Teknologiaren akatsak eta istripuak

Iaz istripu ugari eta kaltegarriak gertatu dira goi-mailako teknologian. Sobietarrek Txernobil izan zuten. Istripu horien ondorio kaltegarriak noraino iritsi diren ondo jakiteko, denborak luze pasa beharko du.

Iaz istripu ugari eta kaltegarriak gertatu dira goi-mailako teknologian. Hasieran iparrameriketarrek "Challenger" jaurtigailua galdu zuten; gero, sateliteak propultsatzeko erabiltzen direnetakoen bi kohete, Titan eta Delta izenekoak, lehertu zitzaizkien. Sobietarrek Txernobil izan zuten.

Istripu horien ondorio kaltegarriak noraino iritsi diren ondo jakiteko, denborak luze pasa beharko du. Momentuz, hor daude zazpi hilak, jaurtigailu galeraren kostu ekonomikoak, proiektu espazialaren geldialdia (galaxietako gerra kontutan hartu behar dugu), NASA-ren buruzagi batzuren deskalifikazioa eta abar.

Bestalde, Txernobil-go zentral nuklearraren istripu larriak, berriz ere kolokan jarri ditu energia nuklearraren erabilpen baketsuak. Kasu honetan, nahiz eta zehatz-mehatz asko ez jakin, hilak eta zaurituak ugari izan dira, kalte ekonomikoak oso garrantzitsuak eta (beharbada lehendabiziko aldiz) estatu baten barnean gertatu den istripuaren ondorioak Europako estatu gehienetan nabaritu dira.

Eta panorama ilun hau osatzeko, europarrei "Ariane" jaurtigailua erori egin zaiela esan beharko dugu. Istripu hau dela eta, Ariane proiektu espazialaren hutsak %20raino igo dira.

Dena den, nahiz eta kasu guzti hauek oso aipagarriak izan, "Challenger"-en istripua bereziki telebistaren bitartez zuzen-zuzenean ikusteko aukera izan genuelako, iraultza industriala hasi zenetik istripuak ugari izan direla pentsatu behar da.

Istripuen zerrenda egiten badugu, ia guztien jatorria hiru mota desberdinetan bana daitezkeenaz konturatuko gara:

    diseinua
    fabrikazioa
    erabilpena

1.- Diseinua

Lehen taldean, aparatuaren diseinua gaizki egiteagatik sortutako akatsak ikertzen dira. Batzutan kalkulatzerakoan datuak oker edo errazegi hartzeagatik sortzen dira, eta bestetan posibilitate guztiak kontutan ez edukitzeagatik.

Diseinuak sortutako istripu larrietaz, adibide asko dugu; joan den mendean oraingoan baino ugariago gainera. Trenbidea sortu zenean adibidez, istripu-kasuak eta pertsonen heriotzak maiz gertatzen ziren, trenaren ardatz eta gurpilen hausturagatik bereziki. Joan den mendearen seigarren hamarkadan Britainia Handian urtero 200 pertsona inguru hil ziren "trenari esker". Kasu gehienetan arazoa "materialen nekea" izan zen; pieza dinamikoetan azaltzen zen fenomeno ezezaguna aldi hartan. Teknikoek gurpilak eta ardatzak pieza estatikoak izango balira bezala kalkulatzen zituzten, trenaren higiduragatik materialaren erresistentzia mekanikoa txikiagotuz aldizkako kargak azaltzen zirela kontutan hartu gabe. Ondorioz, pieza horiek puskatu egiten ziren eta behin baino gehiagotan trena bidetik irten egiten zen.

Beste adibide hurbilagoa eta ondorio kaltegarriak izan zituena (hildakoen kopuru eta merkatu-galeragatik bereziki), Britainia Handiko "Comet" hegazkina dugu. 300 froga-ordu airean gainditu ondoren, 1952. urteko maiatzean lehendabiziko aldiz erreakziozko hegazkin komertziala (ordurarte denak militarrak bait ziren), hasi ziren erabiltzen ingelesak. 1954. urtean "Comet" bat Mediterranio itsasora erori zen, nahiz eta lau egun lehenago problemarik gabe kontrol teknikoak gainditu. Beste istripu batzuk ere gertatu zirela eta, arduradunek munduan erabiltzen ari ziren "Comet" hegazkin guztiak erretiratzea erabaki eta ikerketa-komisio bat izendatu zuten.

Ikerketan, ondoko diseinu-akatsa aurkitu zen: hegazkina airean zegoenean leihoen inguruetan tentsio mekanikoen oso kontzentrazio handia azaltzen zen, eta ondorioz, noizbehinka leiho batzuk hegalaldian puskatu egiten ziren. Ikerketa bukatu ondoren, "Comet" eredua erretiratu egin zen eta Britainia Handiaren aeronautika-arloko fama ona nahiko lurperatua gelditu zen. Honi esker Estatu Batuek ez zuten konpetentziarik aurkitu beren hegazkinak Europan zehar saltzeko.

Bukatzeko, Bigarren Mundu-Gerran "Liberty" itsasuntziekin gertatutakoa aipatuko dugu. Iparrameriketarrek garraio-itsasuntzien produkzio-ahalmena igo egin behar zuten Europako aliatuei armak bidaltzeko. Aldi hartan itsasuntzien eraikuntzan xafla metalikoak lotzeko errematxea zen elementu nagusia, baina prozedura honekin denbora asko pasatzen zen untzia uretaratu arte. Hori zela eta, teknikoei beharrezkoa iruditu zitzaien errematxe-sistema baztertu eta beste berri bat erabiltzea.

Sistema hori soldadura izan zen, baina aldaketa honen atzetik ondorio kaltegarriak eta ulertezinak sortu zitzaizkien. Eraikitako 2500 "Liberty" itsasuntzietatik, 145 bi zatitan puskatu ziren (gehienak uretaratzerakoan) eta gutxi gorabehera beste 700 untzietan matxura larriak azaldu ziren. Kasu honetan, diseinua aldatu gabe soldadura erabilita teknikoek ez zituzten beste faktoreak kontutan hartu. Ondoko bi hauek adibidez: lehendabizikoa, soldadurek materiala hauskorragoa bihurtzeko ahalmena izatea, eta bigarrena, prozeduran zehar piezatan hutsune edo akatsak sortzea normala izatea.

Istripu hauek eta antzekoak ikertzearekin, mekanika-arloan adar berri bat garatu da. Atal honi hausturaren mekanika deritzo, eta gaur egun ez da posible egitura metaliko handiak (itsasuntziak, zubiak, hegazkinak eta abar) hausturaren mekanikaren oinarriak diseinu-kalkuluetan kontutan hartu gabe eraikitzea.

2.- Fabrikazioa

Fabrikazioari gagozkiolarik, piezak egiterakoan azaltzen diren akatsak eta erabilitako materialaren kalitaterik eza hartzen ditugu kontutan. Istripu-mota hauek desagerterazteko, lantegietan kalitate-kontrolerako departamentuak daude. Piezak egiteko erosten den edozein material analisatzerakoan, lantegiak egiaztatu egiten du hornitzaileak bidali dion materialak baldintza zehatz batzuk betetzen dituen ala ez. Bestalde, lantegitik bukatuta irteten diren produktuak kontrolatzerakoan, saltzaileak aztertu egiten du ea hauek kalitate minimoa daukaten ala ez. Berak jarritako minimoak betetzen ez badituzte, piezak baztertu egiten dira.

Dena den, nahiz eta hainbeste kontrol gainditu, istripuak eta galera ekonomikoak askotan gertatzen dira. Alde batetik oso zaila bait da dena kontrolatzea, eta bestetik errealitatearen presio ekonomikoak handiak direlako, askotan gaizki egindako piezez edozer gauza egiten da saltzeagatik.

Eroslearen eskubideak defendatzeko, erosketarako bermetasunak daude. Produktu batean fabrikazio-akatsak baldin badaude, erabiltzen hasi eta lehendabiziko mementuetan azalduko dira. Hori dela eta, bermetasunaren bitartez lantegiaren kalitate-kontrolean aurkitu ez diren akatsak konpon daitezke. Beste kasu batzuetan, produktuaren betebehar soziala garrantzitsua denean, funtzionamendu txarraren ondorioak, onartezinak dira; pertsonen bizia arriskutan bait dago. Joan den hamarkadan Bizkaian lurrin-galdara bati gertatutakoa, hasu hauetako adibide bat dugu.

3.- Erabilpena

Produktuak gaizki erabiltzeagatik sortzen diren akatsak ditugu. Nahiz eta piezak ondo diseinatu eta fabrikatu, gero erabiltzerakoan segurtasun-mugak ez dira gainditu behar.

Duela urte batzuk, Espainiako "Los Alfaques"en gertatutakoa honen adibide dugu. Leku hartan tanga-kamioia lehertu egin zen 200 baino gehiago hilaz. Ikerketa egin ondoren, publikoki esan zen kamioia gainkargatuta zegoela.

Beste adibide bat gure hirietan dugu. Askotan herriko jaietan ospakizun bat kaleetan gertatzen denean, jendeak lekua aurkitzeagatik edozer gauza egiten du; autobuseko geltokietako estalpeetara igotzea adibidez. Aterpe horiek hainbesteko karga jasateko ez daudela diseinaturik kontutan hartzen badugu, noizbehinka istripuren bat gertatzea normala da.

Artikulu honetan, istripu guztiak, hiru taldetan banatu ditugu, baina gure eguneroko errealitatean gauzak askoz ere zailagoak dira, eta batzutan istripua ez da gauza bategatik bakarrik gertatzen; akats-kate baten ondorioz baizik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila