Hemendik hamabost urte ingurura, XXI. mendearen hasieran, normala izango da etxebizitzetan gelako horman orain baino askoz ere pantaila handiago eta meheagoak edukitzea. Metro karratuko azalera izango dute gutxi gorabehera eta proportzioz oraingoak baino zabalagoak izango dira. Irudien kalitateak berriz, ez du zinekoen inbidiarik izango.
Irudi aratza, pantaila erraldoia eta telebista hargailu guztiz mehea izatea dira etorkizunean edozein ikusleri eskainiko zaizkion hiru abantaila nagusiak. Hiruretan lehenbizi helduko zaiguna, Bereizmen Handiko Telebista (BHTB edo HDTV) izango da; datorren urtean teknikoki hedatua egotea espero bait da. Programak bereizmen handiko kalitatean sortzen ari dira jadanik, baina irudi horien produkzio eta transmisiorako nazioarteko arauak indarrean jarri beharko dituzte, nahiz eta horretarako epea zein izango den argi egon ez.
Nolanahi ere, gaur egungo arau batzuk ezagutzen dira. Irudia orain baino lau aldiz zehatzagoa izango da, Europan 625 lerro ordez 1.250 eta Japonian 530 ordez 1.125 izango dituztelarik. Lerro bakoitzean gainera, puntu-kopurua bi aldiz handiagoa izango da.
Telebista fabrikatzaileak jadanik elkarren lehian hasiak dira ia definizio handiko irudiak ematen dituzten telebistak saltzeko. 1.250 lerroen bidez (1.125 Japonian), telebistan inoiz ez bezalako irudi-kalitatea lortzen dute, nahiz eta programak bereizmen handiko arauen arabera oraindik sortu eta transmititu ez. Horretarako mekanismo informatikoa dute eta egiten duena eskematikoki esanda honako hau da: memori zirkuituen bidez, iristen diren benetako bi lerroren artean beste lerro bat errepikatzea. Guztira, beraz, 1.250 lerro eskaintzen zaizkio ikusleari eta inoizko denboran programa 1.250 lerrotan transmititzen denean, deskodegailu bat ipintzea aski izango da.
Deskodegailua oraindik ez dago edozein bezerok dendatan erosteko prest, baina datorren urterako komertzializatzea espero da. Bartzelonako olinpiadetan izan ere, bereizmen handiko irudiak sortzea eta transmititzea nahi dute.
Ia bereizmen handiko telebistak fabrikatzen, Thomson (Europan) eta Sony (Japonian) izan dira lehenak, aparatu bakoitzaren kostua 600.000 pezeta ingurukoa delarik. Badirudi etxe hauek bereizmen handiko telebisioaren auzian azkarregi ari direla beren produktuak plazaratzen, zeren eta logikoena lehenbizi bereizmen handiko programen produkzioa eta transmisioa erabaki eta gero hargailuak produzitzea izango bait litzateke.Baina aipatutako bi etxeek garaia iristen denean abiapuntua beste lehiakideek baino aurrerago eduki nahi dute.
Hastapenetan, lehen belaunaldiko bereizmen handiko telebistak oraingoak ez bezalakoak izango dira. Pantailaren dimentsioen proportzioa 16/9koa (zabaleraren eta altueraren arteko proportzioa) izango da, eta ez oraingoen 4/3koa. Zabalagoak izango dira, beraz; zineko pantailaren edo pertsonaren ikus-eremuaren proportziora gehiago hurbiltzen direnak, hain zuzen. Horrela, telebista-irudiak “naturalagoak” izango dira.
Telebista horiek, aldakuntza tekniko asko izango dituzte. Hodi katodikoan, adibidez; antenatik jasotzen diren seinaleak irudi argitsu bihurtzen diren esparruan, alegia. Hodi horretan elektroi-izpi batek lerroz lerro ekortzen edo garbitzen du pantailaren barneko geruza fotoluminiszentea. Irudi aratza lortzearren, bereizmen handiko hodian elektroi-sortak meheagoa izan behar du distira bera mantenduz. Horretarako, bereizmen handiko hodian tentsio elektrikoa ohizko hodian baino % 15 handiagoa izaten da.
Ondorioz, injineruek bonbardaketa elektroniko bortitzagoa jasateko pantaila lortu behar izan dute. Funtsezko arazoa izan da hori, irudiak azkenean distira eta kontrastea izan ditzan. Pantailaren barneko gainazalaren aurrean plaka metaliko zulatua dago. Oinarrizko hiru koloreak hautatu eta pantailara potentzia handiagoz jaurtitzen ditu. Praktikan, hodiko hiru kanoietako bakoitzaren elektroiak (berdeari, urdinari eta gorriari dagozkionak) orientatu egiten ditu pantailako hiru substantzia luminiszenteetako bat bakarrera hel daitezen.
Philips europarrak eta Matsushita japoniarrak burdina eta nikelezko plaka lortu dute (“invar” altzairuz egina). Elektroi-bonbardaketa bortitza zabaldu gabe eta emisio-potentzia handia berotu gabe jasateko gai da.
1.125 lerroko irudi aratzek berekin pantaila erraldoirako joera piztuko dutela espero da. Oraingo baldintzetan, egia esan, jendeak ez du pantaila handitarako zaletasunik erakutsi. 1.986. urtean egindako inkesta bateko emaitzek ziotenez, % 55ek ez zuen pantaila handietarako zaletasunik, eta Frantzian ere pantaila erraldoiak gero eta gutxiago saltzen dira. Arrazoia inola ere, 625 lerrorekin pantaila handian irudiaren kalitatea eskasa izatea da, baina Thomson etxean egindako ikerketen arabera, lau aldiz zehatzagoa den bereizmen handiko telebistan 1,72 metro diagonaleko pantailak ikusleari kalitate oneko irudiak eskainiko lizkioke.
Dena dela, metro bat baino diagonal handiagoko hodi katodikoan beiraren pisua eta telebistaren sakonera ikaragarriak dira: 170 kilo pisatzen dituzte eta justu-justu pasatzen dira etxebizitzako ateetatik.
Arazo hori saihesteko eta bereizmen handiko irudiak pantaila erraldoitan ikusi ahal izateko, tamaina txikiko proiekzio-tutuetatik irudiak atzeraproiektatzea da irtenbidea. Sistema hori erabili izan da ohizko telebistetan formatu handiko irudiak lortzeko. Egia da aparatua zerbait handiagoa dela, baina arinagoa eta sakonera txikiagokoa ere bada. Arinagoa, tutu txikiagoak izanik beira gutxiago duelako da, eta sakonera txikiagokoa berriz, ispilu eta lenteen bidez argi-izpiek pantaila gardeneraino sigi-sagako ibilbidea dutelako.
Thomson etxeak bereizmen handiko 1,80 metro diagonaleko pantailetan 23na zentimetro diametroko hiru hodiko (oinarrizko kolore bakoitzerako bat) sistema garatu du.
Pisuaren eta tamainaren arazoak ohizko hodietan baino txikiagoak badira ere, formatu handian mugak laster agertzen dira. Horregatik, miniaturazko telebistetan erabilitako kristal likidozko minipantailak oso erakargarriak dira. Izan ere sistema horretako pantailak oso meheak izan bait daitezke (hiru zentimetro lodikoak), irudia puntuz puntu pantailan bertan sortzen delako. Puntu horietako bakoitza, beirazko plaka batean dagoen siliziozko geruza mehean grabatutako transistoreari aginduta pizten edo itzaltzen da. Irudia osatzen duten argi-puntuak, estaltzen dituzten kristal likidoek modulatzen dituzte. Kristal horiek, hain zuzen, zeharkatzen dituen eremu elektrikoaren intentsitatearen arabera egitura molekularra aldatu egiten dute. Aldaketa horren ondorioz kristalaren errefrakzio-indizea aldatzen da, horrela igorritako argia modulatu egiten delarik.
Irudia koloretan osatzeko, argiak kolorezko hiru mikroiragazki zeharkatzen ditu: urdina, berdea eta gorria. Mikroiragazkiak kristal likidoen ondoren era berezian kokaturik daude. Oinarrizko hiru koloreen hirukotea ondoz ondoko hiru transistoreren aurrez aurre dago eta hirukote bakoitzak irudiaren kolorezko puntu bat osatzen du.
Dena den, kristal likidozko pantailak fabrikatzeko zailtasun handiak daude (bestela honez gero batek baino gehiagok merkatua aseta edukiko zukeen) eta bi dira injineruek dituzten oztopo nagusiak: batetik, pantaila hauetan irudien bereizmena ez da ona, eta bestetik, 14 zentimetro baino diagonal handiagoko pantailak ezin dituzte lortu. Mikrotransistore asko ipini behar dira (6.000 transistore zentimetro karratu bakoitzeko), elkarren arteko konexioak ere guztiz ugari dira eta beiraren gaineko siliziozko geruzak oso uniformea izan behar du. Japoniarrek dute kristal likidozko pantailagintzan eskarmenturik handiena, baina diotenez fabrikazioan bi pantailetatik batek zakarrontzira joan behar izaten du akatsak medio.
Injineruek bereizmen handiko telebisioan kristal likidozko pantaila erraldoiak lortu nahi dituzte, baina oraingoz pantaila txikiak bakarrik erabiltzen dituzte, gero irudia berriz pantaila handira proiektatuz.
Bereizmena hobetzearren mikrotransistoreak miniaturizatzea da beste arazo bat, eta badirudi laborategitan emaitza onak lortu dituztela, baina oraindik seriez fabrikatzeko bospasei urte beharko direla kalkulatzen da.
Azken urratsa, irudia proiektatu gabe pantaila erraldoi mehean zuzenean osatzea litzateke. Hori ere lortuko da, noski, baina gutxi gorabehera hamabost urteko epea igaro ondoren. Japoniako Seiko etxeak dena den, 35 zentimetro diagonaleko prototipoa prestatu berria du jadanik.