Sariak helduaroan dira bete-betean

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Alor askotako gaiak izan dituzte mintzagai XI. edizio honetara aurkeztutako lanek. Idazle gazteek idatzitakoak dira asko, eta Euskal Herrian bertan egindako ikerketen inguruko artikuluak indarra hartzen ari dira. Nabari da euskaraz egindako dibulgazioa sasoiko dagoela.
Argazkipress

CAF-Elhuyar sarien aurtengo edizioa ‘Gure alde basatian barna’ izeneko lanak irabazi du. Artikulu horren egilea Begoña Arrate biologoa da. Artikuluak izenburu erakargarria du, zalantzarik gabe, eta landutako gaia ere halakoxea da: ugalketa. Nolabait esateko, ugalketari begiratuta hainbat animalia-motak dituzten antzekotasunak eta berezitasunak azaltzen ditu.

Epaimahaiko kideek “gaia interesgarria eta aurkezpena berritzailea” izatea baloratu dute. Izan ere, artikuluaren egitura ez da ohikoa, ez da lineala: testu nagusia hainbat adarreko ibilbide baten gisa aurkeztu du eta, irakurleak, nahi duen moduan osa dezake ibilbide hori.

Saria banatzeko orduan, lore asko jaso ditu artikuluak: “gaiak erakarri egiten zaitu lehen unetik bertatik. Ez da harritzekoa, gure jokabidearen aparteko garrantzia duen barne-indarretako bat zertan oinarritzen den eta zelan mugiarazten gaituen erakusten baitu lan honek.”

Koldo Nuñezek epaimahaikideen izenean hitz egin zuen sarien banaketa-ekitaldian.
G. Roa

Bigarren saria biologo-hirukote batek jaso du: Jokin Lapaza, Manuel Mendez eta Eneko Salaberria. Artikuluaren izenburua ‘Kakalardoak, basoko berriemaileak’ da, eta izenak berak adierazten duen bezala, kakalardoa du oinarri, basoaren egoeraren adierazle gisa erabil daitezkeen kakalardo saproxilikoak, hain zuzen ere. Kakalardo horiek egur hilaren beharra dute, eta, ondorioz, egur hila edo gaixoa kuantifikatzeko erabiltzen dira. Epaimahaiaren ustez, “gaurkotasunaz aparte, eduki zientifikoaren kalitatea eta idazkeraren estilo sinple eta ulergarria” nabarmendu behar dira.

Hirugarren saria, berriz, Ibon Odriozolarentzat izan da eta artikulua ‘A zer molekula-usaina!’ lanak jaso du. Epaimahaiak, besteak beste, hau esan zuen: “artikulua ondo idatzita dago, didaktikoa da, eta zentzumen misteriotsu hori sakonago ezagutzeko aukera ematen digu”. Horrez gain, nabarmendu zuen usaimena dela “zentzumenen artean enigmatikoena; 2004ko Nobel saria izan da zentzumen honi emandako lehena, hain zuzen, Axel eta Buck-i eman zieten usaimenaren hartzaileei eta usaimen-sistemaren eraketari buruzko ikerketagatik. Artikulu honetan, molekulek euren eduki kimikoaren arabera eragiten dituzten sentsazio erakargarri zein nazkagarrietan erreparatu du egileak”.

Eta, urtero bezala, 25 urtetik beherako idazleen artean sari berezi bat ere banatu zen. Idazle gazte askok aurkeztu zituzten sariketara beren lanak, eta horien artean egokien “Ozono-geruzaren zuloa” lanari iritzi dio epaimahaiak. Lan horren idazlea Mikel Gorrotxategi da, ingeniaritza-ikaslea. Gazte horrek ozono-geruzaren inguruko hamaika kontu azaltzen ditu bere artikuluan. Epaimahaiak aipatu bezala, “gaurkotasunez betetako artikulu ederra idatzi du idazle gazte honek. Bete-betean asmatu du gaia aukeratzean, eta artikulu moderno, erakargarri eta koloretsua idatzi du.”

Dibulgazioaren artisauak

N. Rementeria

“Inork ez du lan hau irakasten, eta, etorkizunera begira, komunikabideetan hartzen ari den tokia ikusita, bada garaia gure unibertsitate eta ikastegietako diziplina bihurtzeko. Noizko, beraz, zientziaren dibulgazioa, hots, gizarteari zientzia hitz xehetan azalduko dioten profesionalak prestatzeko ikasketa berezituak? Titulazio horiek ezartzen ez diren bitartean, artisauen lana dugu zientziaren dibulgazioa egiten duten artikuluak. Artisautzak daukan xarma eta guzti, noski.”

Aldarrikapen horrekin hasi zuen Koldo Nuñezek, epaimahaiko kideen izenean, CAF-Elhuyar sarien banaketa-ekitaldiko hitzaldia. Aurtengo edizioa XI.a izan da, eta 25 lan aurkeztu dira, maila onekoak guztiak ere, zientziaren dibulgazioa euskaraz indartsu dagoen seinale. Besteak beste, lanen kalitate ona nabarmendu dute epaimahaiko kideek, eta bereziki eskertu nahi izan zuten Euskal Herrian egindako ikerketak dibulgazio-mailara ekartzeko ahalegina; izan ere, deialdi honetan areagotu egin dira Euskal Herrian bertan egindako ikerketa dibulgatu nahi izan duten artikuluak. Gainera, aurkeztutako lan horiek zientziaren esparru gehienak jorratu dituzte: fisika, kimika, biologia, informatika, filosofia, medikuntza... Eta, esan beharra dago, aurten gizarte-zientzietako artikuluen kopurua areagotu egin da. Datorren urtean gehiago.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila