Apirilaren 25ean Bilboko Zazpi kaleetako La Bolsa auzo etxean Topa-Erreka izeneko topaketa eta ideia-trukaketarako jardunaldia antolatu zuen Erreka Plataforma Ekologistak.
Topa-Erreka iaz Nafarroan egindako ekotopaketen ondoren sortu zen. Izan ere, bertara joandakoei inkesta bidali genien han gertatutakoaz zuten iritzia jakiteko, eta askok eta askok ekologian dihardugunon topaketa gehiago behar direla edo sarriago egitea ondo legokeela aipatu zuten. Hori ikusita, hurrengoa Erreka plataformak berak antola zezakeela pentsatu genuen. Bizkaian egitea erabaki zen, baina herrialde guztientzat zabalik.
Topa-Erreka eguna arloetan banatu genuen, gaur egun dagoen interes-aniztasunari erantzuteko asmoarekin; horrela, goizez lau gai teorikorekin aritu ginen: Energia alternatiboak, Ingurugiro-heziketa, Kontsumoa eta ekologia eta, azkenik, Munduko egoera. Arratsaldeko saioan, berriz, lau tailer antolatu genituen: Ekintza ez-bortitzaren prestaketa, Elkarri entzutea, Sare informatikoen erabilera eta Hiri-ibilbidea.
Esan daiteke, bestalde, aldez aurretik markatu genituen helburuak ongi bete direla:
Parte-hartzeari dagokionez, guk espero baino handiagoa izan dela aipatu behar dugu, laurogei pertsona hurbildu baitziren izandako eztabaidetara eta tailerretara. Gai aukeratuenak Energi alternatiboak eta Ingurugiro-heziketa izan ziren; tailerren kasuan berriz, Elkarri entzutea eta Hiri-ibilbidea.
Tailerrak amaitu ondoren, Topaketa eguna burutzeko, balorazio-orriak banatu eta bilera orokorra egin genuen, partaideek zuten iritzia zuzenean jaso nahirik.
Ondokoa azpimarra daiteke jendeak esandakotik:
Halaber, aipatzekoa da mugimendu ekologistako hainbat aurpegi ezagun ez zela bertan ikusi eta, ondorioz, jande berria eta aspaldikoa biltzea dela aurrerantzerako geratu zaigun erronka garrantzitsuenetariko bat.
Amaitzeko esan, arratsalde partean Hego Euskal Herriko hainbat taldek bilera egin zutela, Erreka plataforma ekologista barne, Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan Erreka plataforma sortzeko egitasmoa aztertzeko. Bertan hartu zen Hego Euskal Herri osoa hartuko lukeen Erreka plataforma ekologistaren perspektiba lantzeko urrian beste bilera bat egiteko erabakia.
Eman den urratsa garrantzitsua izan da inondikan ere, baina badugu oraindik zer egina. Ea topaketak eman digun bultzadaz baliaturik erronkei behar bezala erantzuteko gai garen. Baiezkoan gaude!