Sumendiak eta klima

Leningradon kokaturik dagoen Behatoki Geofisiko Nagusiko zientzilariek, eguzkitiko izpi bakoitzarentzat eguratsak izan duen gardentasunaren datuak metatu eta aztertu dituzte azken ehunkadan.

Aurtengo udan hotza pasa behar ote dugu? Aurtengo negua nolakoa izango ote da? Bada munduan zehar makina bat jende horrelako galderei aurrez erantzuten ahalegintzen denik. Baina gaur-gaurkoz meteorologoen iragarpenak ez dira guztiz fidagarriak. Epe luzera iragartzen direnak batipat; eguraldiak behin baino gehiagotan ustekabeko aldaketak bait ditu.

Dena den, eta guztiz fidagarriak ez izan arren, iragarpen hauek badute ohizko bizimoduan ezinbesteko eragina. Hala nola nekazal uztan, hotzaldiak pairatzeko zentral termikoen prestakuntzan, elurteen eta uholdeen prebentzioan, etab.etan. Beraz, hauek dira fisikoek, biologoek, geografoek eta beste zenbait ikertzailek planetan sortzen diren aldaketa klimatikoei eta bereziki berauek ekoizten dituzten kausei beren denbora eta arreta eskaintzeko arrazoia.

Leningradon kokaturik dagoen Behatoki Geofisiko Nagusiko zientzilariek, eguzkitiko izpi bakoitzarentzat eguratsak izan duen gardentasunaren datuak metatu eta aztertu dituzte azken ehunkadan (1880-1980). Globozunden bidez, sumendietako erupzio-produktuak dauzkaten lekuetan probak egin dira. Sumendien jaulkipenen ondorioz, beste arrazoien artean, aldatzen ari den estratosferaren konposizio kimikoari buruzko informazioa jaso zuten. Eta atera daitekeen ondorioa, bakarra da: sumendiek badute Lurraren kliman eragina, eta eragin nabarmena gainera.

Eguratsaren behe parteak, bi aire-geruza ditu: troposfera (lurra eta ekuatore parean lurretik 16-18 kilometro eta poloen parean 8-10 kilometro arteko airez osatzen den geruza da hau) eta estratosfera (50-55 kilometroraino zabaltzen den aire-geruza). Estratosferaren zati garrantzitsu bat ozono-geruzaz beterik aurkitzen da eta geruza honetan tenperatura aldakorra da; altuera handiagotzen den neurrian tenperatura igo egiten da.

Troposferan aldiz ez; hemen, altuera handiagotu ahala tenperatura jaitsi egiten da. Ozono-geruzak, uhin motzeko eguzki-erradiazio bortitzetatik babesten du planetako geruza; ozonoak edozein bizidunentzat kaltegarria den erradiazio ultramorea xurgatu eta ondoren banatzen duelako gertatzen da hau. Beraz, ozonoaren erradiazio termikoak direla medio, ozonoak berotegi modura jokatzen du, lur-gaineko beroa mantenduz.

Sumendiaren aktibitate-hasierako etapan, bapateko lehertzearen aurretik, gas erako produktu asko jaurtitzen da eguratsera: lurrina, gas karbonikoak eta sulfurosoak, nitrogeno oxidoak... Erupzio-garaian, CO 2 , SO 2 , CH 4 eta eskegita geratzen diren sumendiko hautsen zatiki txikienaz ere asetzen da airea. Gas- eta hauts-hodeia berehala zabaltzen da gainazalera eta troposferan dauden etenetatik estratosferara. Gas sulfurosoa (SO 2 ) sulfuriko-tanta bilakatzen da.

Beraz eta ondoriozta daitekeenez, estratosfera geruza pixkanaka hedatzen eta aireztatzen den aerosolez osatzen da. Jadanik ikerketen bidez erabakita dagoenez, ingurugiro eta erupzio-potentziaren funtzioan hauen isurtze-denbora 0,8 eta 1,5 urte bitartean kokatzen da eta jakin dakigunez, denbora-tarte horretan isurtze horrek badu planetako eskalan giro-erregimena aldatzeko adina ahalmen.

Klima zehazteko garaian, jasan den eguzkitiko erradiazio-kopurua oso kontutan hartzen da. Aerosol estratosferikoaren geruzak gainera, eguzkitiko erradiazioa isladatzen du neurri handi batean. Bestalde, izpi ultramoreak berak xurgatzen ditu. Beraz, estratosferan metaturik dagoen gas- eta hauts-geruza dela medio, Lurreko gainazalera heltzen den eguzkitiko energi kopurua —ohizkoarekin konparatuz— txikiagotu egiten da.

Errauts eta gasen jaulkipena nabarmena denean, hots, kopuru handiz igortzen denean eta erupzioak maiz izaten direnean, hasieran tenperatura igo egiten da: gas eta hautsez osatutako geruzak babesgarri gisa jokatzen du; mantu modura. Ondoren, urteko batezbesteko tenperatura Lurrean jaitsi egiten da, izotz-mantua Ekuatorerantz desplazatuz.

Bestalde klimak, kontinentean ekoizten diren erupzioekin ura dagoen tokietan ekoizten direnekin baino egokiago erreakzionatuko du; zeren eta izotz-zonaren hazkundearen ondorioz, planetaren isladapen-ahalmena handiagotu egiten bait da. Aurrez aipatutako ondorioak berriz, denboran zehar desplaza daitezke. Maiz gertatzen denez, erupzio izenez bereziki ezagutzen den unearen aurretik, kraterreko gas ugarien jaulkipenak izaten dira.

Sumendietako aktibotasunaren pultsazioak izan zitezkeen aintzinako izotz-geruzaren aurrerapen eta atzerapenaren kausa nagusienetako bat.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila