaur egun ia apenas erabiltzen dena.
Txerto inaktibatu, hil hauekin egindako txertaketa eraginkortasun txikiagokoa da, iraupen laburragokoa, eta oroitzapeneko dosiak eskatzen ditu, aldian behin, inmunitatea berrindartzeko. Inmunitatea, bestalde, ez da zelularra, humorala baizik, antigorputz espezifikoen sorreraz.
Difteria eta tetanoaren aurkako txertoak, baziloen toxinekin prestatzen dira, behin formolaren bidez eraldatu eta inaktibatu ondoren. Txerto hauei ANATOXINA deritze.