Satitsu arrunta. Gure arbasoen oinordeko txikia

Satitsu arruntaren fitxa teknikoa eta Euskal Herrian duen manaketa-mapa.

Orain dela 80 milioi urte inguru, Kretazikoan hain zuzen, saurio handiak ziren ornodun lehortarren artean nagusi. Baina haiekin batera, edo hobeki esanda, haien atzapar erraldoien artean, gora eta behera, batera eta bestera, bizitzari eutsiz, gaur egun hain hedatu eta dibertsifikatuak diren —garen— ugaztunen arbasoek ziharduten.

Ugaztun goiztiar haiek animalia txikiak ziren, eta zeukaten hortzadura sinpleak adierazten digunez, ordutik hona sortutako ordena modernoagoetan soma daitekeen espezializazio trofikorik ez zuten ageri. Aldiz, haien hortz txiki eta zorrotzek susmarazten dutenez, animalia haiek intsektuz edota bestelako ornogabeez eta sarraskiez elikatzen bide ziren, eta guzti hau dela eta, intsektiboroen ordenean sailkatu dira, gaur egungo triku, sator eta satitsuekin batera.

Satitsuek osatzen duten sorizidoen taldea dugu, intsektiboroen ordenaren baitan, anatomia eta bizimodu goiztiarrarekiko aldaketa gutxien jasan dituena.

Trikuen kasuan, arantzezko babes-estalkiaren garapenak gehigarri ebolutibo nabarmena dakar noski, eta satorrak biltzen dituen talpidoen taldeak ere moldapen bereziak ageri ditu; lurpean industeko gaitasunari dagokionez batipat. Beraz eta antza denez, satitsuek osatzen duten sorizidoen taldea dugu, intsektiboroen ordenaren baitan, anatomia eta bizimodu goiztiarrarekiko aldaketa gutxien jasan dituena, eta ondorioz, animaliatxo bitxi hauek ugaztun plazentalio guztion arbaso izandakoen oinordekoak dira —ondorengoak berriz, guztiok gara noski; baita, Desmond Morris-ek dioen legez, gure garun handiaz hain arro sentitzen garen “tximino bilutsok” ere—.

Satitsuak, gure lehengusu plazentalioak, lurrazaleko intsektuak ehizatuz bizitzeko egoki moldatutako animaliatxo txiki eta lirainak ditugu. Berauek biltzen direneko sorizidoen familia bestalde, ugaztunen arteko talderik zabalenetarikoa dugu espezie-kopuruari dagokionez, eta bestalde, ugaztun txikienak biltzen dira bertan: satitsurik handienak 35 g inguruko pisua besterik ez du, eta satitsu etruriarra berriz (Suncus etruscus), 1-2 g arteko pisua izanik, ugaztun guztietan txikiena da.

Euskal Herrian bizi diren espezieen artean ugarienetakoa satitsu arrunta (Crocidura russula) dugu. Espezie hau tamaina ertaineko satitsua da, bere soinaren luzera 6 eta 9 cm bitartekoa, eta pisua 6-14 g-koa dituelarik. Itxura orokorrari dagokionez, gainerako satitsu gehienen antzerakoa da oso: ile leunez jantzitako larruaren kolorea gris arrea du alde dortsaletik, eta argixeagoa, ia zuriska, sabelaldean. Begiak oso txikiak ditu, ia ikustezinak, eta muturra zorrotza eta mugikorra, bibote luze eta ugariz hornitua. Belarriak ere txikiak ditu oso, baina ez Sorex jeneroko satitsuek dauzkatenak bezain txikiak; satitsu arruntaren kasuan nabarmen kanporatzen baitzaizkio buruko iletzaren artetik.

Beren zentzu zorrotzei esker, satitsuek sekulako gaitasuna dute kanpoko informazioa lortzeko.

Jadanik aipatu denez, satitsua lurrean aurkitzen dituen ornogabeak janez bizi den animalia dugu, eta behar den legez, bere anatomia eta jokamoldeak bizimodu horretarako moldatuak ditu erabat. Horregatik, eta garuna oso txikia duen arren, zentzu-organoekin erlazionaturiko lobuluen garrantzia handia da oso. Izan ere, satitsuek sekulako gaitasuna baitute kanpoko informazioa lortzeko: usaimena eta entzumena ikaragarri zorrotzak dituzte, eta zenbait espezie ultrasoinuak ere entzuteko gai da, saguzarrek egiten duten moduan ekokokapenerako erabiltzen dituztela ere proposatu delarik. Ukimena ere garatua dute oso, bai mutur-aldean, bertako bibote ugariei esker, eta bai hanketan; lurreko dardarez ohartzeko ahalmena baitute.

Zentzu-organoen garapen nabarmen honi esker, satitsuak sekulako ehiztari bikainak ditugu, eta harrapakin ditu intsektuak, zizareak, bare eta marraskiloak, eta beste hainbat ornogabe.

Baina satitsuak hain animalia txikiak izanik, eta beren azalera eta bolumenaren arteko erlazio handia dela eta, homeotermia mantentzea izugarri garestia gertatzen zaie, eta ondorioz sekulako metabolismo-maila altua mantendu behar izaten dute. Horrexegatik, satitsuek jo eta ke aritu behar izaten dute ehizean, beren premia metaboliko handiak ase ahal izateko. Izan ere, satitsu arruntak bere pisua adina ehizaki jan behar izaten baitu egunero bizirik iraun ahal izateko. Horregatik, animalia hauek egun osoa ematen dute ehizean. Hala ere, beren iharduera-maila maximoa ilunabarrez eta egunsentian gertatzen da.

Baina animalia ehiztaria den arren, eta duen tamaina txikia dela eta, beste harrapakari handiagoen jaki ere izaten da satitsua. Hontza zuria (Tyto alba), urubia (Strix aluco), erbinudea (Mustela nivalis) eta katajineta (Genetta genetta) ditu etsairik latzenak. Aldizka azeria (Vulpes vulpes), sugegorria (Vipera sp.), eta basakatua (Felis silvestris) nahiz etxe-katua (Felis catus) ere saiatzen dira satitsua sabeleratzen, baina hauei ez zaie hain erraza gertatzen. Izan ere satitsu arrunta, beste hainbat satitsu bezala, listu-guruin pozoitsuz hornituta baitago, eta ondorioz bere hozkada pozoitsua baita.

Begiak oso txikiak ditu, ia ikustezinak, eta muturra zorrotza eta mugikorra, bibote luze eta ugariz hornitua.

Pozoi hau bere ehizaki diren ornogabeak akabatzeko erabiltzen du gehienetan, baina arriskuan baldin bada, defentsabide modura ere erabil dezake; eta bere eragina handia ez den arren, aski izan daiteke zenbait etsai etsiarazteko. Bestalde, isatsaren ondoan dituen guruinetan, lurraldea markatzeko erabiltzen duen beste substantzia usaintsu bat ekoizten du, eta hau ere defentsabide gisara erabiltzen du hainbat harrapakariren erasoari aurre egiteko. Sistema hauek direla eta, azeriak edo katuak sarritan hiltzen du satitsua, baina ez da jatera iristen, bere usain edo zapore txarra dela eta. Sugegorriak ere egiten du saiorik, baina satitsuak aurre egiten dio, eta baita amor emanarazi ere.

Nolanahi ere, sistema hauek ez dira beti baliagarri gertatzen eta satitsuak ehizaki arruntak dira gautxorientzat. Ehiztari izateaz gain ehizaki ere badira, eta ondorioz, beren hilkortasun-tasa handia da. Gainera, eta nolabait esatearren, satitsuak abiada handian bizi diren animaliak ditugu, bai beren metabolismo azkarragatik, eta baita duten biziraupen eskasagatik ere; normalean ez baitira bi negu baino gehiago egitera iristen. Eta honelako bizimodu azkarrak ugaltzeko ahalmen handia eskatzen du espeziearen jarraipena bermatzeko.

Satitsuaren ugal garaia martxoan hasi eta azaroa arte luzatzen da, eta epe horretan eme bakoitzak bi, hiru edo lau kumaldi izan ditzake, saio bakoitzean 3-6 kumez erditzen delarik. Kontuak erraz eginez, satitsu eme bakoitzak urtean 6tik 24 kumeraino mundura ditzake. Hauen hilkortasun-tasa ere handia izan bide da ziurrenik, baina satitsuak jaio eta hilabete gutxira ugaltzeko gai direla kontuan izanik, populazio desberdinek ez dute arazo handiegirik aurrera egiteko.

Satitsua lurrean aurkitzen dituen ornogabeak janez bizi den animalia dugu, eta behar den legez, bere anatomia eta jokamoldeak bizimodu horretarako moldatuak ditu erabat.

Satitsuak landare belarkaren, sastraken edota harrien azpian egiten du bere habia. Hau beti ere belarrez eraikitako esfera trinkoa izaten da, eta bertara sartzeko bidea albo batean egindako zulo txikia izaten da. Ernaldia 20 egun ingurukoa izaten da, eta epe horren buruan jaiotzen diren kumetxoak bilutsik eta itsu munduratzen dira. Jaio eta lehen 25 egunetan, kume gazteak amarekin batera ibiliko dira gora eta behera, ehizean eta gainerako lanetan ikasten. Lehen egunetan familia osoa batera eta errenkadan ibiltzen da, ama aurrean, eta kumeak atzetik, bakoitzak aurrekoaren isatsari hortzez eusten diolarik. Hilabete barru kume bakoitzak bere bideari ekingo dio.

Animaliaren bizilekuari dagokionez, satitsu arruntak sekulako malgutasuna du, eta Euskal Herri osoan aurki genezakeen animalia dugu zalantzarik gabe. Nolanahi ere, satitsua ez da oso basozalea, eta bizitzeko nahiago ditu belardiak, baratzak, soroak eta larreak. Klimari dagokionez ere, ez du baldintza zorrotzegirik eskatzen, eta kostaldeko eremu heze eta epeletatik hasi, eta erriberako estepa lehorretaraino ere egoki moldatzen dela esan daiteke, nahiz eta altitude garaietarako batere joerarik ez duen eta, ondorioz, mila metrotik gorako eremuetan askoz ere gutxiago dagoen.

Espeziearen banaketa geografikoari dagokionez, satitsu arrunta Europa kontinental osoan aurki genezake, Holandatik hasi eta Gibraltarreraino, eta ekialderantz berriz, Polonia, Hungaria eta Greziaraino, Ipar Afrikan, Israelen eta Mediterranioko irletan ere bizi delarik.

FITXA TEKNIKOA: SATITSU ARRUNTAESPEZIEA: Crocidura russula.

FAMILIA: Sorizidoak.

ORDENA: Intsektiboroak.

KLASEA: Ugaztunak.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila